Kaixo lagunok. Berriz ere hementxe nauzue, zuen hileroko dosi katodikoari gogotsu heltzeko. Ez dira gutxi zuengana azken aldian ekartzen ari naizen gomendioak, eta zaila badirudi ere, aurkitzen dudan guztira iristea gero eta zailagoa egiten zait. Hala ere, apirilera begira jarri aurretik, aipatu nahiko nizkizuke aurreko hileko artikuluan airean geratu zitzaizkidan gomendio pare bat, ederki gozatu ditut eta.
Countrymen, Norvegiatik iritsitako proposamena dugu horietako bat, Filmin plataforman estreinatua. Hiritik ihesi (bakoitza bere arrazoi ezberdinekin), landa mundura doazen lau gizon xelebrek eta neskato gazte batek, baserri batean izango dituzten bizipen eta zailtasunek sortuko duten bizimodu berria kontatzen duen istorioa da. Traman asko sartu gabe, iradoki nahi dizuedan harribitxia.
Bestalde, This is going to hurt (Esto va a doler, gaztelaniazko bertsioan) daukagu. Movistar+ zerbitzuak hilaren erdialdera estreinatu zuen, BBC katearen telesail paregabe hau. Egia esan behar badizuet, hau ikusteko arrazoi bakarra Ben Whishaw protagonistarekiko dudan mirespena izan zen, baina hori laster bilakatu zen telesail honekiko lilura. Adam Kay mediku eta gidoilariaren memorietan oinarritutako proiektua da, eta bere laneko egunkariak erabiliz sortutako istorioa kontatzen du. Umore beltzaz eta ironiaz lagunduta, medikuntzaren mundua desmitifikatzera datorkigu; modu kritiko batean, bertan gertatzen diren jardunaldi ezinezkoak, txanda amaigabeak, bizitza pribatuaren desorekak edota momentu surrealistak kontatzen dizkigu telesailak. Benetan zoragarria.
Ez dut askoz ere gehiago luzatu nahi, baina La unidad (Movistar+) eta Minx (HboMax) ere airean geratu ziren. Kuxkuxero bakanen bati gogoa pizten bazaio, hortxe uzten ditut izen horiek ere.
Hilabete potentea, apirila ere
Eta orain, zer? Ba apirilerako dugun matraka osoa, hilabete potentea datorkigu eta.
Bueltan direnen artean, nabarmendu beharreko telesail bikain asko ditugu berriz ere gurean, hilabete honetan: Elite (Netflixen, bosgarren denboraldiarekin), Russian Doll (Netflix, bigarren denboraldia), The Flight Attendant (HboMax, bigarren denboraldia), Barry (HboMax, hirugarren denboraldia) edota Undone hipnotikoa (Amazon Prime Video, bigarren denboraldia).
Hala ere, letra larriz idatzi beharreko data bat badaukagu denok, apirilaren 19a. Egun horretan estreinatuko baita, AMC katean (gurean Movistar+ zerbitzuan), Better Call Saul maisulanaren seigarren eta azken denboraldiaren lehen zatia. Gaur egungo telesailen panoramako podiumean dagoen fikzioa. Gutxi gehiago esan daiteke telesail honi buruz, denok ezagutzen ez dugunik. Eta hala balitz, ez dakit zein planetatan bizi izan zaren azken urteetan, baina badaukazu telesail honekin eta Breaking Bad handiarekin gozatzeko hainbat eta hainbat atal. You’re welcome!
Estreinaldiei begira, berriz, izen handiz beteriko proiektu berriak iritsiko zaizkigu. Aktore, zuzendari eta sortzaile aski ezagunez beteriko bost proposamen luzatu nahiko nizkizueke, beraien izenak bertan egoteak erakarri egiten baitu kasu askotan. Ikusiko dugu, dena den, aurreikuspenak betetzen diren.
Gary Oldman eta Kristin Scott Thomas aktore ezagunen Slow Horses izango dugu lehen proposamena, Apple TV+ plataforman estreinatuko dena, apirilaren 1ean. Britainia Handiko MI5 espioitza zerbitzuaren munduan gertatzen den thriller klasiko horietakoa dugu, sei atalez osatua.
Michael Mann zuzendariaren eskutik, berriz, Tokyo Vice datorkigu. Jake Adelstein kazetariak, 90garren hamarkadan, Tokio hiriko poliziaren eta Yakuzaren munduan eginiko ikerketan oinarritzen da telesaila, bere istorioa libreki sortzeko. J.T. Rogers da dramagilea, eta Michael Mann produktore nagusia eta pilotoaren burua; Miami Vice, Collateral, Ali, Heat edo Public Enemies filmetako zuzendaria, hain justu. Apirilaren 8an estreinatuko da, HboMax zerbitzuan.
Hilaren 15ean iritsiko zaigu Amazon Prime Videoren hileko apustu handia: Josh Brolin aktorea buru duen Outer Range. Thrillerra eta westerna nahasten dituen kontakizuna, Wyoming estatuan kokatutakoa. Bertan, ikusiko ditugu bizilagun diren bi familiaren arteko liskarrak ekarriko dituen ondorioak. Trailerra ikusi ostean, gehiago ere ez ote den izango sumatzen dut nik, aura mistiko batez inguratuta aurkitu dut eta. Niri, behintzat, jakin-mina piztu zait.
Starsplay plataformak, aldiz, Gaslit telesaila aurkeztuko digu apirilaren 24an, Watergate kasu famatuaren inguruan sortutako fikzioa. Estatu Batuetako Nixon presidentea dimititzera eraman zuen eskandalu handiaren barruan egon ziren pertsonaia ezberdinei, begirada bat eman nahi dien produkzioa dugu hau. Julia Roberts eta Sean Penn ezagunak ditugu antzezle-zerrendaren buru.
Eta azkenik, nik gehien espero dudan estreinaldia. Hilabetearen amaieran iritsiko zaigu, HboMax plataformara, David Simon handiaren We own this city (La ciudad es nuestra, gaztelaniazko bertsioan). Sei atalez osatutako telesail labur honetan, Baltimore hiriko poliziaren unitate berezi batean gertatutako ustelkeria kasua azaleratzen da. Justin Fenton kazetariak eginiko ikerketan dago oinarritua. Berak argitaratutako liburuan, polizia departamentuaren barruan gertatu zen kasu errealaren nondik norakoak kontatzen zituen. Zer esan, gainera, The Wire, Treme, Generation Kill, Show Me a Hero, The Deuce eta The Plot Against America bikainen sortzaileak telesail berri bat ekartzen digunean. Gauza bakarra, akaso: IKUSI BEHARREKOA izango dela, besterik ez.