Berriz gaude bueltan, hilabetea amaitzear dagoen honetan telesailen munduari begirada txiki bat emateko. Otsaila mugitu xamarra izan bada ere, martxoak telesail handien itzulera ekarriko digu, eta nahitaezkoa izango zaigu horiei guztiei errepasoa egitea. Era berean, hasi berri diren proiektu pare bat aipatzea ere derrigorrezkoa iruditzen zait, sorpresa polita izan baita horiek ikusten hastea.
Lehenik eta behin, aurreko artikuluan gomendatu nituen telesailetatik, Somebody Somewhere (Hbo) palestraratu nahiko nuke berriz ere, kapituluz kapitulu gero eta gehiago gustatzen ari zaidan telesaila. Bere tamaina apalean, guztiz txundituta naukaten pertsonaiek eta aktoreek, gurea bezalako egunerokotasunean aurkitzen den mamiak eta hori jorratzeko moduak, astelehenak alaitzen dizkidate. Protagonistatzat jo genitzakeen bi lagunen harremana, beraien bizipenak, familia arazoak… modu sinplean baina ederrean tratatzen dira, gauza onak nahiz txarrak modu gardenean, zintzoki ikusteko aukera dugularik. Ikusteko aukera baduzue, ez zarete damutuko.
Itzulerekin sartuta, bada dexente aipatzeko. Peaky Blinders igande honetan bertan bueltan izango da bere seigarren eta azken denboraldiarekin, gerora, pelikula batekin amaituz. Hala ere, esan beharra dago Ingalaterran estreinatuko dela, eta, gurean, Netflixek ez du estreinaldirako data zehatzik jarri.
Aurreko denboraldiarekin gertatu zenaren antzera, BBC kateak atal guztiak emititu ostean gertatuko da; beraz, pazientzia izan, honek hilabete pasatxo iraungo du eta.
Bestalde, L’amica Geniale (Hbo), Elena Ferrante idazlearen liburu bikainetan oinarritutako serie paregabea, hirugarren denboraldia martxoaren lehenean estreinatuko da, egun berean Better Things komedia ederraren azken denboraldia bezala, Hulu plataforman (gurean, Disney zerbitzuaren barruan).
Outlander beteranoa ere StarPlayz zerbitzura bueltatuko da hilabetearen 7an, eta Atlanta, Donald Glover polifazetikoaren serie bikaina, bueltan izango da ere bere hirugarren tandarekin, lau urte luzeren ostean. Bazen garaia!
Proiektu berriei begira, izen gutxi batzuk utziko dizkizuet atentu egon zaitezten. Amanda Seyfried aktore ezagunak Dropout estreinatuko du martxoaren 4an. Samuel L. Jackson-ek, aldiz, The Last Days Of Ptolemy Grey, hilaren 11n. Gurera laister iristear dagoen Paramount+ zerbitzuak (bai, beste plataforma bat gehiago), bere superprodukzioa den Halo, izen bereko bideojokoaren adaptazioa, hilaren 25ean aireratuko du modu berean. Beraz, badugu denetarik pixka bat.
Dena den, batik bat, bi telesailei eutsi nahiko nieke gaurko tartean. Lehena, State Of The Union (Hbo), Stephen Frears zuzendariak eta Nick Hornby idazleak 2019an ekarri ziguten telesail labur txundigarria. Bertan, terapiara zijoan bikote batek, terapiaren aurretik edo ostean hartzen zuten tragoan izaten zuten solasean sartzen gintuen, 10 bat minutuko ataletan, bikotearen arazo eta argudioetan murgilduz. Otsailaren 15ean, estreinatu zen bigarren denboraldirako, berriz, 30 urtez ezkondutako bikotearen elkarrizketetan sartuko gaituzte, hainbat urteren ostean, banandu ala ez pentsatzen hasi diren bikotearen joan etorrietan. Biziki gomendatzen dut telesail txiki hori, azkar batean ikusten diren atal mamitsuak, gidoi lan zoragarria, zuzendaritza xume baina eraginkorra eta antzezlan ederrak dituen bitxia.
Azkenik, Dan Ericksonek sortutako eta Ben Stiller komediagileak zuzenduriko Severance, Apple TV+ zerbitzuan estreinatu den perla berria, hurrengo asteetan gero eta gehiago aipatzen joango den telesail handia. Mediku-teknologian dagoen enpresa batek beren langileei egiten dizkieten prozedurek, beraien bizia bitan banatzen du: lanetik at daudenean, ez dute lanean egiten dutenaren inongo oroitzapenik, eta lanean daudenean, aldiz, ez dute beraien bizitza pertsonala gogoratzen. Premisa horrekin sartuko gara sorpresa dexente izango dituen bidai zirraragarrian, edo nik, behintzat, hala uste dut lehenengo hiru atalak ikusi ostean. Pantailara lotuta mantendu nauten hiru atal boteretsu izan dira, azken detaileraino kontrolatua dagoen narratiba bikainean. Adam Scott aktoreak egiten duen lana aipatzekoa da, baina beste aktoreak ere ez dira atzean geratzen. Gainera, Patricia Arquette, John Turturro eta Cristopher Walken hirukotea ere bertan ikusteak, behar nuen gogoa piztu zidan. Umore pintzelada bakan batzuekin alaitutako thriller orwelliano potentea, kultura korporatiboa satirizatu nahi duena. Agian, ez ikusteko errezenetakoa, baina bai merezi duen horietakoa.