'Pam&Tommy'k, argitaratutako bideo erotiko batek izan zuen eragina azaltzen du

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2022ko ots. 5a, 00:00

'Pam&Tommy' telesaila gomendagarria da.

Urtarrilan zehar telesail asko eta bikainak estreinatu eta bueltatu dira. Otsailean ere ekoizpen aipagarri asko daude.  90garren hamarkadako aktore eta musika izarraren erlazioak istorio ikusgarri bat ekarri digu Disney+ plataforman.

Hasi berri dugun urtean, askori urtarrila luzea joan bazaigu ere, aurrera doa poliki poliki, gabonak atzean utzita. Bada askorentzat denboraldi petral xamarra. Kale giroan lasaitasuna dugu jabe, mugimendu gutxi ikusten dugu. Mundu katodikoa aldiz, gori gorian dugu, urte berriak ekarri dizkigun hainbat telesail haundi ikusita.

Euphoria (HBOMax) telesail bikainaren itzulera izan genuen, urtarrilaren hasieran, bi urte luzeren ostean. Batzuk maitatu eta beste batzuk gorrotatzen duten produkzioa bada ere, ezinezkoa da hau plazara ez ekartzea, bere estilo narratibo-bisualak eta bere aktoreek eginiko lan paregabea ez aipatzea hanka, sartze galanta iruditzen zait eta. 

Plataforma berdineko Peacemaker edo Somebody Somewhere ere ekarri nahi nituzke zuengana. Lehenaren umore ganberroak, James Gunn zuzendari ezagunaren sinadura du, famatua egin duen estiloan eginiko lana. Bigarrenak aldiz, Brigdet Everett komediagilea du buru. Lehen ataletik ikusten diren intimotasuna, heriotzak dakarren galera eta krisi existentzialak jorratzeko duen moduak, txundituta utzi nau. Behetik gora doan telesail paregabe hau inon aipatu ez izanak, nahitaezkoa egin du zuei denori ekartzea. Bere lehen ataleko 27 minutuak soberan ditu gurean bere inpronta berezia markatzeko eta.

 

'El Marginal'-en laugarren denboraldia estreinatu da

Netfix bere aldetik ere ez da atzean geratu urtarrilean. Ricky Gervais komediantearen After Life telesail bikainaren hirugarren eta azken denboraldia estreinatu du. James Wan, beldurrezko pelikulen zuzendari ezagunaren Archive 81 produkzioa ere iritsi zaigu, generoaren maitaleentzako aproposa. El Marginal telesail argentinarraren laugarren denboraldia ere ekarri digute. Ezagutzen ez duenarentzat aitzakia ederra honi begirada bat emateko, Hego Ameriketatik azken urteetan etorritako lan potenteenetako bat dugu telesail hau. 

Eta noski ezin ahaztu Ozark telesail haundia. Bere laugarren eta azken denboraldiarekin bueltatu zen hilaren 21ean. Hirugarrenaren amaierak utzitako puntu altuan bueltatu da zazpi atalez osatutako lehen zatia. Modu eraginkorrean iritsi zaigu eta falta diren beste zazpi atalen gogoz utzi gaitu. Ikusiko dugu noiz eta nola amaitzen den istorio adiktibo hau bere azken traka haundiarekin.

Hilabeteko estreinu guztiak aipatzea ezinezkoa da. Hala ere Movistar+ plataformak estreinatutako The Responder ekarri nahiko nuke. Martin Freeman aktore famatuaren BBC kateko azken lana da. Gaueko bizitzan murgilduta dagoen Liverpool hiriko polizia baten eta bere lankide berriaren tirabiran sartuko gaitu telesailak. Ilun argitasunak, anbiguotasunak, kaleko legearen zitaltasuna… Gizatasunaren gorabeherak modu frenetiko batean jorratzen dakien thrillerra. Antzezlan magnetikoekin eta ohikoa den BBC katearen kalitate sinadurarekin.

 

Eta otsailean sartu berri gaudela zer? 

Euskal Herrian, Irabazi arte iritsiko zaigu otsailaren 11n. Kostata baina ere telesail berri batekin datorkigu ETB1. Gazte jendeari bideratutako produkzioa bada ere, gogoz hartzen dugu bertako telesail berri baten hasiera. Eskatu geniezaioke, akaso, 2020 urtean egin zuen antzera, Altsasu, Hondar ahoak edota Alardea bezelako telesail ederren tankerakoei berriz eusteko? Uste dut askok eskertuko genukeela berriro ere honelako bidea jorratzearen ahalegin txiki bat. Airean utziko dugu galdera, ea erantzunik baduen.

Dena den, hilabete eroa izango dugu beste plataforma eta kateetan ere. Hainbat eta hainbat estreinu eta itzulera daude: This is Us, Murderville, L’amica geniale, Raised by Wolves, Inventing Anna, This is Going to Hurt, Bell-Air, Borgen, State of the Union, The Marvelous Ms. Maisel, Severance, Vikings: Valhalla, Killing Eve, Better Things, Super Pumped, La edad de la ira

Lista amaigabe honetan azkeneko gomendio bat. Hulu kate estatu batuarrak dakarkigun Pam & Tommy telesail laburra. Gurean Disney+ zerbitzuan ikusgai dago, Pamela Anderson aktore eta 90garren hamarkadako sex-symbol eta Tommy Lee musika izarraren erlazioaren tirabirak kontatzen ditu telesail erakargarri honek. Hauek grabatutako film erotiko pribatu bat interneten azaldu zeneko iskanbila momentua kontatzen du.

Gertakari honen morboan zentratu ordez, nola eta zer ekarri zuen film honen kaleratzeak azaldu nahi du. Istorio ikusgarria da. Ekarritako ondorio eta kalteak erakusten ditu. Modu askean bada ere, gorputzen sexualizazioa eta onespena kritikatzeko erabilitako erreminta, mito erotikotzat jotako aktoreak jasan behar izan zuen eraso mediatikoaren kritika bihurtu nahi du. Epai mediatiko eta sozialaren bidegabekeria aintzat hartu eta hausnarketa bat ekartzen du. 

Azpimarratu behar da bikote protagonistak, Lily Jamesek eta Sebastian Stanek, izugarrizko lana egiten dutela, karakterizazio izugarria dela medio. Beraien izenak aurtengo sari zerrendetan izango ditugu. Dena den, aipatzekoa iruditzen zait, Nick Offerman, Taylor Schilling eta Seth Rogen aktoreek bertan egiten duten lana ere, guztiz borobiltzen dute, hilabeteko estreinu haunditzat hartu genezakeen telesail hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!