Telesailetan aditua

'The Underground Railroad' da 2021eko nire telesail gustokoena

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2021ko abe. 18a, 00:00

'The Underground Railroad' telesaila.

Askok galdetzen didate zein izan den aurtengo telesail kuttunena edo zein izan den estreinurik indartsuena eta aurtengo nire 50 telesail gustokoen zerrenda egin dut. Bigarren postuan 'For All Mankind' dago eta 'Hacks' komediak ixten du nire podiuma hirugarren postuan. Zerrenda osoa Kronikaren webgunean egongo da ikusgai.

Urtea amaitzear gauden honetan, atzera begirada bat eman nahi izaten diot denboraldi honetan izan ditugun telesail berrien estreinu eta itzulerei. Askotan, azken hilabeteetan denon ahotan izan diren produkzioak berreskuratzen ditugu lagun artean solasean gaudenean edota urtean zehar oihartzun haundia izan dituzten horiek gomendatzea gustatzen zaigu danoi. Horregatik, gaur egun dagoen eskaintza ikaragarria ikusirik, sailkapen txiki bat zuengana ekartzea legezko keinua dela iruditzen zait. Askok galdetzen didate zein den gustokoen izan dudan azken telesaila, zein den nire kuttunena edota zein den ikusi dudan estreinu indartsuena. 


Sumatuko duzuen bezala, ez naiz informazioz beteriko robot inteligentea. Askotan, begirada bat bota behar izaten diot nire artxibo eta zerrendei horrelako gomendioak egiterako orduan. Ideia bat egin dezazuen, nik dudan telesail agenda birtualaren arabera momentu honetan, martxan diren 368 telesail jarraitzen ditut. 


Urte guztian zehar bananduak badaude ere, imaginatuko duzue zer nolakoa izaten den nere asterokoa hauei jaramon egin eta iristen ari zaizkigun edo aurkitzen ditudan berriak ere ikusteko. Egia aitortu behar badizuet, batzuetan erotzeko modukoa izaten den egutegiarekin aurkitzen naiz, nik berak ez dakidala zer eta noiz ikusi.


Gauzak honela, nire burua adi(k)tutzat dudanez eta zuetako batzuei bilaketa lana erraztearren, aurten estreinatu edota etorri zaizkigun NIRE telesail gustokoenen zerrenda ekartzea erabaki dut. Horrelako sailkapenak egiterakoan, beharrezkoa da aipatzea nire iritzi pertsonaletan oinarritutako zerrenda dela. Ni ez naiz egi osoaren jabe eta askotan gertatuko da gustoko dudan edozer beste bati ez gustatzea, edo irizpide ezberdinak izatea istorio bat baloratzerako orduan. Dena den, erabili ezazue ekarritako zerrenda hau, telesail berriak aurkitzeko eta bakoitzak, nahi duen mailan, erabili dezala erreferentzi puntu bezela bere sailkapen propioa egiteko.

 

'www.kronika.eus' web orrian ikusi daiteke zerrenda osoa
Esan zerrenda luze xamarra atera zaidala, 50ekoa, kanpoan geratu diren beste hainbat telesail ere kontuan izanik (aurretiazkoan 87 zeuden). Hauek denak aipatzea amaigabea izango litzake, beraz, zein kateetan edo plataformatan eta zein denboraldia izan den ikusgai aurten, www.kronika.eus webgunean dago eskuragarri.


Esan arlo guztietako telesailak daudela bertan. Drama, komedia, animazioa, zientzia fikzioa, beldurrezko istorioak… telesail luze nahiz laburrak. Esaterako zerrendan aurkitu daitezke dokuserie bat (Exterminate all the Brutes), bideojoko baten adaptazioa den telesail arrakastatsu bat (Arcane) edota audioserietzat jo genezaken beste telesail frantses baten bertsio berria (Calls).


Urtero gertatzen den moduan, HBO zerbitzua dugu nere zerrendako boteretsuena, hala ere, lehen postuak ez dira bereak izan, Ingalaterrako produkzioak modu potentean sartu direlarik zerrendan. 


Era  berean, aurten gurera iritsi badira ere, listatik aparte utzi ditut Small Axe (2020, Movistar+ ikusgai) eta La infamia (Three Girls 2017, Filmin-en ikusgai). Dena den , ez nuen bi hauek aipatu gabe gelditu nahi, biziki gomendatzen ditut eta.

'The Underground Railroad', hamar kapituluz osatutako ezinbesteko telesaila da
Hirugarren postuan, ustekabean harrapatu ninduen eta ederki gozatu dudan Hacks komedia. Momentu kritiko batean dagoen Las Vegaseko komediante heldu batek, momentu zail batean bizi den gidoilari gazte bat ezagutu eta elkarlanean egin beharko duten bidai pertsonala kontatzen duen istorioa. Bestea behar ez duenaren uste osoa duten bi pertsonaiek parean duten ezezagunean aurkituko duten islada eta laguntasuna kontatzen digun telesail gazi gozoa.


Bigarrenean, For All Mankind telesailaren itzulera. Espazioko lehiaren historia alternatiboa kontatzen duen telesaila da. Sobietarrak ilargira lehenak iritsi ostean, honek Estatu Batuekin ekarritako norgehiagokaren ebo­­luzio berria kontatzen diguna, bizi dugunaren errealitatearen alternatiba berria ekarriz.
Azkenik, Barry Jenkins, Moonlight pelikularen zuzendariaren telesaila dugu nire zerrendako buru. The Underground Railroad magnetikoa. Hamar kapituluz osatua, gauza bakarra esan daiteke: ezinbestekoa den telesaila, letra larriz idatzi beharrekoa. 


1800garren urte inguruan kokaturiko istorioa dugu, Estatu Batuetan gertatutako esklabuen hego aldetik iparralderako exodoan du oinarria, askatasunaren bila egin beharreko bidai krudel eta neketsua erakusten diguna. Izen bereko liburuan oinarriturik, Cora Randall esklabuaren bizitzan sartuko gara, bidean izango diren gertaera eta bizipenak gertutik jarraituko ditugularik.

 

Zerrenda. 50 telesail gustokoenak

01 - The Underground Railroad (Amazon Prime Video)
02 - For All Mankind 2 Denboraldia (AppleTV+)
03 - Hacks (HBOMax)
04 - Succession, 3 D. (HBOMax)
05 - Maid (Netflix)
06 - Midnight Mass (Netflix)
07 - The White Lotus (HBOMax)
08 - It’s a Sin (Channel 4/HBOMax)
09 - Mare of Easttown (HBOMax)
10 - Time (BBCOne/Movistar+)
11 - Calls (AppleTV+)
12 - Sex Education, 3 D. (Netflix)
13 - Cardo (Atresplayer Premium/ Antena 3)
14 - Landscapers (HBOMax)
15 - Scenes From a Marriage (HBOMax)
16 - The Morning Show, 2 D. (AppleTV+)
17 - Maricón perdido (TNT/Movistar+)
18 - Exterminate All The Brutes (HBOMax)
19 - Ted Lasso, 2 D. (AppleTV+)
20 - El Reino (Netflix)
21 - We Are Lady Parts (Channel 4/Filmin)
22 - Invasion (AppleTV+)
23 - Arcane (Netflix)
24 - In Treatment (HBOMax)
25 - Genera+ion (HBOMax)
26 - The Mosquito Coast (AppleTV+)
27 - Insecure, 5 D. (HBOMax)
28 - Hierro, 2 D. (Movistar+)
29 - See, 2 D. (AppleTV+)
30 - The Chair (Netflix)
31 - The Nevers (HBOMax)
32 - Evil, 2 D. (CBS/SYFY/Movistar+)
33 - Them (Amazon Prime Video)
34 - Master of None, 3 D. (Netflix)
35 - Mayor of Kingstown (Paramount+)
36 - What We Do In The Shadows 3 D. (FX/HBOMax)
37 - El tiempo que te doy (Netflix)
38 - Breeders, 2 D. (FX/Sky One/HBOMax)
39 - Invincible (Amazon Prime Video)
40 - Reservation Dogs (FX/Hulu/Disney+)
41 - Foundation (AppleTV+)
42 - Inside Job (Netflix)
43 - Vigil (BBCOne/Movistar+)
44 - Venga Juan (HBOMax)
45 - The Good Fight, 5 D. (CBS All Access/Paramount+/Movistar+)
46 - Dickinson, 3 D. (AppleTV+)
47 - Brand New Cherry Flavor (Netflix)
48 - The Handmaids Tale, 4 D. (Hulu/HBOMax)
49 - The Great, 2 D. (Hulu/Amazon Prime Video)
50 - Nine Perfect Strangers (Amazon Prime Video)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!