Gutxi falta zaigu urtearen amaierara iristeko, baina oraindik badugu hilabete oso bat kate eta plataformek dituzten azken kartutxoak gastatu ditzaten. Dena salduta dagoela badirudi ere, azaroa estreinuz betea etorri zaigu.
Netflixek, berriz ere, bere audientzia errekor guztiak hautsi ditu internet bidezko LOL jokoan azaltzen diren pertsonaia batzuetan oinarritzen den Arcane telesail animatuan. Ez da hor soilik geratu animazio mundua; paregabe naiz korrosiboa den Big Mouth ere bueltan dugu bere bosgarren denboraldiarekin.
Beste alorrean, Narcos: Mexico telesailak ere bere azken denboraldia izango dena kaleratu du.
Dokumentalen barruan, Tiger King bikainaren bigarren denboraldiaren estreinua ere azpimarratzekoa deritzot, ezagutzen ez dutenentzat, berebiziko denborapasa barregarria.
Apple TV+ zerbitzuak, bere aldetik, gauza gutxi estreinatu badu ere, betiko moduan erakutsi du kantitateari baino, kalidadeari eman nahi diola garrantzia. Dr. Brain telesail korear esanguratsua; The Shrink Next Door, Paul Rudd eta Will Ferrel aktore ezagunen obra berria; eta Dickinson, abizen bereko poeta handiaren biziaren fikzio modernizatua kontatzen digun telesaila. Hiruak gomendagarriak oso.
Letra handitan idatzita utzi nahi dut Cardo. Atresplayer Premiun (Ordaindu beharrekoa) zerbitzuan ikusteko aukera badago ere, espero dut, hau amaitzean kate irekietako batean edo internetez bada ere, hau publikora irekitzea Atresmediak. Aurtengo espainiar telesail onenen artean postu gorenekoetan dagoen produkzio bikaina da. 30 urte betetzear dagoen neska gazte baten bizitzan sartzen gaituen telesaila. Sexua, drogak eta rock&rollaren bizipen modernoan dagoen Mariari, istripu batek emango dion kolpe indartsuak duen efektua ikusiko dugu. Aukera duenak, ikusi dezala mesedez.
Movistar+ zerbitzuak, berriz, Dexter telesail aski ezagunaren denboraldi berria estreinatu du. Hainbat urteren ostean, bueltan dugu gure psikopata kuttunena. Denboraldi berri hau, independenteki etorri bazaigu ere, konektatua izango dugu aurreko zortzi denboraldietan gertatutakoarekin, hainbat erreferentzi eta konexio izango ditugularik, spoilerretan erori gabe.
Yellojackets berria ere azpimarratzekoa iruditu zait, bi kapitulu soilik ikusi ostean, esangura izango duen lana izango dugula esango nuke. Viven pelikula eta Lost telesailaren lehen denboraldiko kutsuak ikusten dizkiodan produkzio misteriotsua. Ikusiko dugu nola doan aurrera.
Aipatu ere Leticia Dolerak sorturiko Vida Perfecta seriearen bigarren eta azken denboraldia ere iritsi dela zerbitzura.
Amazon Prime Video plataformak, bere urteko estreinu handien artean The Wheel of Time (gurean La rueda del tiempo) ekarri digu. Robert Jordan idazlearen izen bereko saga fantastikoan oinarrituta, bere momentuan Game of Thrones edota Lord of the rings pelikulek (anekdotikoa da ere hurrengo urtean azken honi buruzko telesail bat estreinatuko dutela) izandako arrakastaren bila dabiltza. Fantasia sagak irakurtzen ditugunen aldetik, esango dut ea gai diren behar den maila mantentzeko. Ikusiko dugu…
Bukatzeko, HBOMax. Birsortu berri den zerbitzuak, katalogoa handitzeari aparte, bere estreinu berriei tokia egiten hasi zaie. Kamikaze indartsuarekin hasiko gara. Danimarkatik datorkigun apustu boteretsua. 18 urteko Juliek, bere aita eta anaia abioi istripu batean hil ostean, biziko duen transformazioa kontatzen duen istorio galanta.
Espektroaren beste puntan, The Sex Lives of College Girls aurkitzen da. Unibertsitatean hasi berri diren lau gazteren bizipenak kontatuko dizkigun komedia. Umore erraz eta situazio arketipikoz beteriko proposamena, bere funtsa modu egokian betetzen dakiena. Lasaitasunean eta umoretsu mantenduko gaituen denborapasa ederra.
Eta, azkenerako, gogotsu itxaroten ari naizen estreinua. Bihar, igandea, azaroak 28, datorkigu Venga Juan. Aipatzekoa da, telesail hau beste biren spin off bezela hartu behar dugula. Vota Juan eta Vamos Juan ditugu honen aitzindari. Hiru telesailak konektatuak badaude ere, independentetzat jo ditzakegu. Pertsonaia nagusia Javier Camarak antzeztutako Juan Carrasco politikaria dugu. Veep telesail estatubatuarraren satira politikoari jarraiki eraikitako telesaila badugu ere, badu bere berezitasuna: espainiar politikan oinarritua dagoela. Dena delako Juan hau ez da politikari idealista eta langilea. Denok ezagutzen ditugun politikari ustel, erdi mafioso, tentel eta nazkanteetan isladatzen den pertsonaia dugu. Goi esferetara iristeko egin beharko dituenak ikusteko aukera izan genuen lehenengo bi istorioetan. Eta iristear daukagun hirugarren honetan, behin boterean, eroso bizi den gure protagonistari, ustelkeri usainak aterako zaizkio korrupzio paper batzuen filtrazioa dela medio. Ez dakigu zer gertatuko den, baina gogotsu nago hirugarren aldiz dena delako Juan honekin aurkitzeko. Biziki gozatu ditut aurrekoak, eta ez zait dudarik geratzen berdin izango dela oraingoan ere. Aipatu lehen denboraldiak TNT kateak produzituak badira ere, azken hau HBOmax zerbitzuan estreinatuko dela zuzenean, hirurak bertan ikusteko aukera dugularik.
Eta honekin amaitzen dut gomendioekin. Hurrengo hilabeteko artikulua urteko telesail onenen zerrenda egiteko erabiliko dut; beraz, adi, urtean zehar zerbait pendiente geratu bazaizu, errepasoa egingo diegu-eta gehien gustatu zaizkidan istorioei!