Laburra suertatu zaidan hilabete onen amaieran, bueltan naiz zuekin hileko telesailei errepasoa egiteko. Baina gaurkoan, ezberdina izango da kontua. Bi telesail dira urtean zehar gogoz itxaron izan ditudanak, biak urrian estreinatuak. Beraz, gaurko artikulua izango da, bere osotasunean, bi produkzio paregabe hauek aurkezteko.
MAID (La asistenta)
Stephanie Landek idatzitako memoriak irakurtzeko aukera izan nuen 2020an itxialdian ginen bitartean. Liburu haren izena MAID genuen eta gaur ekarri nahi izan dizuedan telesail labur hau, memoria horien egokitzapena dugu. Liburu aski zorrotz eta krudela zen hura eta Netflixen egin duten bertsioa ere, fidel naiz hunkigarria dugu. Istorioa ihesaldi batekin hasten da. Alex izeneko emakume bat eta bere alaba kotxean daude, abusuz beteriko egoera batetik atera nahian, beraien bizitza ezerezean geratuko delako. Amak duen egoera prekarioa ikusita eta bere alabari bizitza berri bat eman nahian, etxeak garbitzen hasiko da. Gauzak honela, bizimodu berriak jarriko dizkion traba eta aldapa malkartsuak ezagutuko ditugu.
Sistema ustel honen barruan gertatzen den bizimodu gogorra kontatzen digun telesaila dugu hau. Modu gordinean azaltzen da liburuan eta berdina egin dute telesailean ere. Dena den, beti dugu bistan gure pertsonaiak duen erresilientzia, bizitzari aurre egiteko duen modua, pausoz pauso zailtasunak ahal bezala gaindituz.
Aipatzekoa da Margaret Qualley aktoreak eginiko lan bikaina. Egia da, liburuan dugun materiala ikusita, pertsonaiaren lanketa egina dagoela, baina Qualleyk egiten duen antzezlana paregabea iruditu zait. Margareten barneraketa lanean ikusten den pertsonaiaren matizazioa eta naturaltasuna sekulakoak iruditu zaizkit, borobil aritu dela esango nuke. Ez bera bakarrik, bertan ikusten ditugun beste hainbat pertsonaia ere, era ezin hobean jorratuta daude. Inpronta galanta ematen diote produkziori, bere bikote ohiaren papera egiten duen Nick Robinsonek guregan sortzen dituen gorroto eta enpatia arteko gatazkek, edo Alexen gurasoen paperak egiten dituzten Billy Burke eta Andy MacDowellek.
Egungo errealitate sozioekonomiko eta legal estatubatuarra modu zorrotzean gaitzetsi nahi duen telesail bikaina, beti ere prisma pertsonaletik begiratuta. Hamar kapitulu potentez osaturikoa, Netflixen dago ikusgai urriaren 1etik.
SUCCESSION
Bi urte luze pasa dira gaur egun dagoen telesail onenaren bigarren denboraldia bukatu zenetik. Ordutik hona, bide luzea egin duen telesaila. Lehenengo denboraldia estreinatu zenean, gutxi batzuek aipatzen genuen, eta baita goraipatu ere, ikusi berri genuen perla berria.
Pixkanaka ikusleak erakarri zituen produkzio makiabelikoa genuen hau. Esan behar dizuet zaila dela, hirugarren denboraldian gauden honetan, spoilerrik gabe hauei buruz hitz egitea, baina ezagutzen ez duzuenontzat, saiakera egingo dut.
Entretenimendu eta bidaien munduan dabilen konglomeratu erraldoiko Roy familiaren egunerokoa tratatzen duen telesaila dugu hau. Logan Royk, familiako eta enpresako buru den aitak, erretiratzeko intentzioa erakusten duen momentuan, familian naiz lanean gertatuko den gerra ezkutua erakutsiko digu telesailak. Lehen aipatutako intriga makiabelikoak, Shakespeareren Lear Erregea edota Hamlet nobela tragikoen printzak, komedia beltzaren arrastoak nonahi, gidoi sutil nahiz indartsua, aktore plantel ezin hobea, antzezlan zirraragarriz beteriko muntai hipnotikoa... Horrela jarrai nezake beste hogei lerroz, baina uste dut argi utzi dudala.
Horrela iritsi ginen bigarren denboraldira, gerra ireki bihurtu berri zen momentuan, Roy familiako seme alabek eta enpresa barruko nahiz kanpoko aliatu eta aurkariek eginiko xake taulako mugimendu berriek ekarritako partida frenetikoan sartu ginen, gora eta behera zijoan errusiar mendian bueltaka. Denboraldi honen bukaeran, egiten ari ginen bidaiaren amaiera espero genuenean, berriz, gogora ekarri ziguten hasierako xake taulan genuen partidaren eboluzioa, eta ondoren, taulari kolpe batez buelta eman eta pieza guztiak airean utzi zizkiguten, aho zabalik.
Gauzak horrela, eta arrakasta guztiaren ostean (2019ko telesail sari garrantzitsuenak eskuratu zituen), bueltatu zaigu, urriaren 18tik HBO Max zerbitzuaren barruan, hirugarren denboraldiarekin. Bederatzi kapituluz osatua (aurreko biek hamar), astero kapitulu bat estreinatzen duten horietakoa dugu, eta astelehenero daukagu ikusgai. Eta ezer asko aipatu gabe, lehenengo bi kapituluak ikusi ostean, indar osoz bueltatu zaigula esan dezaket. Benetan diotsuet, Succession ezagutzen ez bazenuten, momentua hau dela, aukera bat emateko. Gaur egun telesail honek duen mailara iristeko aukera dutenak gutxi dira. Ez zarete damutuko.