Terrorezko telesaila suertatzen ari zaigun San Juan biharamun honetan nator zuengana berriro ere, udara aurreko azken artikuluarekin. Badakit zuetako asko jada oporretan izango zaretela eta beste hainbeste, zoritxarrez, berriz ere konfinatuak, azken egunotan bizitako gora berak guztiak ikusita. Beraz, egin dezagun azken atal hau, ahal den moduan, arinagoa edo alaiagoa akaso.
Azken hilabeteetan ekarri ditudan telesail gehienak dramara edo gai sakonetara bideratutako produkzioak genituen. Telebista kateek edo Interneteko plataformek, lehengo urtean izandako arazo eta atzerapen guztien ostean, urtea indarrez hasi zuten gordeta zituzten hainbat apustu indartsuekin. Ez dut esan nahi honekin, udaran estreinatuko edo bueltako diren telesailen nibela baxuagoa denik, agian, gai eta trataeraren aldetik, errazagoak edo arinagoak diren produktuetara jotzen dutela baizik. Beti suertatzen zait udara, komediaz beteriko urtaroa; eta askotan, gainera, nere urteko guilty pleasure edo ikusten ditudan baina publikoki lotsaz onartuko ditudan telesail ikuserrazak dira parrilaren jaun eta jabe.
«'Ted Lasso' paregabea. Iazko udaran izandako estreinaldi borobilena da hori, nire ustez. Pandemia garai triste honetan irribarre ugari atera zizkidan telesail positibista da»
Honetaz ohartzeko erraza dugu Ekaineko estreinuetara begirada bat egitea, Netflix zerbitzuko Elite izan dugu errege bere laugarren denboraldiaren bueltarekin. Denon ahotan izan den telesail aski ezagunak berriz ere izan gaitu bere tira bira gero eta handiagoen artean. HBOk, bere aldetik, Rick&Morty, animaziozko telesail apartaren bosgarren denboraldiaren estreinaldia izan zuen hilabete bukaeran. Movistarrek berriz, AMC katearen eskutik ere Kevin can f**k himself arraroa ekarri digu. Komedia eta drama eroa nahasten dituen estreinaldi erakargarria. Aipatzekoa iruditzen zait ere Atresplayer zerbitzu barruan gazteentzat bideratuta dagoen Flooxer orrian estreinatu duten La reina del pueblo. Kapitulu arinez osaturiko telesailak, espainiar komedia arketipikoaren ezaugarri guztiak betetzen baditu ere, bakadi honi bere onurak ateratzen, horrelako hainbat telesailen beste produktu kalkamoniko bat ez bihurtzeko. Denborapasa paregabea igande arratsalde baterako. Eta hemendik aurrera? Beste hainbeste izango dugu udaran zehar. Uztailaren 8an iritsiko zaigu Gossip girl ezagunaren Remake telesaila HBO zerbitzuan. Nostalgiko nahiz gazteetzako bideratutako reinterpretazioa. Kate berean izango dugu The white lotus, Mike White gidoilariaren (Enlightened serie paregabearen sortzaile) komedia berria, hilaren 11an.
Netflixen berriz Atypical seriearen laugarren denboraldia iritsiko zaigu hurrengo ostiralean. Autismoa eta familia irizpide dituen telesailaren agurra izango da azken denboraldia hau. Eta adrenalina puntua maitatzen dutenentzat, Sky Rojo (La casa de papelen sortzaileena) espainiarraren bigarren denboraldia ere hilak 23an bueltan izango dugu. Gure hiru neska protagonisten abenturaren jarraipena ikusiko dugu beren ihesaldi etengabean.
Baina irrikaz espero ditudan uztaileko bi telesailak, Appletv+ zerbitzuan izango dira. Iritsiko zaigun lehena Schimgadoon komedia da. Basoan galdu ostean, herri batera iristen diren bikote baten istorioa kontatzen duen telesaila da; berezitasun batekin noski, herria eta bertako biztanleak musikal batean bizi direla, hain justu. Bigarrena, aldiz, Ted Lasso paregabea. Iazko udaran izandako estreinaldi borobilena da hori, nire ustez. Pandemia garai triste honetan irribarre ugari atera zizkidan telesail positibista. Estatu Batuetako Futbol Amerikarreko entrenatzaile bat Ingalaterrako futbol ekipo bat entrenatzera joaten denean gertatu daitezken komeriak kontatzen dituena.
Abuztura begira ere, urruti geratzen bazaigu ere, apuntatu izen gutxi batzuk. The chair, Sandra Oh aktorearen Netflixeko telesail berria, abuztuaren 27an estreinatuko dena; Nicole Kidmanek produzitutako eta protagonizatutako Nine perfect strangers Amazon Prime Video zerbitzuan, egun zehatzik gabe oraindik; edota Modern love antologiaren bigarren denboraldiaren estreinaldia, Prime video ere hilaren 13an.
Beste hainbeste estreinaldi izango dira ere udaran, baina esan bezala, dugun umorea ikusirik egindako zerrendatxoa egin dizuet gaurkoan. Gehiago nahi duenak bilatu ditzala, dozenaka izango dira eta. Bestela badakizue, galdetu eta solasaldi polita egin daiteke edozein terrazatan trago fresko batekin, ditxosozko brote hau pasatzen denean. Animo denoi! eta udara ona izan.