Badirudi maiatza izango dela normaltasunera bueltan ekartzen hasiko gaituen hilabetea telesailen munduan. Urtebete pasa dugu pandemiak ekarritako produkzio murrizte eta programazio lehortea pairatzen. Tantaka iristen zitzaizkigun kate eta plataformek gordeta zituzten programak, baina hala ere nabaria zen hauen eskasia. Dena den, hau aldatzear dagoelaren susmoa dut, hilabete honetan gertatu den estreinuen kantitateari begira eta kuttunak diren eta geldirik zeuden hainbat telesailen produkzio eta grabatze lanak hasiak direlaren notiziak barra-barra azaltzen hasi zaizkigu eta. Ea hau egia den eta hauei buruz idazteko aukera dugun hurrengo nere atal hauetan.
«Orain, plataformek askatasun haundiagoa eskaintzen diete zuzendariei eta aktoreei, eta baita aurrekontu paregabeak eta beren istorioa libreki sakontzeko aukera ere»
Plataformek azken urteen bueltan lortutako indarra dela medio, denek ikusi dugu bertan gertatu den hazkundea. Hau dela eta, hainbat zuzendari eta aktore famatuk ere bertara jo dutelarik zineak jasandako kolpearen ostean. Plataformek askatasun haundiagoa eskaintzen diete, eta baita aurrekontu paregabeak eta beraiek istorioa libreki sakontzeko aukera ere. Nere ustez, zine aretoetan gero eta nabarmenagoa iruditzen zaidan originaltasun falta ikusirik, exodo bat gertatu da pantaila handitik txikira. Ez da agian ez dela zine ona sortzen, baizik eta gurera iristen diren estudio handiek ekarritako pelikula gehienek, produkzio handi eta errezen taxu eta formak betetzen dituztela. Halaber, pandemiak ekarri dizkigun mugaketen ondorioz eta interneteko zerbitzuek duten erosotasunak, azken bultzada eman diote eraldatze honi. Luze jarraitu nezake gai honi buruz berban, baino goazen mamira.
Esan bezala, hilabete kargatua izan dugu. Pose, The girlfriend experience, Love death & robots, Trying, Black monday, The bold type edo Ragnarok serieak bueltan dira. Era berean, The bad batch, Jupiters legacy, The pursuit of love, We are lady parts, M.O.D.O.K., Flatbush midesmeanors edota The beat must die estreinatu dira beste hainbat telesailen artean. Aukera baduzue, bi zerrendatxo hauei begirada sakonagoa egiteko edo bertan dauden lanei kasu egitea gomendatuko nizueke.
Hiru protagonista, maiatzean
Baina, gaurkoan, atentzioa hiru pertsonetan jarri nahiko nuke eta hauei loturiko lanetan. Lehenik eta behin, Uzo Aduba aktorearen lan berri/ez berria aipatu nahiko nuke. Orange is the new Black eta Mrs. America telesailetan Emmy sari bana irabazi ostean, bueltan dugu In Treatment (HBO) telesailaren denboraldi berri batekin. Aurreko hiru denboraldietan aktore nagusiaren papera Gabriel Byrne aktorearen eskuetan bazen ere, antzezle zerrenda berriarekin ekin diote etapa berri honi. Uzo, terapia lanetan ibiltzen den psikologoa izanik, astean lau kapitulu estreinatuz iritsi zaigun hamasei kapituluko denboraldian. Asteko kapitulu bakoitzak, izango dituen lau paziente bakoitzaren sesio berri bat ekarriko digularik. Antzezlan indartsu eta emozional paregabez beteriko denboraldi zoragarria.
Lena Waithe dugu zerrenda honen bigarren izen propioa. Birritan aipatu beharko genukeen izena gainera, bi telesailekin etorri zaigu eta Maiatzean. Aktore, gidoilari, zuzendari, komediante eta produktore lanetan dabilen emakume prolifikoa. The Chi (Showtime, movistar+), Chicago hegoaldeko egoera sozial eta arraziala tratatzen duen telesail bikainaren laugarren denboraldia estreinatu berri da. Eta ia egun berean, Aziz Ansari komediagilearekin batera, biek idatzitako eta Lenak berak antzeztutako Master Of None: Moments Of Love (Netflix) denboraldi berezia estreinatu da. Bertan, telesail originalean antzezten duen pertsonaiaren eta bere bikotekidearen arteko egunerokoan sartzen den istorio intimo eta esperimentala ikusteko aukera izango dugularik.
Azkenik, Barry Jenkins zuzendari ezaguna dugu. Moonlight, 2016 Oskar sarietako pelikula irabazlearen zuzendariak, The Underground Railroad (Amazon Prime Video) telesail magnetikoa aurkeztu zuen. Hilaren 14an estreinatu ziren telesail labur honen hamar kapituluak eta gauza bakarra esan daiteke honi buruz: zergatik ez duzue telesail hau ikusi? Oraindik ezagutzen ez duzun produkzioa bada, letra larriz idatzi eta ahal bezain pronto hasi berau ikusten. 1800 urte inguruan kokaturiko istorioa dugu, Estatu Batuetan gertatutako esklabuen hego aldetik iparralderako exodoan du oinarria, askatasunaren bila egin beharreko bidai krudel eta neketsua erakusten diguna. Izen bereko liburuan oinarriturik, Cora Randall esklabuaren bizitzan sartuko gara, bidean izango diren gertaera eta bizipenak gertutik jarraituko ditugularik. Bisualki hipnotikoa, zuzendaritza paregabearekin, indartsua eta gogorra. Aktore plantel harrigarria! Pertsonaiek gainean duten zama, guregan sumatzeko aukera izango dugularik. Ikusi beharrekoa den aurtengo harri bitxia. Ezin gehiago esan spoilerrik egin gabe. Benetan esaten dizuet, ez galdu.