Hilabetea bukatzear dagoen honetan, aitortu behar dizuet petral xamarra iruditu zaidala. Agian ez da apirila, agian ni naiz. Eguraldiaren joan etorriak, Aste Santuak ekarritako birusaren kolpe berriak edo ordutegi aldaketa izan arren hau kalean aprobetxatzeko aukera murritzek, energia xurgatu balidate bezala utzi naute. Nork daki zer izan den, baina egia da gogo eta energia gutxi izan dudala telesailei jaramon haundirik egiteko.
Izan liteke estreinaldi kantitatea gora joan ahala, pilatzen hasi zaizkidala edo aldaketa garai honekin lotuta, nire buruak ere erabaki duela, gogorik gabe ikusten ditudan telesail batzuk alde batera utzi behar ditudala.
Lotura ikusten dut, era berean, eguraldiak gutxinaka hobera egiten duen momentuan, nahiago izaten dudala liburu on bat hartu eta kalean denbora gehiago pasatzea. Ditudan zaletasun ezberdinen arteko orekaren aldaketa bat gertatzen da udaberriaren iritsierarekin batera, eta modu honetan, nire lehentasunak aldatzen hasten direla nabariagoa da akaso. Gauzak honela, telesail gutxi batzuk ikustearen erabakia hartu dut, eta beste hainbeste baztertu eta ikusten uztearena. Bigarren hauek aipatzea txorakeria iruditzen zait; beraz, gustura ikusitako bakan horiek ekartzea erabaki dut gaur zuengana.
Bakoitza genero ezberdin batekoa, umore edo gogo ezberdinetarako
Hilaren 2an estreinatzen zen Made for Love, HBO Max zerbitzuaren produkzio berria. Cristin Millioti aktorea rol nagusian, teknologiako guru batekin 10 urtez ezkonduta egon ostean, honek bere buruan jarritako informazio emozionala monitorizatzeko gai den aparailu rastreadore bat inplantatua duela jakingo du. Imajinatuko duzuen bezala, honen ezagutzak, domino efektua sortuko duen umore beltzez betetako istorioa jarriko du martxan. Momentu eroz beteriko zortzi kapituluak bata bestearen atzetik ikusteko modukoak dira.
Apirilaren bigarren astean, 9an iritsi zitzaigun Them. Amazon Prime Video zerbitzuko apustu haundietako bat. Lena White idazle, aktore eta produktoreak (The Chi telesail bikainaren sortzailea) eta Little Marvin sortzailea elkarlanean ekarri diguten beldurrezko antologia, hau da, denboraldi bakoitzak istorio ezberdin bat ekarriko digu. Lehen denboraldi honetan, Covenant azpitituluarekin, 1953an Ipar Carolinatik Los Angeleseko familia zuriz osaturiko auzo batera bizitzera doan familia afroamerikarra jarraituko dugu. Susmatuko zenuten moduan arrazakeria tema zentraltzat jorratu nahi duen telesaila dugu. Baina ez pentsa hau izango denik gertaera guztiaren hizpide, laster hasiko dira gauza arraro ugari gertatzen eta. Tentsio ugariz beteriko hamar atal, magnetikoak bisualki eta estetikoki, nahiz narratiboki. Ez galdu.
Hirugarren asterako Joss Whedon zuzendari ezagunaren The Nevers telesail berriaren estreinaldia gordeta nuen HBOn, baina kapitulu bat falta dela eta, martxoan estreinatutako For All Mankind, Appletv+ plataformaren telesailaren bigarren denboraldia bukatzear dagoela, osorik hartzea erabaki nuen.
Zientzia fikziozko telesaila dugu, ukronia bat zehatzagoak bagara. Sobietar Batasunaren eta Estatu Batuen artean izandako gerra espazialaren historia alternatiboa kontatzen du, ilargiaren kolonizazioa ekarriko zuen errusiarren bertarako lehen iritsiera dela eta.
Ronald D. Moore, Battlestar Galactica kultuzko telesail bikainaren sortzailearena dugu, Applek eginiko apustu haundietako bat izanik, denboraldiak aurrera egin ahala, gure gaur egungo islatik gero eta gehiago urrunduko den kontakizuna izanda, modu motel baina finkoan hazten da, bere garai eta urteetako tentsio politiko-estrategikoek ekarri zuten beldur eta nahiak oinarri bezala erabiltzen dituena, gizartearen eta gehien bat bere pertsonaien argi eta ilunak pantailaratzeko.
Laugarren astea berriz, aste hau alegia, biziki gustuko dudan Kate Winslet aktoreak HBOn estreinatu berri duen Mare of Easttown dramari gorde nion. Kapitulu bakarra badugu ere, urtean behin edo bitan plataformak aurkezten dizkigun telesail labur haundi horietakoa dugu produkzio hau. Ikusi beharrekoen zerrendan gorriz markatutako horietakoa. Mildred Pierce draman egin zuen bezala, buru belarri sartuta dugu Winslet zazpi kapituluz osaturikoa izango den suspense boteretsu honetan. Pennsylvaniako herri txiki batean polizia lanetan dabilen eta banandua dagoen ama baten paperean sarturik, herrian gertatuko den hilketa baten ikerketan murgilduko da. Gertakizunean modu mantsoan sartuko gaituzte lehen atalean, herrian eta gure protagonistaren egunerokotasunean kokaturik. Gerora ikerketa izango da haria, baina garrantzia ematen dio gure burua bertan kokatzeari, batzuetan gertatzen ez den bezala, serie honek indarra eman nahi diolarik egunerokotasunari. Agian, konturatzeko edonon gerta litekeen gauza bat dela eta ez bakarrik fikzio arrotz bat, guretzako gerta ezin litekeena. Ikusiko dugu nola garatzen den, baina ni harrapatu nau.
Azkenik, hurrengo asterako, hilabetea bukatzeko, The Mosquito Coast aipatu nahiko nizueke. AppleTV+ plataforman ikusgai izango den telesail honek hiru izen propio ditu eta. Neil Cross (Luther telesail bikainaren sortzailea), Justin Theroux (The Leftoverseko aktore protagonistetako paregabea) eta Rupert Wyatt (The gambler edo Captive state pelikula zoragarrien zuzendaria). Tramari buruz gutxi esan liteke, sinopsiak eta trailerrak ere gutxi kontatzen digute eta. Misterio puntu horrekin jolasean ibili nahi dutela iruditzen zait, gure atentzioa deitzearren, nirea guztiz lortu dutelarik. Bai bertan ditugun izenak ikusita, baita trailerrak erakusten duen atmosfera ikusirik.
Lerro hauek bukatzen konturatu naiz, gutxi batzuk ekarri baditut ere, galanta dela ekarritakoaren pisua. Nik gustura asko gozatu ditudan proposamenak dira. Espero zuentzat ere hala izatea. Esango didazue?