Urtea hasi berri da, eta martxan jarri beharra sartu zaigu gorputzean. Berritzea, aldatzea, hobetzea dugu irizpide. Ea urte berri honek, eta batez ere pandemia ditxosozko honek, aukera ematen digun.
Badakit etorri berri zaigun arau berri eta limitazioen epe txiki honek berriz ere bueltan eramango gaituela bizitako egoera eta sentipenetara. Baina nire aldetik, aspertuta nago jada, tristuraz hau pairatu eta atzera-aurrera ibiltzeaz. Beraz, kexa gutxi eta eman diezaiogun hasiera denboraldi berriari.
Urtea ederto hasi da telesailen munduan. Bazirudien produkzio maila lehengo urtean jaitsi ostean, umezurtz geratuko ginela, urtarrilean izaten ohi zen kate eta plataformen apustu handi eta berrien etorrerarako. Baina hori baino, modu zuhurrean jokatu eta estreinaldiak tanten modura iritsi zaizkigu, poliki eta banan-banan gure pantailak gainezkatuz.
Urtea Doctor Who telesail mitikoaren atal bereziarekin hasi genuen, honi jarraiki The Serpent interesgarria estreinatu zelarik. Ingalaterrak potente hasi zuen urtea, bi hauei gehituz The Watch Terry Pratchett idazle ezagunaren obretako baten moldatze librea eta Staged bikainaren itzulera. Denak BBC katearenak badira ere, gurera plataforma ezberdinetan iristen joango zaizkigun lanak.
Beste alde batetik, Dickinson, izen beraren Emily Dickinson idazlearen bizitza kontatu nahi digun AppleTV+ telesaila ere, bigarren denboraldiarekin bueltan dugu. Abisu bat hala ere, ikusle orori: modu guztiz librean eta fikzio hutsean jorraturiko telesaila dugu. Aktore plantel gaztea; estetika, gidoia eta musika aldetik gaur egunera ekarria, kutsu modernu eta dinamikoago batean egina. Erraz eta gustora ikusten den horietakoa.
Netflixek bere aldetik sorpresa txiki berri horietako bat ere estreinatu du. Bere betiko moduan, izaten dituen estreinu handi eta zaratatsuetatik aparte azaldu den perla txiki berri horietako bat, Night Stalker: The Hunt For a Serial Killer. Aukera duenak, eman diezaiola begirada bat. Ez zarete damutuko.
Disney+ katean, era berean, zinean izaten ari diren zorte txarra ikusita, hasiera eman diote Marvel unibertsoan (sortuko dituzten telesailen eta pelikulekin batera, mundu honen) hazkundea ekarriko duten lehen piezak mugitzeari. Wandavision ere gure artean dugu jada, mundu honen grina duten pertsonei lehengo urtean izandako eskaskeria arintzeko.
Eta aintzinsolas honen ostean, goazen mamira. Gaurko ekarri dudan telesailari buruz hitz egitean, bere sortzaileari buruz hitz egin beharra dago. Russell T. Davis azken urteetan izan dugun gidoilari eta sortzaile berezienetakoa dugu. 1999 urtean Queer As Folk telesail ingelesa sortu zuenetik hona, beste hainbat maisulan ekarri dizkigun autorea. Bereak dira, besteak beste Cucumber, Tofu eta Banana serie eta dokumentalak sortutako triptikoa, A Very English Scandal bikaina, ikusi dugun guztiok txunditurik utzi gintuen Years and Years, eta batez ere, gaur ekarri dudan It's a Sin. Pet Shop Boys taldearen izen bereko kantari omenaldi txiki bat eginez izendatutako telesail honek, 80ko hamarkadako Ingalaterran bizi diren hainbat gazte homosexualen bizitzan murgilduko gaitu, lehen momentutik eta era dinamikoan hauek Londresera egiten duten bizi aldaeran sarturik.
Bost atalez osaturiko telesail laburra, gay kantzerraren, hau da HIESaren azaltzearen momentuan gertatzen dena dugu. Davis gidoilariaren aurretik aipatutako telesailak ezagutzen badituzue, argi izango duzue bere berezitasuna gai mamitsuetan murgiltzea dela. Modu oso subjetiboan eraikitzen du tratatu nahi dituen gaien gidoia, eta modu efektibista batean, tranpa jokoan ibiltzen da gora eta behera, gure bihotzarekin jolasean, gure protagonistek bizitzen dutenarekin. Gainera, momentu batean baino gehiagotan, zerikusirik ez duten gaixotasunak badira ere, gaur egungo pandemia nola bizi dugun ikusita, bat egiteko sentimendua aise sartzen da gure gorputzean. Protagonistek bizi dituzten egoera, pentsamolde eta aldaketak gureganatzeko, enpatizatzeko sortuta daude. Years&Years familiaren ikuspuntutik ikusitako kolapsoa bazen, hau lagun artean sortutako familia berriari omenaldia da, haiek gaixotasun global, ezezagun eta ikaragarri berri bati nola aurre egiten dioten.
Festatik dramara, askatasunetik estigmara, irribarretik negarrera. Joan-etorria telesailaren momentu guztietan, desinformazio eta beldurraren mamuek gaineztatutako pertsonaia bikainekin. Aktoreak ere borobil beraien paperetan. LGTB kolektiboan zentraturiko telesail paregabe nahiz ausarta. Haiek HIESaren azalpenarekin pairatu zuten min fisiko eta soziala kontatzen duena.
Hau ikusteko gogoa duenak, bost atalak eskuragarri ditu HBO plataforman. Nik biziki gomendatuko nizueke honi heltzea.