50 gustukoenak, urtea agurtzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2020ko abe. 26a, 00:00
'I may destroy you' izan da, nire ustez, urteak ekarri duen telesail borobilena.

Luze joan den urtea bukatzear dagoen honetan, betiko legez, atzera begiradatxo bat egitea tokatzen dela esango nuke. Badakit toki guztietan gabiltzala aurtengoan zer gertatu den eta zer nolakoa izan den aipatzearen joan-etorrian, bukle amaigabe batean gure zoritxar eta ezbehar guztiak begiratzen ditugularik. Edo positiboak bazarete, izandako zailtasunen aurrean zenuten indarra frogatzeko kapazak izan zaretela eta ez duzuela halako gogaitasunik pairatu. Dena den, urte kaxkarra izan bada ere, esango nuke bakoitzak aurkitu duela bizitza propioaren argi eta itzalen artean bakoitzaren alde hoberenei eusteko modua. Ni, gutxienez, halaxe sentitu naiz.

Badakit, zeharka nabil nere buruko pentsamenduen artean, azken hilabeteetan izandako gorabeherekin. Eta halaxe jarraituko dugu oraindik, beste hainbeste denboran. Hau ikusita, izan ditudan gauza txiki onak aipatu nahi dizkizuet. Nire egunerokotasuna arindu duten portaerak. Horiei heldu diet irmoki, beharrezkoa nuen bakarkako lasaitasun eta denbora horretan ez galtzearren. Badakit sekzio honetan telesail adi(k)tutzat jotzen dudala nire burua, baina amateur mailan ibilita, konturatu naiz kasu askotan, burbuila hori haustea beharrezkoa izan zaidala inoiz baino gehiago. Askok esango dute normaltasuna, eguneroko rutina, kale giroa, parranda eta bestelakoak falta zaizkigula, eta horregatik ez garela kontzentratzen. Baina niri alderantzizkoa gertatu zitzaidan demontrezko berrogeialdiaren ha­sieran. Aspaldiko partez, niretzako denbora luze eta lasaiak izateko aukera ekarri zidan, eta beste gauza askorekin bezela, telesailak kontsumitzeko nuen presakako jokabidea uztea erabaki nuen, baztertuagoak nituen zaletasun batzuetara jotzeko. Sukaldaritzara, irakurtzera edota, estreinakoz, utzitako karrerako proiektu batzuetan murgildu eta diseinatzen aritzera.

Guzti hau kontatzearen arra­zoia? Egia esan behar badizuet, ez dakit, baina esan beharra nu­en aurkitu ditudala egun zoroak argitu dizkidaten ilusio ez­berdinak. Gainera, mundu kato­dikotik izandako aldentze txiki honek, berriz ere piztu zuen honi heltzeko grina. Baina agian modu ezberdin batean. Gaur ekarri dizuedan NIRE urteko telesail onenen zerrendan, bada berezitasun bat: kasu ze­hatz batzuetan izan ezik, telesail labur edo atal gutxi duten produkzioetara jo dut, hauek au­keratzerakoan. Gero eta nabariagoa da, kateek ere apustu hori egiten dutela, jakinda gaur egungo kontsumo intentsiboan, kapitulu gutxiz osatutako lanek erakargarritasun handiagoa du­tela. Nire kasuan ere, aur­ten etorri zaizkidan aldaketa eta plan be­rriekin, ederki enka­jatu duen estrategia da.

Hau dena esanda (a ze txapa), beste aitorpen txiki bat. Ekarri dudan zerrenda, ez da batere laburra. Askok galdetzen didate beti, ea zer ikusi dudan eta non aurkitu. Edo badakidan zein te­lesail gustatuko zaion, aipatuz gero ikusi dituen azkenak. Aitortuko dizuet, aspergarri eta gogaikarri bihurtzerainokoa de­la, zure lagunen artean hau be­hin eta berriz egitea. Beraz, nire aurtengo soluzioa, gustukoen izan ditudan urteko 50 telesailen zerrenda egitea da. Horrela, edonork izango du aukera hauek begiratzeko, eta ni kontentu, inork galdetuz gero, Kronikako webgunera bideratzeko eta nire lana arintzeko.

Zerrenda osoa bertan badago ere, txiki geratzen zait espazio hau, denak banan-banan aztertu eta azaltzeko. Dena den, biziki gomendatzen dizuet hauei begirada bat botatzea eta batenbat erakargarria egiten bazaizue aukera bat ematea. Telesail bakoitzaren on­doan, parentesi artean, jato­rrizko katea eta gurean non iku­si daitekeen ere azaltzen da, hau­ek errazago aurkitzeko.

Dena den, legezkoa iruditzen zait, agian, zerrendako lehen postuetan dauden produkzioei begirada azkar bat botatzea.

Isabel Peña eta Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios, aurtengo sorpresa  horietako bat dugu.Thriller poliziako honen indar klaustrofobiko eta aktoralak kokatu du dagoen postuan. Biziki gozatu nuen eta telesail honen istorio labur baina primerakoa.

Laugarren postuan, urtez urte haunditzen doan maisulan bat: Better Call Saul. Breaking Bad ai­tzindari izanik, askok uste zuten Better Call Saul serieak oso zaila izango zuela itzal luze horren azpitik ateratzea, baina denboraldiak aurrera joan ahala, baieztatzen ari da, mugarik ez dagoela; ez Vince Giliganek bi telesail handi hauentzako sortutako unibertsoan, ez bosgarren denboraldi honek ekarritako une paregabeetan. Zer nolako gidoia eta, batez ere, antzezle zerrenda!

Hirugarren postuan, kuttun bat, Normal People, izen bereko liburuan oinarritutakoa, Sally Rooney liburuaren idazleak berak, Alice Brich gidoilariarekin. Aurreko urtean gustukoen irakurri nuen nobelatako bat izanik, eta Lenny Abrahamsonen zuzendaritzapean, gogoz ikusitakoa. Kasu honetan, ez naiz batere objektiboa izan hau aukeratzerakoan, baina egia esan behar badizuet, gustora asko ikusi dudan obra kontenplatibo polit eta hunkigarria da.

Zer esan Alex Garlanden Devs telesailari buruz… Bere aurreko lanak ezagututa (Ex Machina, Annihilation) ideia egin zenezakete. Zientza fikzioan eta gidoilaritzan, momentuko arkatzik zorrotzenetakoa dugu, Dennis Villeneuve zuzendariarekin batera. Proposamen guztien artean, agian eroenetako bat. Bisualki erakargarria eta galderaz beterikoa. Primerakoa tematika honetako maitaleentzat.

Eta azkenik, zerrendaren bu­rua: I may destroy you. Nire ustez, urteak ekarri duen telesail borobilena. Ez hori bakarrik, ikusi duzun telesail gogorrenetakoa ere izango da. Kasu askotan deserosoa egin daitekeena, bertan tratatzen diren gai ezberdinak mahai gainean jartzean.

Michaela Coelek, bere sortzaileak, sufritutako sexu erasoaren ostean idatzi zuen istorioa. Bera aktore nagusi lanetan ere, gogoratzen ez duen gau ba­ten ondorioz, gertatutakoaren bi­laketan azaleratuko diren bor­txaketa, trauma eta gertaerak. Indarkeria, arrazismoa, intole­rantzia eta beste hainbat mintzagai zail pantailara ekarri ditu, ikusleongan erreazkio bat sortzeko. Badugu eta garaia, aho txikiz tratatzen ditugun gai hauek ere plazaratzeko, eta gure artean hausnarketa sakon bat eta aldaketa bat ekartzeko. Proposamen ausarta, ikusle ausartagoentzat.

Gehiago nahi duenak, jarraian dauka zerrenda osoa, begirada bat emateko. Besarkada bat eta hurrengora arte.

URTEKO 50 TELESAIL GUSTUKOENAK:

01 - I May Destroy You (HBO)

02 - Devs (HBO)

03 - Normal People (BBC/Hulu/Rakuten TV)

04 - Better Call Saul (AMC/Netflix)

05 - Antidisturbios (Movistar+)

06 - Mrs. America (HBO)

07 - Gangs of London (Sky Atlantic/Rakuten TV)

08 - Two Weeks To Live (Sky One/HBO)

09 - Veneno (A3 Media Player)

10 - 22 juli (NRK/ Gurean ineditoa)

11 - Small Axe (BBC/Movistar+en urtarrilean)

12 - Insecure (HBO)

13 - Escenario 0 (Movistar+)

14 - Little Birds (Sky Atlantic/ Gurean ineditoa)

15 - Ozark (Netflix)

16 - The Great (Hulu/Rakuten TV)

17 - The Boys (Prime Video)

18 - Når støvet har lagt sig (DR/Filmin)

19 - The Mandalorian (Disney+)

20 - Tales from the Loop (Prime Video)

21 - ZeroZeroZero (Prime Video)

22 - After Life (Netflix)

23 - Unorthodox (Netflix)

24 - L’effondrement (Canal+/Filmin)

25 - Ramy (Hulu/ Rakuten TV)

26 - The Queen's Gambit (Netflix)

27 - The Third Day (HBO)

28 - Industry (HBO)

29 - We Are Who We Are (HBO)

30 - Des (ITV/Rakuten TV)

31 - The Outsider (HBO)

32 - The Plot Against America (HBO)

33 - Hondar Ahoak (Eitb)

34 - Ted Lasso (Apple TV+)

35 - Quiz (ITV/Movistar+)

36 - The New Pope (HBO)

37 - Lovecraft Country (HBO)

38 - Kalifat (STV1/Netflix)

39 - What We Do In The Shadows (FX/HBO)

40 - El último show (Aragón TV/HBO)

41 - Defending Jacob (Apple TV+)

42 - Parlement (France TV/Filmin)

43 - Mira lo que has hecho (Movistar+)

44 - Stateless (Netflix)

45 - Hanna (Prime Video)

46 - The Good Lord Bird (Showtime/Movistar+)

47 - I Know This Much Is True (HBO)

48 - Vida (Starz/Rakuten TV)

49 - Mythic Quest: Raven’s Banquet (Apple TV+)

50 - Vamos Juan (TNT,Movistar+/Prime Video/HBO)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!