Ez dakit zuei, irakurleei, nolakoa egiten ari zaizuen hilabete luze hau. Egoera behin eta berriro aldatzen diguten honetan, murrizketak direla, mobilitate falta, plan gutxiago izateak, etxetik lanera eta lanetik etxerako bide monotonoak (ERTEan sartuta ez bagaude)...
Hauek denak, nere burua tentelduta utzi duten rutina batean bihurtu dira. Energia falta nabaria izan da egun hauetan, gogo gutxi izan dudalarik denborapasa diren zineari, telesailei edota liburuei ekiteko. Ziur nahiz norbaitek esango duela, «aizu, lehen itxialdia askoz okerragoa izan zen».
Badakit, baino bigarren honetan pairatu dudan nekagure eta zalantza puntua izan da agian denbora pasa zoragarri hauei beti eskatu eta eskaini diedan denborarako gogoa kendu nauena. Hala ere, ez preokupatu egin beharreko etxekolanak egin ditut eta, ez nahiz esku hutsik etorri.
Agian hilabete honek ekarri duena, selektiboagoa izatearen premia izan da. Bai esango dut, gauza asko ikusteko gogorik ez izateak, nere buruari maila bat gorago joatearen eskaera izan dela. Beste hilabeteetan edo urteetan hainbat telesail ikusten banituen astean, edota egunean zehar, bakan batzuetan zentratzea eta lasaitasunean hauetaz gozatzea izan da egun hauetan hartu dudan metodoa. Azaroak ekartzen digun egun murrizte honek, modu aproposean bihurtu ditularik nere arratsaldeko afal aurreko azken orduak pantaila aurrean jartzeko tartetxoa.
Hainbat estreinu eta itzuleren artean akaso, lau izango dira gaurkoan aipatu nahi dizkizuedan telesailak, beste hainbeste izan baditugu ere, gehien gozatzen ari naizen lanak hauek izan dira eta.
'The Crown'-en dena da primerakoa
Lehenik eta behin, zerrendako erregina, The Crown haundia. Erresuma Batuetako Isabel IIren bizitza kontatzen digun telesaila, bere laugarren denboraldi osoarekin iritsi zitzaigun Netflixera azaroaren 15ean. Bere laugarren emanaldi honetan Margaret Thatcher eta monarkaren arteko eta Karlos printzearen eta Dianaren arteko erlazio hasieran ditu jarriak oinarriak. 80garren hamarkada hastear dagoen momentuan hasita, hiru denboraldi zoragarriz ikusi dugun kontakizuna jarraitzen du.
Esan beharra dago, telesail honen produkzioa, giropena, kasting-a, dena! da primerakoa. baino aurtengo hiru protagonista diren Olivia Colman (Isabel II), Gillian Anderson (Margaret Thatcher) eta Emma Corrinek (Diana) eginiko antzezlana, aparta dela esatea, motz gelditzen zait niri.
Gutxi esan diezaioket telesail hau ikusi ez duenari. Bai, historikoa da; Bai, telenobela ingeles arketipikoa da, presupuestu galantarekin; Bai, agian ez da zuk normalean ikusten duzuna. Baino benetan diozuet, gaur egun ditugun telesail hoberenen artean aurkitzen den horietako bat dugu.
«'Small Axe', telesail laburra biziki gomendatzen dut»
Tematikan eta estiloan antzekotzat, baina era berean antipodetan aurkituko dugu ekarri dudan bigarren proposamena. Small Axe, telesail laburra dugu, bost pelikulaz asoturiko antologia. Steve McQueen (Hunger, 12 years of slave) zuzendari apartak, BBC katearekin elkarlanean ekarritako lan berria.
Aitortu beharra dut, hau ikusteko aukera izateko, BBC katearen webgunera konektatzeko aukera izan behar dela, gure herrialdetik egiteko pauso batzuk egin behar direlarik. Dena den, Amazon Prime Video zerbitzura iritsiko dela igarri dute, abenduan Ingalaterran atal guztia kaleratu ostean.
Dena den hauek ikusteko aukera edo gogoa dutenak, ez dira damutuko. 1968 eta 2014 urteen artean kokaturik, Ingalaterran gertaturiko arrazakeriak eta honek sistematikoki izandako biztanleria beltzaren aurkako errepresio eta bortizkeria kasuak kontatu nahi dituen antologia dugu.
Zuzendaria bera, Trinidad irlako etorkinen ondorengoa izanik, bere bizitzan zehar bizitako eta ezagututako hainbat kasu ezagutarazteko lana da; urte askoren poderioz, nagusiak diren eliteek desagertarazi egin dituzten gertakin krudel eta garrantzizkoak berriz ere denon ahotara ateratzeko. Biziki gomendatzen dizuet, aukera duenak, zuzendari honek eginiko telesail honi edota bere pelikulei ere aukera bat emateko. Gogorrak diren tematikak tratatzen baditu ere, maisulanak dira eta lehenetik hasita azkeneraino.
«'No Man's Land'-ek Siriako gerran kokatuko gaitu»
Gaur egunera etorrita, No Man's Land izango da gure hurrengo aztergaia. HBO platafoman ikusgai, 8 kapituluz osaturiko telesaila. Bertan, ustez atentatu terrorista batean hiltzat eman zuten arreba telebistan ikusi duela uste duen Antoine frantziarrak Siriako konfliktora egiten duen bidaia biziko dugu bere alboan. Bertan, emakume kurdu gerrila batekin elkartu ostean, ISIS taldearen aurkako gerra honen barruan ikusi eta bizi daitezkeen gerra zikinaren hainbat ezkutuko alde erakusten dira.
Aurreko bi proposamenekin alderatuz, agian, honek indar pixka bat galtzen du, egitura ezagunetara jotzen duen istorioa izanik. Ausardia falta somatzen badut ere tematika tratatzeko momentu batzuetan, gora behera eramaten gaitu situazio batetik bestera eta modu azkarrean gauza gehiegi kontatu nahiko balu bezala. Hala ere, atalak bata bestearen atzetik gogoz ikusi ditut.
'Industry'-k zeresana emango du datozen hilabeteetan
Hiru hauen ostean, azkenerako utzi dut, nire ustez hurrengo hilabetean komentatua izango den telesaila, Industry. Azaroaren 9an, HBOn estreinatu zen eta Londres hirian kokaturiko transakzio banketxe batean lanean hasiko diren bost hautagai berrien egunerokoan sartuko gaitu.
Gertutasun osoz eta modu oso krudelean sartuko gaitu kamarak, bertako enpresa kultura errukigabean; ustelkeriak bistan, sexismoa, elitismoa, droga kontsumoa, sexua, hipokresia, irudi perfektuaren kultura, gezurrak... Dena dago aztergai, dena dago konektatua.
Lehen atal eraginkor, arin eta zehatz batekin, xake taula gaineko pieza guztiak kolokatzen dizkigu, lehenengo denboraldia izango den partidari modu bizian hasiera emanik. Nik ikusitako hiru atalen ostean, bere momentuan Succession telesailak sortu zidan ikusmina piztu dit proposamenak, bi hauek dituzten ezberdintasun guztiekin.
Gainera, Lena Dunham, Girls ezagunaren sortzaile, gidoilari eta aktorea, dugu telesail honen produktora nagusietako bat, lehen atala ere berak zuzendu duelarik. Egia esan nire ustez, Mickey Down eta Konrad Kay-k sortutako produkzio honek, urteko ezusteko bat bihurtzeko aukera haundiak ditu, lehen ataletako maila hori mantentzeko kapazak badira. Ikusiko dugu.
Era berean ere, Nathan Micay musikagilearen soinu banda ere aipatu nahiko nuke, honek sortzen duen girotzearen puntu extra horrek, seriean jarritako musikaren eta bere lanaren bila eraman dit eta, gutxitan gertatzen dena (The Leftovers edota Westworld-eko musikagileekin gertatu zitzaidan modura).