Beste hilabete bat joan berri zaigun honetan nator zuena, orain bueltan dugun egoera ikusita, gertu ditugun telesail sortari begirada bat botatzeko. Badirudi, denbora dezente izango dugula gure esku artean, hotza eta hotza ez, baina barruraino sartu zaigun beste deabru madarikatu hau gurean berriz ere suspertu delako.
Pentsatzen dut bakoitzak badituela situazio hau pairatzeko mekanismo eta denbora pasa propioak, hala ere, nik hementxe utziko dizkizuet gomendio gutxi batzuk.
Hasteko, aspaldiko partez eta poz haundiz, gurean produzitu eta ikusgai izango ditugun euskerazko programak aipatu nahi nituzke. Produkzio maila, dezente murriztua zegon azken boladan, umezurtz ginen euskal fikzioa desertu batean bihurtu baitzen, kasu gutxi batzuk kenduta. Eta hara non, ETB kateak honi irmoki heldu eta ez bat, ez bi, hiru serie berri estreinatuko dituela edo estreinatu ditu urteko azken hiru hilabetetako programazioan. Berauen izena, Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu.
Alardeari buruz hitz egin behar badugu, esan hau izan dugula urrian zehar asteazkenetan ETB1en ikusgai izan dugun telesaila, eta bere izenak ematen duen pista ikusita, fikziozko herri batean dauden alarde tradizional eta mistoak sortzen duen konfliktoa aztertzen duen telesail bikaina dugu. Bere azken atala aste honetan bertan ikusteko aukera izan genuelarik.
Hondar ahoak berriz, azaroan estreinatuko da, aurrekoaren ordutegia berean. Kostako herri batean, gertatutako desagerpen bat aztertzera doan inspektorearen eta bere ikerketaren istorioa kontatzen digun thrillerra dugu. Informazio gutxi badago ere, benetan itxura galanta azaltzen duen lana, gurera iritsi diren argazki eta bideoak ikusita.
Azkenik, Altsasu telesailaren nondik norakoa argi xamar dago. Bertako 8 gazteen historia kontatuko digun telesaila izango dugu. Gertakarietan oinarritua badago ere, libreki tratatutako istorioa izango dela igarri dute, gazteek pairatutako situazioari begirada pertsonal eta gertukoa eman nahiez. Abenduan izango da honen estreinaldia, asteazken gauetan baita ere.
Aipatzekoa da, hirurak telesail labur formatuko apustuak izan direla, bakoitzak lau atal izanik, bata bestearen jarraian ikusteko aukera izango ditugularik hilabetez hilabete. Eta egia esan, apustu bikaina iruditu zait telesail luze eta zailagoetan sartu baino, gauza txiki eta era berean ondo tratatu eta egindako joera honek.
Badirudi, azken urteetan apustu egin dela produkzio eta fikzio murritzetara. Pelikulak motzegiak ziren puntua baztertuz, gehiegi luzatu gabe kontakizun batek behar duen denbora hartu eta modu egokian egiteko. Honela, telebista kateek duten produkzio mailaren onura jasotzen baitute, beste modu batean ezerezean geratu zitekeen lan paregabe hauek.
'Veneno' eta 'Antidisturbios', gozatzeko bi telesail
Hau etxean, baina oso urrutira joan gabe, espainian eginiko bi telesail ere, biziki aipatu nahi nituzke gaurkoan. Alde batetik Veneno, Cristina Ortiz 90garren hamarkadan famatua egin zen pertsonai katodikoaren bizitza kontatzen zigun telesailak bere azken kapitulua kaleratu zuen Atresplayer premium plataforman eta era berean Antena 3-ek, lehen bi atalak estreinatu zituen aurreko igandean.
Onda sarietan, bere hirukote protagonista, sarituak izan ostean eta modu borobilean itxitako lehen denboraldia ikusi eta gero, gauza bakarra egin dezaket; hau zuei denoi ikusi eta gozatzeko eskatu. Jada hain gazteak ez garenoi, nostalgia puntu bat piztuko digun programa dugu. Bertan ikusitako gauza asko gogoratzeko kapazak izango gara eta beste askorentzat, La Veneno pertsona transexual honek bizitako argi eta ilun hauek ezagutzeak, bere errealitatera eta bizitzara gerturatzeko aukera paregabea emango die. Benetan esaten dizuet, ez galdu.
Beste aldean berriz, Antidisturbios, labur baino esplosiboa. Sei atalez osaturik, Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peña tandem arrakastatsua dugu produkzio honen buru. Utzarazte bateko protagonistak diren polizia taldeak parte hartzean hildako bat egon ostean, honen ikerketaren istorioa kontatuko digun telesaila dugu, hor hasita errezelaren atzean ikusten dena baino gehiago dagoela laster konturatuko garelarik.
Akzioaren frenetismo maila eta pertsonaia bakoitza ezagutzera eramaten gaituen une lasaien arteko balantza bikaina, trataera, irudigintza, aktoreen lan bikaina,... dena da aipatzekoa kontakizun indartsu honetan. Movistar + kateak urriaren 16an estreinatutako lan honek, urteko telesail onenen artean kokatzeko osagai guztiak dauzka, nire ustean. Ikusi beharrekoen zerrendan kokatzeko, nahitaezko horietakoa dugu.
Hauetaz aparte: The good lord bird, Ethan Hawke aktorearen lan berria; The right Stuff, Nasaren sorrera kontatzen duen produkzioa; La revolution Netflixen telesail frantses berria; The Queen’s gambit, Godless telesail laburraren zuzendariaren apustu berri ederra; Nicole Kidmanek produzitu eta antzeztutako The Undoing, Hugh Grant aktorearekin batera; Suburra mafiosoaren itzulera bere hirugarren denboraldiarekin; Star trek: Discovery Netflixen edota The mandalorian, Star Wars frankiziako telesail arrakastatsuaren itzulera Disney + zerbitzuan.
Ikusten duzuenez, lan ugari hurrengo aste hauetarako, gertatzen dena gertatzen delarik gu ez aspertzeko. Etxetik hasita urruneko galaxia baterainoko bide honetan, hainbat aukera telebista edo pantaila baten aurrean gozatzeko. Hori, bakoitzaren aukera.