Kurtso berriarekin bueltatzen gara asko egunerokotasunera, rutinara. Baditu honek bere alde on eta txarrak, zeinekin hitz egiten duzun arabera. Niri, adibidez, udazkenera iritsi berri garen hau, hotza buztana erakusten hasi den momentu gazi- -gozoa, une aproposa iruditzen zait manta hartu, udaran zehar terraza eta hainbat planekin ahaztua genuen sofara bueltatu eta mundu katodikoak dakarzkigun proposamen berri nahiz zaharrei berriro ere heltzeko.
Gure bizitzako arlo guztietan bezala, pandemiak ere eragin handia izan du telesailen munduan. Ekoizpen eta sorkukuntza prozesuak nabarmen kaltetuak izan diren heinean, publikora iritsi den produkzio kantitatea, biziki murriztu da aurten, eta hartara ere, kate edo interneteko zerbitzuak, programazioa birmoldatu beharrean aurkitu dira, ondorioz gure telesail asko kantzelatu, atzeratu edota denboraldi murriztuekin geratu direlarik. Hala ere, baziren perlatxo bat edo beste gordeta zituztenak, eta modu honetan, izan dira udaran nahiz hilabete honetan, kalitatezko gauza dexente: Made in Italy (SundanceTV) freskoa, I may destroy you (BBC, HBO) potentea eta ikusi beharrekoa, Perry Mason (HBO) bikaina, Hanna T2 (Amazon Prime Video), Brave New World (Peacock, Starzplay) arraroa, Caminantes (OrangeTV), L’effondrement (Filmin) gogorra, Ramy T2 (Starzplay), Little Birds (Sky Atlantic) Anais Nin idazlearen istorio laburren adaptazio delirantea, Ted Lasso (Apple TV+) komedia borobila, Veneno (Atresplayer premium) historiaren kapitulu berriak, Lovecraft country (HBO) txundigarria, Two weeks to live (Sky1) zo(ro)ragarria, Raised by wolves (HBO), The boys T2 (Amazon Prime Video) ganberroa, Skam T4 (Movistar+), Escenario 0 (HBO) ederra, The third day (HBO) hipnotikoa, We are who we are (HBO) Luca Guadagninoren sorpresa berria, Vernon Subutex (Filmin) Virginie Despentes idazlearen adaptazio paregabea, No mans land (Hulu), Deutschland 83 T3 (SundanceTV), Fargo T4 (FX, HBO) edota The Comey rule (Showtime, Movistar+).
Ikusten duzuenez, badago soberan bakoitzaren gustuak edo jakin mina asetzeko. Hala ere, zerrenda luze honetatik kanpo utzi dut, askorentzat hilabete honetako estreinaldi, esan dezagun, indartsuena. Bihar iritsiko zaigun Patria (HBO) telesailari buruz ari naiz, bai. Eta honi buruz ere ez naiz luze arituko, hurrengo asteetan gori-gori gure ahotan ibiliko den telesaila izango da eta. Denbora soberan izango dugu hau ikusi, aztertu eta modu askotan disekzionatu eta kritikatzeko. Bukatzen denean, orduan iritzirik hemen emango dudan, ikusiko dugu.
Modu berean, izan da hilabete honetan telebistaren munduko beste gertaera garrantzitsu bat: Emmy Sarien banaketa. Normalean ekainaren hasieran izan ohi den zeremonia atzeratu egin zuten, beste hainbat gauza bezala, eta lehengo asteburuan ospatu ziren. Bertako palmaresa ikusita, irabazle nagusienei begiradatxo bat botatzea ere aproposa iruditzen zait, norbaitek ezagutzen ez baditu aukera bat emateko.
Komediaren arloarekin hasiko gara, Schitt’s Creek (Movistar+) telesailak hito bat lortu baitzuen kategoria honetako sari nagusi guztiak irabazita: komedia nagusiaren saria, gidoia, zuzendaritza, eta bere lau aktore nagusiek beren arloetan. Kanadiarra den telesail honek, bere seigarren eta azken denboraldian izan du errekonozimendu handi hau. Modu txikian hasi zen komedia, AEBetako Netflix plataforman ospea hartu eta handitzen joan zen, juxtu bukatu den urtean, merezitako brotxe final honekin amaitu dutelarik. Bertan, familia aberats batek, dena galdu ostean, bizitzera joan beharko duten herri txiki bateko bizimodua kontatuko digu. Istorioa aski ezaguna bada ere, imagina ezazue Herri Txiki, Infernu Handi eta Bel-Airko Printzearen nahasketa berezia, 20 minutu pasatxoko kapitulu errazak eta situazio eta gag gero eta eroagoak dituena. Gehiago behar?
Dramaren arloan, jaun eta jabe izan dugu Succesion (HBO) telesail paregabea. Telesail nagusia, zuzendaritza, gidoia eta aktore zerrendaren sariak eskuratu zituen, besteak beste. Jesse Armstrongek sortutako telesailak, Roy familiaren bizitza kontatzen digu. Konglomeratu enpresarial baten buru den familia honen istorioak, Shakespearek idatzitako edozein libururen trama atzean utzi lezake. Familia barruan dauden liskar anitzak, negozio munduan duten gerra irekia, gezurrak, ustelkeria... Dena modu bikain eta orekatuan ekarria. Gehiagoren gogoarekin uzten zaituen telesaila da; aukera bat eman, eta kapitulu gutxiren buruan harrapatuko zaituena.
Telesail laburretan, berriz, Watchmen (HBO) izan genuen garaile. Telesail nagusiaren sariarekin batera, bere protagonista den Regina King aktoreak jasotakoa nabarmendu beharra dago, egindako lan bikainagatik. Beste hainbat kategoriatan ere saritua izan bazen ere, izen bereko komikian oinarritutako munduan kokatzen den istorio solte honek izan zuen puntu indartsu nagusienetako bat da King, Tulsa hiriko 1921an izandako sarraskian duen bere kontakizunaren oinarri nagusia dugularik. Tematika arraziala, poliziaren eta estatuaren barruan dagoen ustelkeria eta xenofobia oinarri hartuta, eta superheroi kutsua erabiltzen du aitzakia gisa, sozialki izkutuan dauden arazo estrukturalak palestrara atera eta aipatzeko.
Hiru proposamen, beste hainbeste saridun telesail, dokumental, aktore, musikari, sortzaile, langile eta sektoreren artean. Agian aipamen txiki bat El silencio de los otros dokumentalari ere, Almudena Carrascedo eta Robert Bahar ekoizleek frankismoaren biktimei buruz eginikoa, sari bikoitza eraman baitzuen.
Dena den, beti bezala aukera ugari, momentu eta umore bakoitzerako. Zailena beti (niri gertatzen zaidan bezala), bat aukeratzea. Ea zuei errazagoa egiten zaizuen!