TELESAILETAN ADIKTUA

Amodioaren joan etorriak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2020ko mai. 30a, 00:00

Ia konturatu gabe eta bizi ginen egoera arraroan, ia ekainean sartu gara buru belarri. Eguraldi onak suspertuta eta gure etxea behingoagatik atzean utzita, kaleaz pixka bat gozatzeko aukera berreskuratu dugu. Ez dakit zuei, baino niri umorea guztiz aldatu dit dena delako normaltasun egoerara bueltatzeko hasiera honek. Izan du honek efektu nabaria ere egunerokoan egiten nituen gauzen artean ere.

Lanera bueltatzeak eta kalean egoteko gogoak, lasaitasun kutxua eman diote nire bizitzari eta era berean honek telesailak ikusterako orduan ere, arintasun eta positibismorako bidean jarri nau. Hau da, komediaren beharra nabaritu dut hilabete honetan. Drama edo thrillerrekiko dudan lotura fuertea pixka bat askatu eta reboluzioak jeisteko momentuan aurkitu naiz.

Esan beharra dago maiatzean ere hainbat proposamen potente izan ditugula: Betty (HBO) skater telesail minimalista izan dugu; Ryan Murphy prolifikoaren Hollywood (Netflix) estreinatu da; Billions (Showtime, Movistar+) ezinbestekoaren 5garren denboraldia iritsi zaigu; Damien Chazelle zuzendari (Whipash, La la land) oskarizatuaren The Eddy (Netflix) bikaina ere ikusgai duzue iada; Homecoming (Amazon) galantaren itzulera 2garren denboraldiarekin; Mark Ruffalo protagonista duen I know this much is true (HBO) zoragarria ere gurean da, honek egiten duen lan paregabea ikusteko aukera ezin hobea!... eta horrela beste hainbeste.

 

Komedia ikusteko gogoz izan naiz maiatzean

Baina esan dizuedan moduan, nere gorputza komedia ikusteko gogoz izan da eta beste ildo batetik eraman dut ikuskatze erritmoa: The Office telesail haundia berrikusten ibili naiz eta bere sortzailearen Upload berriari ere aukera bat eman diot (Amazon); Justin Roilanden Solar Opposites (Hulu), Rick and Morthy ganberroaren sortzailearen lan berria; Valeria (Netflix), Elísabet Benavent idazlearen nobelen adazpazio librea; Unbreakeable Kimmy Schmidt-en (Netflix) kapitulu interaktibo berezia; Edota The great (Hulu), Errusiako Katalina Handiaren bizitzan libreki oinarritzen den produkzioa, umore delirante eta arraroa oinarri, situazio eta gag bereziz beterikoa.

 

'Love life'-ek kuriosidadea

Hala ere, kuriosidade gehien piztu nauen telesaila, asteazken honetan, hilak 27,  estreinatu zen LOVE LIFE dugu. HBO plataformak, Estatu Batuetan Max zerbitzu berriaren merkaturatzearekin batera estreinatu duena.

Ez dezala inork bilatu telesail hontan inolako maisulanik. Komedia erromantiko baten aurrean aurk itzen gara eta gainera arketipo eta funtsak lotsarik gabe eta modu eraginkorrean erabiltzen dituen produktua dugu. Modu arin eta bizkorrean kontaturiko istorioa, 30 minututako 10 kapitulu ikus errazetan banatutako denboraldia, Anna Kendrick aktorea buru, hauetako bakoitzean bere bizitzako bikote ezberdinekin izandako erlazio kontatzen diguna.

Sam Boyd gidoilariak sortu eta idatzitako fikzio honek izan ditzazke agian, askotan ikusitako komedia erromantikoetako formak, hala ere, duen bizitasunak eta batez ere Anna Kendrickek duen umorerako maisutasuna nabaria da. Protagonista izanik, beregan hartzen du kontakizunaren pisu guztia, bere betiko lan paregabearekin pantaila beterik. Hainbat estilo jorratu baditu ere, erraz ikusten da zergatik dugun gaur egun komediaren erreginetako bat.

Akaso iruditzen zait, aipagarria dela, telesailak egiten duen bizitzako une beltzen ezabatze txikia. Egia esan, erlazio unetan ardaztutako kontakizuna dugu, beraz hauen arteko bakarkako momentu 'bajuak' ez ikustearen apostua egiten du. Pertsonaiaren eboluzioa nabarmena bada ere, hauekiko begiradatxo bat izateak ere merezi zuela iruditzen zait. Dena den, gustora asko ikusten ari naizen programa arineta entretenigarria.

Beste inork pentsatzen badu hau ez dela izango bere moduko telesaila, jo dezala hasieran aipatu ditudan zerrendako besteetara. Baina nire moduan, udarako produktu fresko eta lasaigarri baten bila bazabiltza, egin kasu eta aukera bat eman lan honi. Gutxienez par batzuk aterako dizkizu eta gainera deskonektatzen lagunduko dizu eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!