TELESAILEN ADI(K)TUA

Ikusi beharreko telesailen zerrendari astindu ederra, 'Normal People' iritsi arte

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2020ko api. 25a, 00:00

Hilaren 29an estreinatuko da hemen, Hulu plataforman, Sally Rooney idazlearen izen bereko nobelan oinarritutako telesaila. Bitartean, badira aukeran telesail eta ekitaldi gehiago!

Luze egiten ari den hilabete honetan, erraz egin zaigu askori denbora pasa gisa telebista edo ordenagailura jotzea gure burua arintzeko. Esango nuke, gainera, gutako asko aditu bihurtu garela gure plataforma ezberdinetan ditugun telesail, pelikula eta abar horiek guztiak sailkatzen, edota telebistako kate guztietako programazioa buruz ikasita, zer ikusi eta noiz asmatzen. Erotu beharreko gorengo puntu honetara iristen ari garen gutako askok, hala ere, ederki esplotatu dugu aukera hau, eta itxialdia dela-eta, nire ikusi beharreko zerrendari astindu ederra eman diot nik.

Biziki gozatu ditut Devs (HBO) telesaila, Alex Garland idazle eta zuzendariaren zientzia fikziozko perla bitxi berria; The plot against America (HBO), David Simon handiaren telesail labur berri ederra, 1940eko hamarkadan Estatu Batuetan gertatutako istorio alternatiboa, non faszismoak lortu zuen boterea; Home before dark (Apple TV+), 9 urte dituen neskato gazte batek hilketa baten inguruan egiten duen ikerketa; Tales from the Loop (Amazon Prime video), antologiak aurkezten dizkigun kontakizun interkonektatuak; La casa de papel (Netflix) 'blockbuster' katodikoaren itzulera; L’amica Geniale, Elena Ferrante idazle izugarriaren nobelen egokitzapenen itzulera; Better call Saul, telesail magnifikoaren denboraldi borobila; La línea Invisible eta Vis a vis: El oasis (Movistar+); Killing Eve eta Run (HBO), Phoebe Waller-Bridge telesailen etorrerak; Mrs. America, The good fight, Breeders, Dispatches from elswhere, The Midnight Gospel, La casa de las flores, Insecure edota Unorthodox (Netlfix) ezinbestekoa. Milaka aukera eder, pantaila aurrean gozatzeko.

Hala ere, gaur zuengana ekarri dudan telesailari gogoz itxaron diot hilabete luze honetan. Bihar estreinatzekoa da Ingalaterran BBC Three katean eta gurera, Hulu eta HBOk duten elkarlanari esker iritsiko zaigu hurrengo egunetan. Bere izena; NORMAL PEOPLE.
Liburuaren eguna pasa berri dugun honetan (eta norbaitek telesailaren aurretik aukera eman nahiko balio), izen bera duen nobelan oinarritutako produkzioa dugu, Sally Rooney idazle bikainaren bigarren idazlanaren egokitzapena. Ez hori bakarrik, idazlea bera ere izango baitugu bere lana pantailarako berregiten Alice Birch, Succession telesail handiaren idazle nagusietako batekin. 

Esan beharra daukat, telesail adi(k)tu izateaz aparte, liburuenganako amodio txundigarria ere badudala. Eta 2019an irakurritako liburu zerrenda luzean ere, gurean Gente normal izenarekin etorritako nobela honek, postu nabarmenetako bat hartu zuela.
Modu azkarrean irakurtzen den istorio honen argumentua, Marianne eta Connell, Irlandako herri txiki batean bizi diren bi gazteen arteko erlazioan oinarritzen da. Institutuan hasita, beraien arteko joan-etorriak kontatuko dizkigu, bertan hasita eta Dublingo Trinity Collegera ikastera doazen garaira arte. Kontakizun intimoa da, bi protagonisten ikuspuntua aldaraziz sortzen dena (liburuan gutxienez). Momentu askotan agian identifikagarri suertatu zaidan narrazioa, idazleak askotan lortzen baitu pertsonaiak dituen idea eta sentimenduekin konektatzea, gure burua identifikatuz.

Hamabi kapituluz osaturik, denboraldi osoa estreinatuko da Ingalaterran bihar, igandea, BBC Three plataforman (bere momentuan Fleabag ederrari aukera eman ziona) eta gerora, 29an, Hulu plataforman iritsiko zaigu guri. 
Aipatzekoa dugu baita ere Lenny Abramson eta Hettie McDonald zuzendariak izango ditugula produkzio honen buru. Lehenengoa, Frank (2014), Room (2015) edota The little Stranger (2018) film bikainen autorea. Bigarrena, aldiz, Fortitude (2015/2017) eta Howards End telesailen buru izandakoa. Beraz, aitzakirik ez, aukera dagoenean telesail honi heltzeko.

Hau ikusita, gehiago nahi? Badira aipatu nahi ditudan etorrera pare bat, ikusita itxialdi hau luzatzen ari zaigula.
Hilabete amaierarako denek apuntatu beharko genukeen ekitaldi bat: 2011 urtean Danny Boyle zuzendari ezagunak -Trainspotting (1996), Millions (2004), Slumdog Millionaire (2008), 127 (2010)- Frankenstein ezagunaren birmoldaketa batekin antzezlan bat sortu zuen, Benedict Cumberbatch (Sherlock) eta Jonny Lee Miller (Elementary) aktoreekin. Egokitzapen honen puntu berezietako bat da, bi protagonistek doktorearen eta munstroaren paperak antzeztu eta aldatu zituztela egindako pase ezberdinetan. Bere momentuan izan zuen oihartzun handia dela medio, Ingalaterrako National Theatre konpainiak, hau gogoratuz eta bizi dugun pandemia ikusita, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean, bere momentuan grabatu zituzten antzezlan honen bi paseak transmititzea erabaki du YouTube platafoman doan, aktore bakoitzaren bi pertsonaien antzezlan ezberdina ikusteko. Niri ezinbestekoa iruditzen zaidan jardunaldia izango da!
Besterik? Noski baietz. Hurrengo egunotan etorriko diren Vida telesail izugarriaren itzulera hirugarren denboraldi batekin, Ricky Gervais komiko handiaren After Life produkzioaren itzulera, Betty edota Trying berrien iritsiera maiatzaren hasieran… Aspertzen ari dena, nahi duelako da nire ustean, egin, ikusi, irakurri, edo sortu daitezkeen gauza guztiak ikusita!
Beraz, badakizue, hasi nahi duzuenarekin eta gozatu! Nik, gutxienez, egingo dut-eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!