TELESAILEN ADI(K)TUA

Zamariak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2020ko ots. 29a, 00:00

'ZEROZEROZERO' telesaila martxoaren 6an iritsiko da gure pantailetara; 'Gomorra' famatuaren idazlearen lanean oinarritua. Ez da hilabete honetako gomendio bakarra, hala ere. Onena, norberak ikusi eta epaitzea!

Onartu dezagun; gaur egun interneteko plataforma ezberdinek hartu duten indarra geldiezina bihurtu da. Hauen ugaritzeak ekarri duen onura ikusi beharra dago difusio, malgutasun eta barietateari begira. Halaber, iruditu zait denbora askoan, honek ohiko telebistari kalte egiten ziola, gurean ditugun hainbat kateetan, produkzio edota telesail eduki aldetik gero eta murritzagoak ikusten bainituen. Moldatze prozesu bat zela ez genuen ikusten, agian?
Netflix, Amazon edo HBO bezalako plataformek irabazitako botereari kontra egin ordez, telebista kate tradizional gehienek, hauekin elkarlan pro­ze­su batean sartzeko erabakia har­tu zuten. Modu honetan, mai­leguak izateko aukera izateaz aparte, beraien produkzio pro­pio­ak internazionalki errazago banatzeko eta, era berean, be­rau­enak finantziatu edota ko­pro­du­zitzeko aukera handiago­ak izateko, hartara, kalitatea ber­ma­tuz. Horrela gertatu da, Eu­ro­pa mailan dauden hainbat pro­duk­tora eta media enpresek, hau­ekin izan dituzten akordio­en produkzio ezberdinen etorrera.
Eta gauzak honela, eta emandako txapa guztiaren ostean, iritsi gara gaurko nire gomendiora. Gaur ekarri dizuedan telesailaren izena da ZEROZEROZERO. Sky Italia, Canal + eta Amazon-en arteko elkarlan indartsua. Izen bereko Roberto Saviano (Gomorra famatuaren idazlea) liburuan oinarrituriko produkzio honek, Stefano Somilla zuzendari eta gidoilaria du buru. Aski ezaguna, berak ekarri zuen ere Gomorra liburuaren telesail adaptazio arrakastatsua edota Italian, famatuak egin zuten Suburra edota Romanzo criminale. Mexiko, EEBB, Italia, Senegal eta Marokon ekoitzia eta grabatua izan den serie honek, Lynwood familiak zuzenduriko itsas garraio enpresak, Mexikoko droga kartelekin eta Italiako mafiarekin elkarlanean sortutako sarearen inguruko gertakariak kontatuko dizkigu. Iazko Veneziako zine festibalean Premierra izan zuen arren, Italian eta Europa mailan, otsailaren 14an estreinatu zen. Gurera ordea, martxoaren 6an iritsiko da Amazon PrimeVideo zerbitzuaren eskutik, denboraldi osoa egun berean estreinatuz. «Cast» internazional aski ezaguna duen fikzioak, 8 atal izango ditu guztira. Droga eta mafia internazionalak, familia boteretsuak eta negozio zikinak; thriller gordin naiz interesgarria. Ni, dagoeneko, harrapatua naukana... 
Gehiagorik behar? Hil honetan ere izan ditugu: The Sinner, Briarpatch sailkaezina, Gente hablando, Locke&key, Vergüenza bikaina, Kidding paregabea, Drama, Homeland, Narcos: Mexico, High fidelity, Outlander, Hunters, L'amica genial, Better call Saul nahitaezkoa, I am not okay with this bizarroa edota Altered carbon. Aukerak nonahi! Sarean bilatu itzazue eta ustekabeko opariren bat jasoko duzue hauetako batzuekin ere. Dena den, beti bezela, ikusi eta txunditu! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!