Telesailetan adi(k)tua

Gero eta aukera gehiago, baina ez beti hobeak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2019ko abe. 28a, 00:00

30 telesaileko zerrenda egin du Caracciolok, 2019koen artean.

Urteko errepasoa egin eta telesail gustukoenen zerrenda osatu du Aitor Caracciolok. Denak ezagutzen ez badituzu, baduzu urtea bukatu eta berria hasteko nahikoa lan!

Urtea amaitzear dagoen honetan, denek dugu joera halako atzera begirako bat egiteko. Gure buruan sortutako eskema tenporalean, itxiera edo errepaso puntutzat jotzen dugun unea da. Eta honekin hainbat erabaki, lan, momentu edo sentipen berrikusi edo baloratu nahi dugu. Zer esan, orduan, nere adikzioari buruz ere... Urteak ekarritakoari so egitea tokatzen zaigula.  

Urteko telesail interesgarrienen (ez dut 'onenen' esango, nik ikusi eta subjektiboki aukeratutakoak dira-eta) zerrendarekin hasi aurretik, aipatu nahiko nituzke beste ideia interesgarri pare bat.

Lehena, mundu honek jasan duen masifikazioa. Urte batzuetatik hona esponentzialki igo da telesailen produkzio kopurua. Honek tamalez, kantitatean gorakada ekarri badu ere, kalitatean ez du hainbeste eragin kasu askotan. Egia da, inbertsioa handia da, arrisku gehiago hartzen dira istorio eta tematika ezberdinak tratatzeko (zinean azken aldian gertatzen ez den bezala), baina kasu askotan merkatua saturatzen duten produktu azkarrak ateratzearen alde izaten dira kate asko, konpetentziari aurre egitearren. Eta gauzak honela halaxe gertatzen zaio ezohiko ikusleari, galtzera iristen dela gaur egun dugun telesail itsas zabalean. 

2019 TELESAILAK
1- Watchmen (HBO)
2- Succession (HBO)
3- Chernobyl (HBO)
4- The virtues (Channel 4)
5- Il miracolo (Sky Italia)
6- Mindhunter (Netflix)
7- Euphoria (HBO)
8- Years & years (BBC)
9- Undone (Amazon)
10- Unbelieavable (Netflix)
11- State of the union (Sundance Channel)
12- When they see us (Netflix)
13- Fleabag (BBC)
14- The victim (BBC)
15- What we do in the 
shadows (FX)
16- Limetown (Facebook watch)
17- After life (Netflix)
18- Dickinson (AppleTV+)
19- Marianne (Netflix)
20- Ramy (HBO)
21- The boys (Amazon)
22- The OA (Netflix)
23- The little drummer girl (BBC)
24- Wayne (Youtube)
25- Russian doll (Netflix)
26- Sex education (Netflix)
27- Kingdom (Netflix)
28- Barry (HBO)
29- Sex education (Netflix)
30- Black monday (Showtime)

Bigarrena, telebista munduaren digitalizazioa hemen da. Hainbat plataforma bagenituen (Netflix, HBO, Amazon, Filmin...), gehiago etorri dira (AppleTV+, Disney+, FacebookWatch...), kate tradizionalek ere zerbitzu berriak sortu dituzte (EITB Nahieran, AtresmediaPlayer...). Badirudi konturatu direla behingoz, ikusleok nahi duguna eta nahi dugun momentuan kontsumitzeko aukera badugu, modu errazagoan eta hobean iristen direla berauen produktu berriak edonora; betiko audientzia, ordutegi, hizkuntza edo publizitate arazoak baztertuz. Ideia bat egin dezazuen: espainiar estatuko kate generalistek saltzeko zaila zen galizierazko telesail bat baztertu zuten eta Netflixek potentziala ikusirik, Ingalaterrako telesail ez natiboetako ikusienetakoa bihurtu du. Hau da, dena dugu eskuragarri eta hori ona da! Telesail berri ugari aurkitu eta nahi dugunean ikusteko edota Goenkale bezalako klasiko bati berriz ere hasieratik heltzeko. Aukerak!

Dena den, goazen mamira. Nire telesail sailkapenean irabazletzat HBO hegemonikoa aurkitzen da. Bereak diren Watchmen, Succession eta Chernobyl dira nire zerrendaren buru. Hirurak ezagunak seguruenik zuetako askorentzat, hauek aipatu baititut jada, bestela, izenak gogoratu. Produkzio ingelesek ere badute aipamen dexente: The virtues, Years & years, State of the union, Fleabag... 

Aipamen berezia behar du agian Il miracolo telesail italiarrak, bosgarren postuan badago ere, biziki txunditu ninduen lana izan zen-eta. Hala ere, agian ez da publiko guztiari irekitako proposamena, baina The Leftovers telesail kuttunaren antzera,  errealitatea eta fedea zalantzan jartzen dituen telesail potentea, bisualki eta narratiboki.

Egia esan, horrela jarraitu nezake beste 4 orrialde oso beterik, baina agian errazagoa izango da, esandako guztiak eta gero, nik hautatutako 30 telesailen zerrenda uzten badizuet. Badakit asko direla pentsatuko dutela askok, baina aurten izandako kantitate eta kalitatea kasu batzuetan ere halakoa izan da. Beldurrik ez izan eta jolas dezagun bingora. Zerrendatik ikusitakoak markatu eta osatu bitartean baduzue zeregina! Urte berri on!   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!