Egia esango dut, ez naiz ez pertsona jakintsuena eta agian ezta hoberena ere, halako gaia taxuz tratatzeko, baina bertan esan nuen moduan, agian hori da askok egin behar dugun ariketa edota ahalegina: gori-gorian dagoen arazo sozial hau, egun bakar batean ikusarazi beharreko gauza baino, gure egunerokotasunean tratatu, jorratu eta bilatu; eta egiten ditugun (ditudan) jarrera toxikoak aztertu, gure eta gure ingurukoen artean kontzientzia aldakor bat sortzeko, gurea da-eta, hau guztiz aldatu eta konpontzeko zeregina, eta bai, gizonezkoez ari naiz batik bat. Gure ezjakintasun eta ez-ikusteak ekarritako ondorioengatik.
Gauzak horrela, goazen mamira. Galdetuko banizue indarkeria tratatzen duen fikziorik ikusi duzuen azken aldian, erantzuna baiezkoa izango litzateke? Askok agian, ez duzue gogoan izango edo kostako zaizue hala den jakitea. Baina badira azken urteotan hainbat telesail, arazo hau tratatu edota beraien istorioan barneratua izan dutenak. 13 reasons why, You, Jessica Jones, The fall, Top of the lake, Vis a vis, One Mississippi, Las chicas del cable edota Sweet/Vicious produkzioetan, maila ezberdinetako indarkeria pairatutako protagonistek honi nola aurre egin behar zioten ikusteko aukera genuen. Kasu bakoitza ezberdina bada ere, errealitate horrek dakartzan arazoak aurkezten zizkiguten fikzioak dira.
Hemengo artikulu batean aipatutako Netflixeko Creedme (Unbelievable) telesailak ere, bere lehen atalean modu oso gordin batean eramaten gintuen neska gazte batek jasandako bortxaketaren ostean eginiko salaketan jasan beharreko oinazealdi administratibo eta mesfidantza polizialetik barne. Gerora, telesail horrek break aukera ematen zuen ikusteko, ikertzaile berrien eskutik, gertatutakoaren eta beste hainbat kasuren erasotzailea nola harrapatzen zuten.
Zer esan Big Little Lies, HBO zerbitzuko miniserie multipremiatuak aurkezten zigun beste arazo aski ezagun bati buruz. AEBtako auzo erresidentzial idiliko horietako batek ematen zigun itxura perfektuaren atzean, denon itsutasunaren aurrean gertatzen diren biolentzia kasu eta gertakariak azaleratzen zituen. Etxeko ate atzean, isilpean gertatzen diren sufrimenduek dakarten espiral negatibo amaigabeak ekar ditzakeen ondorioak.
Edo ITV kate ingelesaren Liar, gurean HBOren eskutik; zita perfektu baten ostean, irakasle den Laurak Andrew medikua salatuko du bortxatua izan delakoan. Biktimizazioa jorratzean baino, bi aldeek duten jarreran zentratzen den telesaila dugu. Egia zein den jakiteko kapituluz kapitulu saltoka ibiliko dena, gertakarien gauera eta ikerketaren artean. Gure gizartean gertatzen diren aurreiritzi eta gaizki egiteak palestrara atera nahi dituen telesaila dugu, gure pentsatzeko modu batzuen kritika bihurtuz.
Eta zer esan The Handmaid’s Tale bezelako distopiaz. Ezinezkoa iruditzen zaigu kupula militar eta erlijioso batek estatu kolpe bat eman ostean eta ugalkortasun arazoak direla medio, haurdun geratu daitezkeen emakumeak esklabutzat hartu eta giza inkubadoratzat tratatzea, ezta...? Infernu hori bizitzea nolakoa izango litzatekeen tratatzeko ausardia duen telesail indartsu nahiz krudela. Tamalgarria da gaur egungo deriba soziopolitikoa ikusirik, zientzia fikzio bezala sortutako liburuen adaptazioek egi bihurtzeko duten gertutasun edo aukera...
Azkenik, Maltratadas telesail argentinar antologikoa aipatu nahiko nuke, tamalez gurean ikusteko zaila bada ere, interneteko gune piratak ezagutzen dituztenentzat ez, beste guztientzat. 13 kapitulu bikainetan gertatzen diren egoera eta indarkeria kasu ezberdinak jorratzen zituen. 2011 urtekoa dugun telesail honen gidoilari bat den Esther Feldmanek, telesail honekin lortu nahi zutena azaltzeko esan zuenarekin bukatu nahiko nuke artikulu hau: «Kontua da klixe batzuk baztertzea eta pentsatzeari uztea genero indarkeria baliabide gutxiko emakume bat jotzen duen gizon mozkor baten emaitza baino ez dela. Mundu mailako arazo bat da, ertz asko hartzen dituena (…); estalita dagoena agerian uzteko aztarrika hastean, konturatzen zara denok uste duguna baino ohikoagoa dela». Beraz, hasi gaitezen danok pala hartuta, zulatzen.