Iritsi da denbora luzean itxaron dudan momentua. 2017an, nire ustean azkenengo urteetako telesail garrantzitsuenetako batek agur esaten zigun bai, bere hirugarren denboraldiaren amaierarekin, The Leftovers, eta honen sortzaile eta buru nagusia zen Damon Lindelofek.
Askok, agian, ez dituzue ez bata ez bestea ezagutuko, baina esango banizue Lost edota gurera Perdidos izenarekin gureganatu zen telesail “fenomeno”aren egileetako bat dugula? Eta beste honekin lortutako arrakasta ikusita, HBO kate famatuak Lindelofi produzitutako hurrengo lan haundia izan zela bestea? Kritikariak txundituz, ikusleak harrituz eta, nire kasuan, hori guztiaz aparte, nere barneko hainbat sentimendu kapituluz kapitulu gora behera batean mantenduz enamoratze punturaino ere eramateko kapazidadea izan zuela esango banu?
Sarrera potentea, ezta? Ba hara non, lan berri batekin datorkigun berriz ere HBO katearen eskutik, nire produktore eta gidoilari gustokoena, eta zer nolako seriea, gainera. Izena, Watchmen.
‘Watchmen’, orain telesail moduan
Seguruenik askok, 2009 Zack Snyder zuzendariak eginiko pelikula izango duzue buruan. Hala ere, honek oinarritzat zuen Alan Moore eta Dave Gibbons 80 hamarkadako nobela grafiko famatu eta multipremiatua izan dugu denen abiapuntu. Bertan, 1985 urtean zaindari modura dabiltzan heroi enmaskaratu batzuen istorioa kontatzen zen. Ez naiz artikulu honetan honen funtsa azaltzera sartuko, komikizaleak garenontzako edota hauek ezagutzen ditugunentzako ,beharrik ez dagoelako eta, era berean, telesail honetan kontatuko dena ikusi eta ezagutzeko, ez delako nahitaezkoa hauek denak jakitea.
Mundu berean kokatzen den telesaila dugu, baina modu independentean jorratzen den kontakizuna izango da (aurrekariak ezagutzeak hala ere, informazio gehiago ere emango du, eta ikusi ditzakegun hainbat metaerreferentzia eta komikieko omenaldiak uneoro izango ditugu).
Aste honetako astelehenean estreinatu zuen gurean Streaming zerbitzuaren bidez HBOk, eta kapitulu bakarrak ikusteko aukera izan bada ere, oso modu indartsuan eta batere kontzesiorik egin gabe sartuko gara mundu berri honetan.
Intrigak eta konspirazioak
Duda asko sortuaraziko dizkigun kapitulua, iritsi berri garen toki eta garaiko (gaur egun kokatua, komikiaren gertakariak eta 30 urtetara) idiosinkrasia eta egoeraren zantzu txiki bat emango diguna. Gure baitan hainbat galdera sortuko ditu, eta informazio minimoa eskainiko digu.
Ez dakizue benetan, nola gustazen zaizkidan horrela uzten nauten programa berriek. ikusmina piztu zaizue jada? Ni aspaldi nenbilen honen esperoan! Eta benetan esaten dizuet lehenengo atalak bete duela bere eginbeharra, hurrengo asteetan ni berriz pantailara itsatsita geratzeko. Intrigak eta konspirazioak, polizi eta milizien arteko guda, gertakari arraroak nonahi... Tik-tok, tik-tok (ikusi eta jakingo duzue zertaz ari naizen).