Udara gainera etorri zaigu (nola, gainera)! Eta San Joanak atzean utzi berri ditugun honetan, zer egin genezake? Askok oporrak hartuko dituzte, beste hainbestek ez dute zorte hori izango...
Eta telesailen munduan, zer esan. Azken aldian, mundu honetan dagoen epidemiak emango dizkigu (hala espero dut) sorpresa politak, bai estreinaldi edota baita itzuleretan ere. When they see us, Good omens, Black Mirror, The handmaid?s tale, Big little lies, Pose, To old to die young, Euphoria, Vida, Legion, Paquita Salas, The loudest voice, Stranger things, Sweetbitter, The boys, Dear white people, Preacher, GLOW, Succession... Amaigabea, zerrenda!
Hor dago gakoa, akaso; ikasi nigandik eta erabili udara denbora pasa hobeetan, telesail hauetako baten bati kasu eginez, behin edo behin. Ugaria dugu eskaintza, noski. Hala ere, adi(k)tutasuna baino, hobe denbora pasa arin izatea, esperientziaz betetako udara on batean. Agian dramatiko xamar jartzen ari naiz, ezta? Festen ajea izango da.
Hori bai, datozten telesailak aipatzea baino gehiago, nahiago dut, denboraldiko azken artikulurako, ederki gozatu dudan telesail txiki bati buruz hitz egin. Bere izena State of the union da; 10 kapitulu laburrez osaturiko produkzio minimalista, Stephen Frears bikainak zuzendurikoa eta Rosmund Pike eta Chris O?Dowd, beraien paperetan paregabe. HBOn ikusgai dugun lan honen berezitasuna, bere kapituluen laburtasunean (10-12 minutukoak) datza, eta, beraz, edozein momentu txikitan ikusteko aukera emango digu. Zerbitzu bereko En terapia haundia gogora ekartzen didan lan hau, ez dugu hasieran interesgarri joko. Baina, modu berean, hor izango du bere gakoa. Terapian hasi berria den bikote baten bizitzan sartuko gaitu telesailak; saiora joan aurretik, hartzen duten tragoaren momentu labur horretan. Eta hor harrapatuko gaitu segituan istorioak, beraien arteko erlazioaren zirrikituan murgildu eta beraien solasaldiek guregan piztuko duten jakinminak emango baitigu minutu gutxi horiek gozatzeko aukera. Nola egunerokotasuneko gai ezberdinak beraien egoera pertsonalarekin nahastuta, duten arazoari buelta ematen saiatuko diren. Lortuko dute? Modu bakarra hau jakiteko.
Edozein unetan, etxean, autobusean, hondartzan, nahi duzuen tokian irentsi daitezkeen bokadutxoak. Erraza nahiz entretenigarria suertatzen den perlatxo zoragarria, udara honetarako.
Eta orain badakizue, gozatu udara eta IKUSI TELESAILAK!