Sorpresaz betea iritsi zaigu martxoa telesailen munduan gurera. Esan beharra dago hainbat estreinaldi eta itzulera direla medio, aski betea izan dugula hilabetea.
Ez ohikoa den mungimendu batean, kate eta internet bidezko plataforma ezberdinen arteko guda txikiak, telesail sorta bikaina ekarri digu. Denak aipatzea ezinezkoa bada ere... Emakumeak protagonista diren produkzio paregabeak itzuli zaizkigu: Better things, Fleabag, Derry girls edo The good fight, adibidez.
Frikiagotzat jo ditzakegun American gods, Love Death & Robots edota What we do in the shadows apartak ere gure artera iritsi zaizkigu. Billions drama boteretsuaren itzulera eta The act (Hulu kateko lanik berriena; esanguratsua oso, baina indar handikoa) bezalako proposamenarekin batera nahitaezkoak suertatzen zaizkidan istorioen artean sartu zaizkit, baita ere: Hanna, Osmosis, On my block... Ikusten duzuenez, zerrenda amaigabea.
Dena den, hauen denen gainetik dagoen estreinaldi handi bat izan dugu hilabete honetan. THE OA telesailaren itzulera. Bere bigarren denboraldia estreinatu du Netflix plataformak, lehenengoa estreinatu eta hiru urte beranduago.
2016ko abenduan kaleratua, Prairie Johnson gaztearen bizitzan sartzen gintuen; zazpi urtez desagertua egon ostean, bere etxera bueltatzean hasten zitzaigun telesaila. Baina ez hori bakarrik; itsua zen neskatoak ikusmena berreskuratuta egiten baitzuen buelta. Zer gertatu zen urte haietan? Nola liteke? Zortzi kapitulutan zehar misterio horiek argitu eta beste hainbeste aurkezten zizkigun kontakizun paregabe honek era berean, cliffhanger (bukaerako suspensedun eszena irekia) galantarekin izan zuen amaiera. Bere momentuan ikusle guztiak txunditurik eta beldurturik utzi gintuen. Hala bukatzekoa ote zen telesaila? Ez al zen gehiagorik izango? Zorionez eta zoritxarrez, bere buelta izango zela esan baziguten ere, arazo txikitxo bat genuen; noiz izango ote.
Ikusi ez duzuenontzat paregabea den notizia da, artikulu hau irakurri ostean bikaina den lehen denboraldia ikusteko aukerarekin batera, bigarreneko zortzi kapitulu berriak ere ikusteko aukera izango duzuela, guk pairatu dugun ezinegona sufritu gabe. Era honetan, ?beteranoak? garenekin, Aliziak ipuinean egiten zuen modura, untxiaren gordelekutik barrena dagoen toki ezezagun berrietara joango zaigun istorio misteriotsu eta galdera berriz beteak ezagutzera iritsiko gara. Gure jakinmina asetzekotan gauden momentuan, hala ere, zer gutxi dakigun eta zenbat gauza berri ikusi behar dugun ezagutuko dugu.
Asko dute kontatzeko telesail honetan, eta asko da bizi eta gozatu behar duguna guk ere. Nik pertsonalki gauza bakarra eskatuko diot Netflix webguneari. Ez ditzala 3 urte behar produkzio paregabe honen hirugarren denboraldia egiteko, mesedez!