Nork esango luke ia gogo gabe hasi nuen telesail bat, urteko lehen sorpresa haundian bihurtuko zenik! Gertatzen ari da azken urteetan, emakumeek sortutako telesail txiki baina potente asko ateratzen ari direla (SMILF, Vida, Insecure, Broad city, Big Little Lies, Killing Eve...). Eta egia esan behar badut, hauekiko izan dudan miresmen puntua izan da, azken hau ikustera bultzatu ninduena.
Natasha Lyonne aktoreak, Amy Poehler produktore eta aktoreak eta Leslye Headland zuzendariak sortua, RUSSIAN DOLL (Gurean Muñeca Rusa) telesailak, Nadia (Natasha Lyonne) izeneko New Yorkeko ‘gaztearen’ 36garren urtebetetze egunean sartuko gaitu. Honaino, dena oso normala. Non dugu arazoa, orduan? Gure protagonista hil egingo zaigu! Lasai, hala ere, hau ez da-eta, bere bukaera. Zergatia jakin gabe, bukle infinito batean sartuko da eta bere akzioak aldatzen baditu ere, behin eta berriz, modu komiko nahiz tragiko diferenteetan, emaitza berarekin egingo du topo, hil ostean denboran atzera eginik eta berriz ere gertatutako esperientziak biziz hamaika situazio ezberdinetan.
Argumentuak beste hainbat pelikula eta serieena kopiatzen badu ere, trataera modua izan da gehien erakarri nauena. Hau da, Nadiak heriotza saihestearren egiten dituen aldaketek ekartzen duten berekiko ezagutze kapa berria, bere izaera Matrioska bat izango bailitzan. Nabaria da zentzu honetan pertsonaia eta sortzailea emakume bera izateak ematen dion sakontasun eta errealismo puntua. Komedia beltza bada ere, eta gag komiko asko erabiltzen badira ere, hiltzeko moduetan, Nadiaren buruan sartu ostean ikusten ditugun geruza ezberdin guztiek dakarten ezagutzak bere benetako izaerara eramango gaitu. Hau da, bidaia pausoetan ikusiko dugu eta ez ‘hainbeste’ helmugan...
Netflix plataforman estreinatua otsailaren 1ean, 8 kapituluz osaturiko denboraldia du soilik. Modu erraz eta eraginkorrean montatua, behin hasita, kapitulu gehiago ikusteko eskatzen duen horietakoa da, teknikoki eta estetikoki ederra, musikan ere indar haundia topatuko duzuelarik.
Akatsez beteriko protagonista arraro batekin konektatzera iristerako duen abilezia, eta drama eta komediaren artean duen oreka paregabeak bihurtu du daramagun urtearen lehen perlatxoan. Benetan, ez galdu! Ez zarete damutuko.