Gutxitan gertatzen da urtean zehar telesail bat ikusi eta hau nahitaezkoa bihurtzea. Zortea izaten da agian horrelako pare bat edo hiru izaten baditugu. Gaurkoan dakarkigun telesaila horietako bat da. Beraz, adi!
The Haunting of Hill House, Netflix plataforman estreinatu zen urriaren 12an. Ez zioten halako kanpaina handirik egin, bere momentuan The OA edo Stranger Things telesailen antzera. Baina, bi hauen modu berean, bakarrik saltzen den produktu erakargarri eta izugarrian bihurtu da sare sozial eta hainbat blog espezializatutan. Beldurrezko istorio honek, kritika bateratu eta merezitakoa lortu du, PAREGABEA da eta.
Izen bereko Shirley Jackson idazlearen nobelan oinarritutako telesail hau, Crain familiak Hill House mansiora aldatu zirenean gertatzen hasi zitzaizkien ezbeharren kontakizuna dugu. Beldur gotiko klasikotik edaten badu ere (etxe zaharra, ilunpeak, ispilu isladak, itzal eta forma arraroak…) istorioaren oinarri nagusia, familiako pertsona bakoitzari bertan bizitzeak ekarritako arazo, ezbehar eta ondorioak azaleratzetik etorriko zaigu. Horretarako telesailak bi lerro tenporaletan saltoka ibiliz sortutako trama erabiltzen du: bertara bizitzera joan zirenekoa, familiako seme-alabak gazteak zireneko unea, eta gaur egungoa, hauek heldu egin direnekoa.
Modu honetan bi mailatan ‘sufriaraziko’ digute. Atal bakoitzean gure beldur irrazional guztiak aktibatuko dituzte, gure zentzumenei atsedenik eman gabe, baina, era berean, pertsonaia bakoitzaren mamu eta deabru internoek ere oinazea eragingo digute.
Ez zaituztet engainatuko, kakati xamarra naizela onartuko dut eta konfiantza osoz esan, momentu txar dezente pasa ditudala telesail hau ikusten. Estatu Batuetan ere hainbat arazo eta ingreso sortu ditu (antsietate krisiak direla medio). Beraz, bihotz ahulekoak bazarate, kontuz! Bakarrik ikusi baino, norbaitekin elkartu eta hala ere, kontuz zuen amets gaiztoekin…
Dena den, 10 kapituluz osatutako telesail hau, borobila dela esateko beharra ere badaukat, eta beraz, Ikusi Beharreko Telesailen zerrendan apuntatzeko obligazioa ere bai. Esan bezela, gutxi dira urtean zehar benetan txundituko gaituzten lanak, eta hau dugu, nere ustean, aurtengo perla hori. Ezin gehiago esan.