Itsasontzi baten...

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Caracciolo 2018ko mar. 24a, 01:00

Martxoa mugitu xamarra izan dugu mundu katodikoan. Estreinuz eta itzuleraz betea etorri zaigu hilabetea, telesailei dagokionez: Atlanta komedia bikaina bueltan izan dugu; The good fight, Jessica Jones edota Sneaky Pete interesgarrien den­boraldi berriak ere aurkeztu dituzte; Silicon Valley, Bi­llions edo The Americans (azken hau bere azken denboraldiarekin) txalotuak ere, hurrengo egu­notan iristekoak dira; eta beraiengan itxaropen haundia bildu duten Rise, Barry edo Trust bezalako estreinu erakargarriak ere izango ditugu.

Hala ere, bada hauek denak baino gehiago espero izan du­dan estreinu bat, THE TERROR, Estatu Batuetako AMC kateak (The walking dead, Breaking bad edo Mad men serieen sorlekua)  ekarriko digun telesail berria. Hurrengo astelehenean, hilak 26 (apirilaren 3an gaztelerazko AMC katean), estreinatuko den fikzio honek, nobela batean du oinarria eta, era be­re­an, egiazko gertakizun bat era­biltzen du premisatzat, beldurrezko istorio bat sortzeko.

Dan Simmons idazleak, HMS Erebus eta HMS Terror, ingalaterrako armadako bi itsasontziek, 1845an hasiko zuten espedizioaren gertaerak kontatuko dizkigu. Zein da berezitasuna? Bi ontzi hauek Ipar Polora egin zuten bidaia azkena izan zela; ez ziren inoiz itzuli, eta, desagertu egin ziren. Ger­takari hau erabiliko du au­toreak argumentu be­za­la bere lanaren oinarritzat. Hainbat hilabete izotzean trabatuta pasa ostean, tripulazioa desa­gertzen hasiko da, eta gerora, izaki baten lana dela jakingo da.

Ridley Scott zuzendari handiak babesturiko produkzio honek, 10 kapituluz osatutako den­boraldia izango du. Cas­ting­ari begira izenak ezezagunak egiten bazaizkigu ere, trailerra ikusteko aukera duenak (www.kronika.eus web orrian ikusgai), berehala ikusiko du, gehienak, azken urteetako produkzio nagusienetan (GoT, Westworld, Outlander...) lan bikaina egin duten antzezleak ditugula.
Liburua ezagututa eta moldaketaren atzean dagoen lan tal­dea ikusirik, azken urte  ha­ue­tan egon daitekeen beldurrezko produkzio onenetako ba­ten aurrean aurkitzen garela esa­ten dit nere susmoak. Ge­ne­roa, baztertua edo erreferente fal­ta nabarmenarekin ikusten dut eta agian nere esperantzak ber­tan jartzea ere arriskutsua izan liteke, baina, zer da bizitza behin edo behin  ez badugu ho­rrelako apostu edo tontokeriarik egiten? Nik gutxienez, probatzeko asmoa badut, zuek? 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!