Gauza arraroa da, azken urteetan telesailen munduan izan den bum edo arrakasta zinearen (betidaniko jaun eta jabe haundiaren) aurrean. Beti izan ohi zen zinea espektakulu eta historia haundien tokia, eta telebista komedia errazen eta istorio makalen bilgunea. 90garren hamarkadak ekarri zuen honen aldaketa, AEBetan kable bidezko telebista kate batek, kirol emanaldiak ematetik ateratzen zuen dirua, telesail produkzioan gastatzea erabaki zuenean. Lehenengo telesail mitiko horrek Oz zuen izena, eta katea noski, HBO. Puntu honetan sortu ziren The Sopranos, Sex and The City eta Six Feet Under, gaur egungo telesail mundu ero honen aurrekari eta klasiko hutsak.
Hauek ekarri zuten kritikaren miresmena eta HBOren famari jarraki, hainbat katek, urte askotan ez bezala, telesailen sorkuntzan diru inbertsioak haunditu zituzten, honela sortu zelarik 2000 urtetik aurrera gaur egun ezagutzen den telesailen Urrezko Garaia.
Mundu prolifiko honek ekarri duen pentsamolde aldaketan, zinea atera da galtzaile. Horretan ez bezela, telesailek arriskatu egiten dute beren produkzioetan, presupuesto gutxiko pilotoak aurkezteko aukerarekin, edozein ideia aurrera ateratzeko posibilitatea dute eta hainbat kapitulu (denbora) izateak, istorioa garatzeko aukera haundiagoak ekartzen ditu.
Gauzak honela, azken urte hauetan gertatu den azken pauso haundia bestelakoa izan da. Lehen fama galtzearen sintoma zirudienak, gaur egun, polifazetikoa izatearena ekartzen du. Hau da, Zuzendari eta Aktore famatu asko, zinean izena egin dutenak, telesail bat egitera pasatzen dira.
Gaurko nire gomendioak, oinarri honetan sortutako telesailak ditugu. Zine arrakasta kritiko eta premiatuen ostean, telesailetara datozkigun zinegile eta aktoreak dituzten proiektuak dira. Hiru hauek:
Counterpart: Urtarrilaren 22an estreinatua, Morten Tyldum (Headhunters) zuzendariaren eskutik, J. K. Simmons (Whiplash) Oscar aktorearekin. Bi mundu paraleloren arteko lotura dela eta, pertsona batek eta bere alter egoak, elkarren artean egin beharko duten ikerketa bati buruzko thrillera.
Mosaic: Urtarrilak 23. Steven Soderberghek (Ocean’s eleven) zuzendua, Sharon Stone (Basic instinct) aktorearekin. Gurera, sei kapituluz osatutako hilketa baten argitzearen istorioa bezala iritsi dena. Berezitasuna, akaso, AEBetan aplikazio baten bitartzez hilketa hau jorratzeko aukera dagoela, pertsonaia ezberdinen ikuspuntutik jarraituz, eta hainbat material extra ikusteko eta ikertzeko aukerarekin. Ea hori ere hemen martxan jartzen duten.
The Alienist: Urtarrilak 22. Cary J. Fukunagak (True Detective, 1go denboraldia) zuzendua, Daniel Brühl (Goodbye Lennin) eta Dakota Fanning (I am Sam) aktoreekin. XIX mende bukaeran New Yorken gertatzen ari diren hilketa krudel batzuk direla eta, inspektore batek eta bere laguna den psikologoak egingo duten ikerketari buruzko drama.
Aurreneko biak HBOk gurean duen webgunean ikusteko aukera dugu. Hirugarrena aldiz Netflixek izango du hurrengo hilabete hauetan, estreinatu bada ere, osoa aireratu arte ez baitute ipiniko. Era berean, hiru hauen trailerrak, Kronikaren web orrian ere ikusgai daude (www.kronika.eus) ikusteko gogoarekin geratu bazarete.