Betiko legez, duda askorekin hasi nuen hilabete hontako artikulua, hilabete ‘betea’ suertatzen zitzaidan-eta, honako hau, gurera iritsiko ziren hainbat telesail ikusita. Gorriz markatutako datak ziren The Girlfriend Experience (Azaroak 5), Peaky Blinders (A. 15), Gomorra (A. 17) eta Vikings (A.29) haundien itzulera eta gogotsu nengoen Alias Grace (A. 3), The handmaid’s tale, idazlearen beste liburu baten adaptazioa, SMILF (A. 5) eta Damnation (A. 7) telesail berriei tokia egiteko, berauen trailerra ikusi ostean. Baina segurtasun osoz esango dizuet, sorpresa galanta izanik, meritu guztiarekin sartu dela gaurko gomendioa lerro hauetan.
Aipatzen dizuedan telesaila, GODLESS dugu, Netflix zerbitzuaren zazpi kapituludun telesail labur berria. Hilaren 22an, asteazkenean, estreinatu zuen interneteko zerbitzuak, kanpaina haundirik egin gabe, trailer bakar baina deigarria kaleratuta, seriezale garenoi desira pizteko. Hau ikusi ostean (eta nere frikismo maila asetzearren), bere fitxa teknikoari begirada bat ematea ezinbestekoa iruditu zitzaidan. Eta hara non nere lehenego sorpresak: Steven Soderbergh zuzendari famatuak sortu eta produzitutako proiektua, Scott Frank gidoilariarekin (Logan pelikula arrakastatsuaren idazlea) batera, bigarren hau dugularik lan honen gidoilari, zuzendari eta sortzaile nagusia. Bere esku dago lan bikain honen ekoiztea. Era berean, Jeff Daniels, Michelle Dockery eta Jack O’Connell aktoreak bertan izateak ere puntu extra dezente ematen zizkion.
New Mexico estatuan kokatzen den istorioa dugu hau, 1880 eko hamarkadan. Eta bai, zuetako askok honekin ondorioztatuko duen bezala, Western baten aurrean aurkitzen gara. Desertuan aurkitzen diren herri galdu horietako batean ikusiko gara. Bizitza gogorreko, lege gutxiko, gaizkile askoko eta arma gehiegi dituen toki horietakoa; betiko westerrei bete beharreko omenaldia. Meategian lan egiten zuten herriko gizon gehienak, bertako istripu batean hil ostean, emakumeek hartuko dute egunerokoaren aginpidea, izandako zorigaitzari aurre egiteko eta beraien herria salbatzeko. Gauzak honela, azalduko dira herrian iheslari talde bat, beraien ‘legearekin’ eta beraien arazoak konpondu nahian... tiroketak, lapurretak, traizioa, dueluak,... betiko klasikoak, baina perspektiba berri batekin; pertsonaia sekundarioei so eginez. Estetika eta irudi paregabea eta antzezlan bikainak. Benetan interesgarria. Generoaren maitaleek biziki gozatuko duzue eta ez zaretenek, beno, beti esaten da aukera bat eman behar zaiola denari ezta? Probatu eta ez zarete damutuko.