Bi aste pasa dira Emmy Sariak (Estatu Batuetako telebistako sariak) banatu zirenetik eta esan beharra dago, aurten, nominatu zerrenda oso interesgarriarekin zetoztela. Aurreko urteko Game of Thronesen hegemonia (ia sari guztiak eramateko kapaza izan zena) desagertua zegoen, aurtengo sarietan epez kanpo gelditzen baitzen, honek, beste telesailei onura ekarri ziela. Sari hauetan hainbat kategoria badaude ere, lau dira agian oihartzun handiena dutenak; hauek dira, hain zuzen: Drama Hoberenaren Saria, Komedia H.S., Telesail labur H.S. eta telefilm edo Kapitulu aske H.S.
Oso aipagarria da, modu berean, aurtengo denboraldian emakumezkoak izan direla jaun eta jabe. Aipatutako lau ataletako saridun telesailetan emakumezko pertsonaia nagusiak ditugu eta egia esan beharrean gaude, eskertzekoa dela betiko estereotipo maskulinotik ateratzen diren hauek ikustea. Pena merezi du oso, telesail hauei kasu egitea.
DRAMAren arloan The Handmaid’s Tale izan dugu garaile. Gertuko iragan distopiko batean AEBko gerra zibil baten ondorengo gizarte teokratiko, totalitarioan haurdun gelditzeko kapazak diren emakumeetako baten bizitza ezagutuko dugu. Fertilitate arazoak zabaldu direnean mundu mailan, elite politikoek, hauek erabiliko dituztelarik beraien seme-alabak izateko. Trama indartsua, antzezlan hunkigarriak (bere aktore nagusiari ere saria eman diona), eta 10 kapituludun denboraldi hunkigarria.
KOMEDIAn Veep telesaila izan zen saritua bere bosgarren denboraldiarekin. Hirugarren urtez jarraian irabazten duen satira politikoa dugu. Julia Louis-Dreyfusen (bost urtez komediako aktore hoberenaren saria jarraian irabazita), AEBtako Presidenteordea izanik, egunerokoa umore azido batekin kontatzen digu. Bai esango dut, akaso, atal honetan, komedia oso ona bada ere, Master of None edota Atlantak, irabaztea espero nuela. Hala ere, meritu handia duen telesaila da irabazlea.
TELESAIL LABURretan Big Little Lies dugu nagusi; honi buruzko artikulu bat ere idatzi nuen. Komunitate pribatu ‘idiliko’ batean gertatzen den heriotza baten ostean, bertan azaleratuko diren sekretu eta istorioak kontatzen dizkigu. Zazpi kapituluz osatuta, Nicole Kidman eta Reese Whiterspoon famatuak ditu protagonisten artean. Telesail borobila (The night ofek irabaztea nahi banuen ere).
Azkenik TELEFIM saria, Black Mirror telesail antologikoko San Junipero kapituluak eraman zuen. Black Mirror ezagutzen baduzue, tramari buruz hitz egitea, zaila suertatzen da detaile gehiegi eman gabe, beraz gauza bakarra egin dezaket kasu honetan: biziki gomendatu hau ikusteko! Eta ezagutzen ez baduzue, hiru denboraldi zoragarri dituzue gozatzeko. Harrituko zarete bertako istorio arraroekin.
Badira beste hainbat telesail aipatzeko modukoak ere nominatuen artean. Baino txikia da gure tartea. Gehiago jakin nahi? Begiratu bat eman interneten. Ez zarete damutuko, benetan.