Orain dela 25 urte bukatu zen modura bueltatzen zaigu TWIN PEAKS telesail ikonikoa gurera. Laura palmerren ‘25 urte barru ikusiko gara Cooper agentea’ esaldiarekin.
Ezagutzen ez duenarentzat, Twin Peaks, 1990 urtean estreinatu zen. Bi denboraldietan banatzen ziren 30 kapituluz osatua, bere momentuko ‘TELESAILA’ dugu, gerora Los Soprano, Lost edota Breaking Bad izan diren mito haundiak bezala. Ez hori bakarrik; gaur egun egiten diren serieen aintzindaria dugu modu berean, bere estiloa, trama jorratzeko modua, irudi lantzea... behin eta berriz erabili dituzte gerora beste hainbat sortzailek.
David Lynch polifazetiko handia dugu maisulan honen sortzaileetako bat. Blue Velvet, Dune, Wild at Heart edo Mulholland Drive pelikula handien zuzendaria, musikaria, idazlea... bere estilo bizarroa ezagutzea ezinbestekoa suertatzen zait (neregan izan duen eragin subjektiboak hitz egiten du hemen akaso), honek gerora gaur egungo beste zuzendari askoengan izan duen influentzia ezagutzeko. Bere telesail honekin ere berdina gertatzen da. ‘Ikusi Beharrekoa’ edo amerikanoen ‘Must See’ atalean izan behar dugu gure burua seriefilo-tzat hartu nahi dugunok. Eta oso beharrezkoa iruditzen zait gaur egungo telesailen munduaren hazkundea eta aniztasuna ulertu nahi duenarentzat.
Premisa normal batean oinarritzen den istorioa dugu. Dale Cooper, FBIko agente berezia, Washington Estatuko Twin Peaks herrira bidaltzen dute bertan gertatu den Laura Palmer gaztearen hilketa argitzeko, modu berean herri honen eguneroko bizitza eta jendea ezagutuko dugularik. Hala ere, bereala konturatuko gara dena ez dela hain sinplea. Kasuak aurrera egiten duen heinean, herri honetako sekretu eta pertsonaia arraro asko azaleratzen hasiko zaizkigu, Cooper agentearen eta gure zentzutasunari 11 bira emango diotelarik.
Eta puntu honetan 25 urte beranduago bueltatu zaigu telesaila gurera, 18 kapituluz osatutako hirugarren denboraldi batekin. Trama, gaur egunera ekarri badute ere, urte hauek denak pasa direla ikusiko da, era berean. Ia casting guztiaren bueltarekin (eta hainbat aktore famaturen kameo eta pertsonaia berriekin), herrian urte hauetan izan diren aldaketak ezagutzen joango gara. Era berean, Lynch berak atal guztiak zuzendu dituela jakiteak, ezohiko gertakariak momentu oro izango direlaren ziurtasuna ematen digu.
Maiatzaren 21ean, aurreko igandean, aldibereko estreinua izan zuen mundu mailako 30 herrialde ezberdin baino gehiagotan (Gurean Moviestar+ plataforman). Horrelako estreinaldi bat gertatzeak erakusten digu zer nolakoa den Telesail Handi honen itzulera, 2017 urtean izan diren eta izango diren lanen artean, Podiumean izango da ziur asko. Nere kasuan, Gabonak aurreratu dira iada. yy