Onartu beharrean nago, hilabete honetako artikulua idazterakoan duda handiak izan ditudala, hitz egin behar nuen telesaila aukeratzerakoan. Beti esaten da, iraila eta urtarrila direla estreinuen data handiak, baina gaur egun aurkitzen ditugun telesail kopuru izugarriarekin, hau urte osora zabaltzen joan dela esan dezakegu. Eta egia esanda, apirila benetan izugarria suertatu zaigu.
Girls (HBO) telesailaren amaiera handia; derrigorrezkoak diren The Leftovers (HBO) eta Fargo (FX)-ren itzulerak; Guerrilla (Sky) edo The Handmaid’s tale (Hulu) interesgarrien estreinuak; Genius (NG); Dear white people (Netflix);... Baina, hala ere, niretzako orain dela bi urte gorriz markatuta dudan data, edo hobe esanda telesaila, AMERICAN GODS seriearen estreinua.
Apirilaren azkenekoan, 30ean, STARZ katean (Gurean Amazon Prime zerbitzuan) hasiko zaigun kontakizun hau, Neil Gaiman idazle handiaren izen bereko nobelaren adaptazioa dugu. Telesail adi(k)tuaz aparte irakurle sutsua izanik, nire autore kuttunetako baten istorio honen egokitzapena, gainera, Bryan Fuller (Dead like me, Wonderfalls, Pushing daisies, Hannibal) produktorearen eskutan bukatu izanak, hitz bakarra ekartzen dit burura: poza! Bien lanak biziki jarraitu eta disfrutatzen ditudan pertsona naiz, beraz, pentsa hau ikusteko dudan desira.
Telesailari begira... Imajina ezazue kartzelatik atera berri den preso bat zaretela, egun batzuk lehenago askatua izan dena. Zoritxarrez, arrazoia zure emaztearen heriotza da; zure munduaren, maitearen, bizitzaren desagerpena. Zer egin? nora joan? Hemen azalduko zaigu kontakizunaren bigarren pertsonai nagusia, Mr. Wednesday, gizon misteriotsua oso, laguntzaile baten bila dabilena, herrialde guztian zehar egin behar dituen bisita batzuk egiteko. Baina esango banizue Mr. Wednesday, benetan, Odin jainko nordikoa dela? Eta bisita hauek aintzinako beste jainkoei direla, hauek errekrutatu nahian, etortzekoan den gatazka handirako...
Fedea, moralitatea, sinismenen boterea, gizakiaren nortasuna. Gai ugari tratatzen zituen fantasiazko nobela honen moldaketa, ezinbestekoa suertatzen zait Bryan Fullerek Hannibal (lecter, El silencio de los corderos) pertsonaiari buruz egin zuen seriea ikusi ostean, eta hala ez bada, apuntatu zuen ikusi beharreko zerrendan. Hamar kapituluz osatuko den Lehen denboraldia, bihar bertan estreinatu, eta hurrengo astetik aurrera ikusteko aukera izango dugu, partxea jarrita edo modu normalean.
Hori bai, gauza bakarra eskatuko dizuet: mesedez, sartu mundu berri honetan nik egingo dudan gogo berdinarekin. Ez zarete damutuko.