Gaur egungo telesailen munduari begirada bat botaz gero, badira diru eta esfortzu handia inbertitu duten hainbat kate eta web orrialde. Mundu basati honetan, badira, era berean, ‘midas’ gisa hartu daitezkeen hainbat produktore edo eragile: Greg Berlanti (Arrow, The flash, Supergirl...), Chuck Lorre (The big bang theory, Two and a half men, Mom...), Judd Apatow (Love, Crashing, Girls...)... Eta gaurko artikuluko telesailaren sortzaile eta garatzailea, Ryan Murphy.
Ryan Murphy, Hollywood-eko telesailen munduko sortzaile famatuenetako bat dugu momentuan. Hainbat arrakasta izan ostean (bereak ditugu Nip/tuck; Glee; American horror story; Scream queens; American crime story; The normal Heart; Eat, Prey, Love) eta bere lanarekiko kritika eta publikoaren iritzia bateratu ondoren, bere urteetako proiektuari ekiteko aukera izan zuen azken urte honetan. Telesail honen izena, estreinatu berri den FEUD antologia dugu.
Bere beste hainbat proiektutan bezela, denboraldi bakoitzean istorio ezberdin bat kontatuko digun telesaila dugu Feud. Lehenengo denboraldi honetan Bette Davis eta Joan Crawford-ek What happened to Baby Jane?, 1962an estreinatu zen pelikularen filmazioan izandako lehia izango dugu tramaren oinarri. Lehenagotik zuten bata bestearekiko mespretxuak, grabaketan sortu zuen bion arteko gerra irekia. Luze hitz egin da Hollywood-eko banbalina munduan, bertan gertatu zirenei buruz, eta aktore hauen fan sutsua den Ryan Murphyk, hau pantailaratzeko asmoa izan du urteetan zehar (bigarren denboraldirako Galesko printze eta printzesa Charles eta Dianaren istorioa ere konfirmatu dute...).
Gainera, nabaritzen hasiak gara Murphyk lortu duen statusa; proiektu honetarako, adibidez, Jessica Lange (Crawford) eta Susan Sarandon (Davis) aktore handiak lortu ditu protagonista bien paperak jorratzeko (eta bai, ‘jorratu’ esango dugu, egiten duten rol karakterizazio bikainagatik). Hauei laguntzen ere Alfred Molina, Stanley Tucci, Kathy Bates eta Catherine Zeta-Jones aktoreak ditugu, besteak beste.
Zortzi kapituluz osatuko den telesail hau, martxoaren 5ean estreinatu zen AEBetako FOX katean, eta gurean HBO.es zerbitzuan ikusteko aukera daukagu, bertsio originalean (V.O.) edo gaztelaniaz. Gidoi paregabea, produkzio eta girotze lan bikainak, antzezlan izugarriak,... zer gehiago eskatu daiteke? Nere ustean, ezer ere ez. Benetan, ikusi behar den horietakoa!