Otsaila telesailetan hilabete aktiboa izan da hainbat estreinu direla medio: Legion (FX katea, 1 Denboraldia), Girls (HBO, 6 D), Billions (Showtime, 2 D), The good fight (CBS, 1 D), Bates motel (A&E, 5 D)… Baina, agian, espektatiba handienak sortu dituena, HBO katearen BIG LITTLE LIES telesail laburra dugu.
BLL telesailari buruz hitz egitean, bere fitxa teknikoak aipatzea ezinbestekoa da. Liane Moriartyk idatzitako izen bereko liburuaren adaptazio honen produktore exekutibo eta sustatzaileak, Reese Witherspoon eta Nicole Kidman aktoreak ditugu. Hauek, Hollywood-eko zine industriak beren edadeko aktoreentzako duten lan eskaintza murritzak ikusita eta pertsonaia hauek zuten interesgarritasun falta medio, produktora propioa montatu ostean, hasiera eman zioten proiektu honi forma emateko prozesuari. Horretarako, David E. Kelly (Ally McBeal) gidoilari eta produktorearekin eta Jean-Marc Vallée (Dallas Buyers Club) zuzendariarekin lan taldea sortu zuten, hainbat lan eta negoziazioren ostean, HBOk telesaila erosi zuen arte.
Otsailaren 19an, igandez, estreinatutako zazpi kapituluz osatutako istorio honetan, aipatutako sortzaile/aktore nagusiez aparte, Laura Dern (enlightened), Shailene Woodley (Divergente) eta Alexander Skarsgard (True Blood) aktoreak ere aurkituko ditugu, besteak beste.
Tramari begirada bat botatzen badiogu, BLL, Kaliforniako Monterey herrian dagoen komunitate ‘pribatu’ batean gertatzen den istorioa dugu. Idilikoa dirudien jende aberatsen eguneroko bizitzan murgildurik, gure aktoreen bizitza ezagutzen hasiko gara. Halaber, hilketa bat izan dela (edo hobe esanda, kronologikoki, izango dela) ezagutuko dugu, hildakoa zein den jakin gabe edo nola gertatu den. Bi linea tenporaletan salto eginez, protagonisten egunerokoa eta poliziak gerora eramango duen ikerketarena, datu eta aspektu berriak ezagutzen joango gara. Modu honetan, fatxada den bizitza honen atzean gure lagunek dituzten lixkar, arazo eta sekretuak azaltzen joango zaizkigularik. Postal idilikoa, egia den panoramika ilun argian bihurtuz.
Nabaria da Telesail honen funts nagusia, bere aktoreen antzezlana ‘jorratua’ dugula. Beraiengan eroriko baita tramaren pisu eta protagonismo osoa. Hala ere, aurkezten den gertakaria eta kontatzeko moduak, segituan harrapatuko zaitu.
Dudarik gabe, Hilabeteko Estreinua.