«Euskeraren alde zerbait egin badezaket, aurrera»

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Jauregi 2014ko ira. 27a, 02:00

Astigarragako Joseba Laburuk urte batzuk daramazki Gure Artean Euskaraz ekimenean laguntzen. Gaitz batek behartuta irakaskuntza utzi zuen, baina ez dio kendu gure
hizkuntzaren alde jarduteko gogoa.

Noiz eta nola hasi zinen mintzapraktika hauetan parte hartzen?
Laguntzaile moduan, orain dela lau edo bost urte hasi nintzen. Ez dut ondo go­goratzen emazteak edo beste norbaitek eman zidan honen berri… Baina, nire kasuan entretenituta egoteko prime­ran zetorkidan jarduera bat zen, nere gaitza pixka bat ahazteko, eta, gainera, euskeraren alde zerbait egin badezaket, ba aurrera.

Zer da zehazki egitasmo honetan egiten duzuna?
Ba, batzuetan paseatzen bestetan geldirik, hori gure artean erabakitzen dugu, hortxe ibiltzen gara euskeraz hitz egin eta hitz egin… Gainera, oso ongi pasatzen dugu. Ni, aurten, astean behin, goizetan, hiruko talde batekin aritu naiz, ordu eta erdiz, eta oso gustura gainera. Udan ez dugu etenaldirik egin, egun horretan ezer berezirik ez bagenuen behintzat, elkartu egiten ginen.

Talde batean laguntzen duzu, beraz, urte osoan zehar.
Ez. Iaz, adibidez, arra­tsaldetan ere beste talde batekin aritzen nintzen, maila haundiagoko euskal­dunek osatutakoa.

Zein da mintzapraktika hauetan parte hartzen duen jendearen perfila?
Ez dago perfil zehatz bat. Adin desberdinetako jendea aritzen da, gehienetan, eus­kaltegi batean klaseak ja­sotzen ari direnak… eta ondoren, praktikatzeko betarik ez dutenak.


Zenbat laguntzaile zaudete gutxi-gorabehera?
Ba, zazpi-zortzi laguntzaile izango gara. Batzuk talde bakar batean aritzen dira eta beste batzuk, ordea, bi taldetan. Bakoitzak duen denboraren arabera.

Zein ekintza desberdin egiten dituzte taldeek euskaraz hitz egiteko asmoarekin?
Hori partaideen artean era­bakitzen da, batzuetan guk proposatuko dugu eta bes­tetan, hiztunek. Nire kasuan, gehienetan pase­atzera joaten gara. Baina, beste talde batzuetan, zerbait hartzera joaten dira, mendira… Edo­zein aitzakia da ona euskeraz hitz egiteko.

«Paseatu, zerbait hartzera joan, mendira... edozein aitzakia da ona euskeraz hitz egiteko».

Mintzapraktika hauetan, partaideek ongi erantzuten dute?
Bai, normalean kurtsoa has­ten duenak bukatu ere egiten du. Batzuek hobeto, beste batzuek okerrago, baina denak saiatzen dira euskeraz hitz egiten.

Urteak igaro ahala, partaidetza areagotu ala gutxitu egin da?
Zehazki ezin dizut esan, hori hobeto Dobera Euskara Elkarteko ki­deren batek esango dizu, baina nik uste dut gu­txi-gorabehera ber­dintsu man­tentzen dela.

Zerk motibatzen zaitu, borondatez, urtero urtero, Gure Artean Euskaraz ekimenean parte hartzera?
Beno, lehen aipatu dizudan bezala… niretzako entre­te­ni­tu­ta egoteko modu atse­gin bat da. Hitz egiteko ara­zorik ez dudan bitartean, eus­kera ikasten ari den jendeari laguntzeko asmoa dut. Baina, orain medikuek berriro ope­ratu behar dudala esan didate, eta denboraldi batean behin­tzat, ezin izango dut egitasmo honetan aritu.

«Hitz egiteko arazorik ez dudan bitartean, euskera ikasten ari den jendeari laguntzeko asmoa dut».

Nola animatuko zenuke jendea Gure Artean Euskaraz mintzapraktiketan parte hartu eta laguntzeko?
Garrantzi handiko gauza dela iruditzen zait. Euskeraz ikas­ten ari den jendea badagoela ikusten dut, eta hitz egiteko gogoarekin ere bai… Baina, ondoren, kalean nahiz eta euskaldun ugari egon, erdera nagusitzen da. Hori dela eta, askok ez dute praktikatzeko aukerarik izaten.

Egitasmoaren oinarrian, be­raz, borondatezko jarduna da­go: partaideek elkarri la­gun­tzen diote, dakienak ez da­kienari erakusten dio, hel­du­en arteko komunikazioan eus­kerazko ohiturak ditu­enak ez dituenari hartzen lagun­tzen dio… La­bur­bil­duz, borondatez lagun­du nahi duten euskal­dunak bitar­te­ko, euskeraren erabilera han­ditzeko ahale­gina egiten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!