Doberak hainbat egitasmo dauzka euskeraren erabilera bultzatzeko, eta horien artean azpimarratzekoa da Gure Artean Euskaraz ekimena. Hamaika urte daramazki proiektu honek martxan eta urte hauetan guztietan herritar ugari izan dira dohainik eta erosotasunez euskera praktikatu dutenak. Nagore Zubitur Dobera Euskara Elkarteko arduradunak aipatu digunez: «Iaz, esaterako, 38 pertsonak parte hartu zuten, 10 taldetan banaturik».
Hasi berria den ikasturterako taldeak osatzen ari dira eta egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek eta inguruko guztiek Dobera Euskara Elkartera zuzendu beharko dute.
Talde bakoitzeko partaideen artean erabakitzen dute non eta noiz bildu euskera praktikatzeko.
Taldeen antolakuntza
Gure Artean Euskarazen parte hartzen dutenak talde txikitan biltzen dira, hiruzpalau kidez osatutakoak. Tartean, noski, euskera menperatzen duen pertsona bat izaten da laguntzaile moduan. Gainerako taldekideek euskera praktikatzea bilatzen dute, segurtasuna irabazteko, lotsa galtzeko edo hizkuntza maila hobetzeko, besteak beste.
Bi motatako perfila duten partehartzaileek osatzen dituzte taldeak, normalean; batetik, euskerarekin zailtasunak dituztenek eta bestetik, euskera jakin eta hitz egiteko ohiturarik ez dutenek. «Izena emateko momentuan, astean ondoen datorkien eguna eta ordua adierazi behar digute, eta nahi izanez gero, zein motatako taldetan kokatzea gustatuko litzaiekeen ere bai», azaldu dute elkartetik.
Partehartzaileak astean behin elkartzen dira, ordubetez gutxienez. Euren artean erabakitzen dute noiz eta non bildu euskera praktikatzeko. «Ez dira euskarazko klase teorikoak» argi utzi nahi izan dute Doberatik, «gauza edo jarduera atseginak eginez, euskeraz aritzeko une erosoa lortzea da asmoa».
Mintzapraktika hauek dohainik dira, jendeak borondatez hartzen du parte, bai euskera praktikatu nahi dutenek eta baita laguntzaileek ere, eta edozein momentutan eman daiteke izena.
Euskeraren erabilera Hernanin
Udalak egindako azkeneko neurketen arabera (2011ko urria), herritarren %60 inguru euskalduna da eta beste %20 ulertzeko gai da. Aldiz, kale erabileran, euskeraz hitz egiten duten hernaniarren ehunekoa dexente jaisten da: %40 baino gutxiago aritzen da egunerokotasunean euskeraz.
Euskeraren erabilera apalagoa da Hernanin, ezagutza baino.
Beraz, nahiz eta azken urteotan gure hizkuntzak indarra hartu duen zenbait eremutan, hala nola, Udalaren barne eta kanpo lanean, irakaskuntzan edo elkarteetan, erabilera sozialean, berriz, gaztelania nagusitzen da. Arrazoiak desberdinak eta konplexuak dira: hizkuntza bat do bestea erabiltzeko ohiturak, erosotasuna, lotsa…
Euskeraz hitz egin nahi al duzu?
Ausartu eta egin salto! Izena emateko edo informazioa eskatzeko Dobera bulegora zuzendu zaitezke (Larramendi 11, behea) edo deitu 943 33 27 99 telefonora. Animatu eta parte hartu!
Gure Artean Euskaraz egitasmoa osatzeko asmoarekin, aurten, astean behineko hitzorduaz gain, taldeek elkar ezagutzeko eta harreman sarea zabaltzeko, ekintza desberdinak antolatu nahi dira: mendi eta kultur irteerak, ikuskizunak, afariak, hitzaldiak…