Goiz Eguzki abesbatzaren hamargarren urteurrena ospatzeko, hiru emanaldi berezi prestatu dituzte, Bestelako musikak eta gainerako festak izenburupean; dagoeneko eskaini dituzte bi, eta asteazkenean dute hirugarrena, 20:00etan, monologo saioa. Hiru saioetan, beraiek abestu ordez, ikusle moduan egon dira; herriko beste artistek egindako ikuskizunak jaso nahi izan dituzte, eta izugarri gustatu zaie. Hala ere, irailean, aparteko kontzertu bat eskainiko dute abesbatzako kideek, bere ibilbidea islatuko duena. Goiz Eguzki egoitzako kanpoaldean izango da, ohiko Ginkgo Biloba zuhaitzaren ondoan.
Abesbatzaren ibilbidea errepasatu dute, Jabier Zubimendi zuzendariak, eta Joxan Mitxelena abesbatzako kideak.
Nola sortu zen Goiz Eguzki abesbatza?
Gipuzkoa mailan, erretiratuen abesbatza ugari daude. 104 koru dira probintziako federazioko kide. Erretiratu aurretik, gutako batzuek beste koruetan abesten genuen, eta herriko zaharren egoitzan abesbatza sortzea pentsatu genuen. Ideia egoitzan aurkeztu, eta bertako zuzendariak, Paco Goyak, beso zabalik jaso gintuen lehenengo momentutik.
Zenbat kiderekin osatu zenuten duela hamar urteko lehenengo koru hori?
35-40 pertsonarekin osatu genuen. Batzuk bazkideak ziren, eta beste batzuek, bazkide egin behar izan genuen.
Beraz, erretiratua izateaz gain, Goiz Eguzkiko bazkide izan behar da koruan parte hartzeko?
Bai, noski. Bestela, batzuk agian ez ginen bazkide izango.
Egun, zenbat kidek osatzen dute korua?
60 kidek osatzen dugu korua orain. Duela urte batzuk ere iritsi ginen 60 izatera, eta kopurua zenbaki horretara mugatzea erabaki genuen. Leku batetik bestera ibiltzeko autobusa erabiltzen dugu, eta 60 pertsona baino gehiago ez ginen sartzen. Orduan, kide kopurua asko jaitsi zen, baina orain, 60 gara berriro ere.
«Erretiratu baino lehen, gutako batzuek beste koruetan abesten genuen, eta herriko zaharren egoitzan abesbatza sortzea pentsatu genuen. Ideia egoitzan aurkeztu, eta bertako zuzendariak, Paco Goyak, beso zabalik jaso gintuen, lehenengo momentutik»
Nolakoak dira entsaioak? Non elkartzen zarete eta zenbat egunez astean?
Goiz Eguzkin bertan areto bat daukagu, ekintza desberdinak burutzeko, eta bertan elkartzen gara. Astean bi egunetan entsaiatzen dugu, astelehen eta ostegunetan, ordu t’erdiz. Bestalde, nahi duenarentzako, solfeoko klaseak ematen dira, ondoren entsaioetan hobeto moldatu ahal izateko.
Kideek ongi erantzuten dute? Abesbatzarekin konpromezua hartzen dute?
Bai, oso txintxoak dira. Beti etortzen dira puntual, eta gogoz hartzen dute. Hala ere, onartu behar da adin batetik aurrera badaudela gauzak, ikasi ezin direnak. Solfeoa, adibidez. Eta ahotsa ere galtzen joaten garela, urteeen poderioz.
Zein izan da 10 urte hauetako ibilbidea?
Goiz Eguzki abesbatza, duela 10 urte Gipuzkoako koru-federazioko kide zen, eta beste egoitzetako koruekin batera ekintza desberdinetan parte hartzen genuen. Ondoren, diru arazoak medio, federazioko kide izateari utzi genion, eta egun, ez dugu beste koru horiekin batera jarduteko eskubiderik. Pena handia ematen digun kontua da; beste abesbatzekin harremanetan egoteko modua baita, beraiekin alderatu eta ikasteko aukera ematen du... Baina egun ezin dugu.
Orduan, nola antolatzen dituzue beste herrietan egiten dituzuen ekintzak?
Aldez aurretik, herri horretako abesbatzak eskainitako kontzertu batera joaten gara, eta han, ekintza-trukea proposatzen dugu. Hau da, egun batean guk kontzertu bat herri horretan ematea, eta beste batean, beraiek geurean abestea. Aurten, adibidez, Bergarako korua dator, eta ondoren, guk abestuko dugu han. Urrian, hain zuzen ere.
Non aritu zarete kantuan? Gipuzkoatik irten zarete?
Egia esan, ez gara Gipuzkoatik atera; baina arrazoi nagusia, noski, gure bisitaldiak dira. Gu gertuko kontzertuetara joaten bagara ekintza-trukeak proposatzera, inguruko herrietan abestuko dugu: Oñati, Trintxerpe, Hondarribia, Bergara... Gainera, kontuan eduki behar da adineko pertsonak daudela abesbatzan, eta urrutira joateko, baldintza batzuk bete behar direla. Agian Goizuetara edo Aranora joan beharko dugu bueltatxo bat ematera, Gipuzkoatik atera garela esan ahal izateko!
Herriko ekitaldietan ere hartzen duzue parte.
Bai, Hernaniko jarduera kultural guztietarako kontuan izaten gaituzte, eta gehienetan parte hartzen dugu, noski. Herriko beste abesbatzak bezala gaude integratuta. Duela gutxi, adibidez, Gure Esku Dagok antolatutako ekintzan abesteko deitu ziguten, eta bertan egon ginen.
10 urte igaro dira Goiz Eguzki abesbatza sortu zenetik, eta hori ospatzeko hiru saio berezi antolatu dituzue.
Bai, hiru emanaldi berezi prestatu ditugu, otsailetik apirilera bitarte, Bestelako musikak eta gainerako festak izenburuarekin. Oraingoan, guk abestu ordez, ikusi eta entzun egin dugu.
Lehenengoan, herriko hainbat bakarlari elkartu ziren, musika tresnez lagunduta eta akordeoilarien laguntzaz. Bigarren emanaldian, berriz, Hernani Musika Eskolako Helduen Taldeko kideak aritu ziren, instrumentu desberdinekin.
Eta amaitzeko, Goiz Eguzkiko hiru antzezlek, Ainhoa Pinedak, Jose Luis Gomezek eta Ixiar Gurmendik, monologo saioa eskainiko digute, datorren asteazkenean.
Beraz, abesbatzak ez du kontzertu berezirik emango.
Bai. Irailaren hasierarako, aparteko kontzertu bat prestatzen ari gara. Bertan, Goiz Eguzki abesbatzaren ibilbidea ondoen islatzen duten abestiak eskeiniko ditugu, eta horrela, 10 urte hauetako bilakaera ikusi ahal izango da.
Eta, nolako bilakaera izan du ba, zuen abesbatzak?
Hamar urte ez dira debalde pasatzen. Hasieran, ahots bakarrarekin abesten genuen; ondoren birekin; eta beranduago, lau ahotsekin. Beraz, alde musikaletik begiratuta, aurrerapen handia dela esan dezakegu, eta pozik gaude.
Bestalde, hamar urteko eskarmentua badugu, baina hamar urte zaharragoak ere bagara, eta ahotsak ez dira berdin mantentzen. Hala ere, oso ongi pasatzen dugu. Abesbatzarekin bete-betean asmatu genuela esango nuke. Oso giro ona daukagu, eta erronka musikalaz gain, beste funtzio batzuk ere betetzen ditu: abestea osasungarria da depresioarentzako, burmuina aktibo mantentzeko... eta lagunak egiten ditugu. Entsaioak bukatzean, askotan, batzuk zerbait hartzera joaten gara, eta abestu ere egiten dugu.
Javier, beste 10 urte gehiago zuzendari izateko prest?
Bai, noski. Beste hamar eta beste hogei ere bai. Seinale ona litzateke hori.
Herrian abesteko afizioa badagoela ematen du; hainbat abesbatza daude. Baina gazteenak, gutxi. Ba al dute etorkizunik abesbatzek? Behar dira gazteen koruak?
Nik etorkizunik ez dutela uste dut. Denborarekin koruetan abesteko zaletasuna galtzen joan da, eta hori, elizak gizartean duen paperagatik dela esango nuke. Lehen, elizak botere handia zuen herrian, eta elizetan beti zegoen korua. Norbaitek ongi abesten bazuen, elizako abesbatzan parte hartzen zuen. Egun, elizak ez du horrelako botererik, eta jende gutxi joaten da. Beraz, abesbatza, folk musika... ez daude gizartean barneratuta. Nola esnatu interes hori? Ba nik, egia esan, ez dakit.
Hernaniko kontserbatorian badago gazteek osatutako abesbatza bat. Hogeita hamar kide baino gehiago elkartzen dira, eta horietatik bi bakarrik dira mutilak. Nabarmena da, beraz, neskek mutilek baino interes handiagoa erakusten dutela. Hala ere, ez da nahikoa. Tamalez, ez dut uste abesbatzek etorkizuna dutenik.
Baduzue erronka berririk, ala berdin jarraitzearekin pozik?
Urtero dugu hilean behin kontzertu edo ekintzaren bat, eta pozik gaude. Beti martxan gaude, eta horrela jarraitzeko gogoa daukagu. Aurreko urtean TXOTX antzezlana egin genuen, antzerki musikala, guretzako normaltasunetik ateratzen zen jarduera bat. Oso gustura ibili ginen, eta harrera ona izan zuen. Nork daki, agian horrelako beste ekintza bereziren bat bururatuko zaigu, eta aurrera eramango dugu... Gizarteak, ekitaldi kultural berriek... eskaintza berriak eskatzen dituzte, eta horietara egokitu behar gara.
Zerbait gehiago esateko?
Bai. Goiz Eguzki abesbatzan parte hartzera animatu nahi dugu jendea. Ez da zaharren korua bakarrik, pentsiodun guztiek parte hartu dezakete, eta ez dago adin mugarik. Oraingoan, 60 pertsona baino gehiago izango bagina, beste herrietara joateko modua aurkituko genuke. Oso giro ederra dugu, gogoratu abestea osasungarria dela bai gorputzerako eta baita buruarentzako ere, eta lagun artean oso gauza interesgarriak egingo ditugula, euskaraz eta erderaz.