Kulturaren Euskal Behatokiak maiatzean egindako krisi-behaketaren arabera, zuzeneko emanaldien %82,6 inguru bertan behera utzi edo atzeratu egin dira eta jarduera honekin erlazionatutako lanpostuen %43,2 kaltetuak izan dira. Adierazle kulturalek urte hasieran garapen positiboa atzeman arren, gaur egun zalantza da nagusi agente guztien buruetan.
Horixe bera azpimarratzen dute bailarako hainbat musikarik: Agustin Garmendiak, Kilimak taldeko abeslari eta gitarjoleak, Joanes Beldarrainek, No Rights taldeko abeslariak, eta Bittor Herrerok, Meltdown taldeko bateria-jotzaileak, proiektua hankaz gora ikusi dute egun batetik bestera. «Hasieratik argi izan genuen hau luzerako izango dela», azpimarratzen du Garmendiak, «neurrien zorroztasuna eta egoera ekonomikoa eta mediatikoa ikusita, uda bazihoala argi ikusi genuen».
Beldarrainek, ordea, ez du horrela bizi izan. «Geldialdi bat espero genuen, baina ez hainbesterako. Dena atzeratu behar izan genuen eta, aterako ginela ematen zuenean, bigarren olatu hau etorri da».
Lehen berrogeialdia, lehen kolpea
COVID-19a pixkanaka sartu zen Euskal Herrian, baina neurri zorrotzek denok hartu gintuzten ezustean. Hori azpimarratzen dute, behintzat, hiru kideek. «Bat-batekoa izan zen. Lasaitasunarekin hartzen saiatu ginen, baina egoera azkar hobetuko zela edo behintzat lasaituko zela espero genuen. Ez genuen uste hainbeste iraungo zuenik, dio Herrerok, «zorionez ez genituen kontzertu asko itxita, baina genituenak oso onak ziren. Jaialadi batean jotzeko aukera izango genuen A Coruñan, beste batean Granadan, Euskal Herri mailan pare bat emanaldi...».
Gainerakoek, ordea, galera handiagoa izan dute. «Diskoa atera berria genuen eta aurkezpen bira hasteko prest geunden, baina momentu batean errealitate kolpe haundia jaso genuen», aipatzen du Beldarrainek, «Gipuzkoan kontzertu asko genituen lotuta, baita Bartzelonan ere. Karga mentala haundia izan zen eta gainera itxierak gure sormenean ere inpaktua izan zuen. Animo baxuak genituen».
Kilimakeko taldekideek ere zalantza haundiko geroa ikusi zuten eta aurreko udan hilero 8 kontzertu inguru ematetik aurten ekitaldi bakarra ematera igaro dira. «Argi ikusi genuen kontzertuak ez zirela egingo. Guk batez ere herriko festetan jotzen dugu eta festarik gabe, kontzerturik ez. 12 bat kontzertu utzi ditugu bertan behera, Herri Urrats horien artean. Pena haundia izan da guretzat», esan du Garmendiak.
Beste sektoreetan bezala, segurtasun-neurriek taldeen egunerokoan eragin zuzena izan dute eta hauetara moldatzea ezinbesteko bihurtu da. Zoom bidezko bilerak, entseguak bakoitzaren kontura, talde-lana internet bidez… «Hasieran animo aldetik gaizki geunden eta proiektua etetea erabaki genuen. Lehen asteen ondoren, pixkanaka gure etxeetan musika berria sortzen hasi ginen, gaur egun arte. Dena online, noski. Ni, esaterako, Bilbon egon naiz itxialdiaren zati haundienean. Zoom eta Discord aplikazioei esker elkarren artean hitz egiteko aukera izan dugu eta lortu dugu sormen-dinamika orekatu bat», azpimarratzen du Beldarrainek.
Horixe bera izan da taldeen barnean egon den eztabaida, Herreroren ustez: proiektua eten ala egoerara egokitu. «Diska berria sortzen ari ginen dena hasi zenean eta asko elkartzen ginen aurrez aurre. Skype eta antzeko plataformei esker gure kabuz lan egiteko aukera izan dugu, baina gogorra izan da ia egunero elkar ikustetik denak etxean sartuta egotera igarotzea. Honek mina eman digu: talde batean egotearen egunerokotasunak, kontzertuetan jendea eta lagunak ikusteak... garrantzia haundia dute, horiek dira proiektu baten barruan egoteagatik dituzun pozak eta pandemiak momentu horiek guztiak ekuaziotik kendu ditu», dio bateria-joleak.
«Artea beti itzalpean dagoen sektorea da eta beti okerren guk bukatzen dugu eta ez ditugu laguntzak jasotzen»
Zuzenekoez gain, beste alorretan ere eragina izan du konfinamenduak. «Itxialdia hasi zenean, astebete falta zitzaigun estudiora sartzeko. Kilimaken maketa grabatzeko prest geunden, baina dena atzera bota behar izan genuen. Hala ere, horrek ere bere alde ona izan du: kantak hobetu eta xehetasunetan murgiltzeko aukera izan dugu. Horretaz gain, Gaztea Maketa Lehiaketako finalean geunden eta azken momentura arte ez genuen jakin ospatuko zen ala ez. Emanaldia ematea lortu genuen, baina ez genuen lortu guztiz aprobetxatzea. Azken finean, Maketa Lehiaketa erakustoki bikaina da geroan kontzertuak eman ahal izateko eta ezin izan ditugu aktuazioak itxi egoeraren ondorioz», esan du Garmendiak.
Zuzenekoak, kaltetuenak
Datuak eta musikariak bat datoz. Zuzeneko emanaldiak izan dira pandemiaren ondorioz kaltetuenak, eta honek hiru arlo desberdinetan izan du eragina: arlo operatiboan, ekonomikoan, eta emozionalean. Denek diote hau dela gehien faltan botatzen dutena, zentzu guztietan: «Kontzertua jotzeko momentua baina gehiago, zuzeneko kulturan sortzen den giroa botatzen dut faltan. Guk hemendik kanpo asko jotzen dugu eta jende askorekin soilik ekitaldietan biltzen gara. Kontaktu pertsonala eta gozamena galtzea izan da zalantzarik gabe gogorrena, hori baita egiten dugun lanaren sari nagusia», Herreroren esanetan.
Musika estiloaren arabera ere eragina desberdina izan daitekeela azpimarratzen du Beldarrainek, «gure estiloa oso fisikoa baita eta orain ezin da zuzenekoetan dantza egin eta energia hori partekatu. Digitalki aurrera egin dezakezu sare sozialetan, baina jendea zuzenean gozatzen ez ikustea oso gogorra da», dio abeslariak, «gure estiloa zuzenekoez bizi da, azken finean».
Maiatzean argi izpi bat piztu zen musikarien bizitzetan. Deseskaladarekin batera aukerak nabaritzen hasi ziren zeru ertzean. «Astarbe sagardotegian zuzenean jotzeko aukera izan genuen eta Gaztea Maketa Lehiaketan ere aritu ginen. Gauzak egiteko aukera ikusi genuen, baina “deiaren zain” gelditu ginen. Festak ez zirenez ospatuko, ez genuen aukera berririk jaso», adierazten du Garmendiak.
Atzera botatako kontzertuek ere itxura hobea hartu zuten, «Bartzelonako kontzertua birkokatu baikenuen eta, aspaldiko partez, denok elkartu eta entseatzeko aukera izan genuen», Astigarragako No Rights-en kasuan.
Beste artista batzuek, ordea, beste dinamika bati eutsi diote irekiera berri honetan, egoeraren desegonkortasuna ikusita. «Gure esku dagoena egitera mugatu gara: musika sortu eta geroa planifikatu. Datozen hilabeteetan, segurtasun-neurriak kontuan hartuta, kontzertuak emateko aukera aztertu dugu baina oraingoz gurean jarri dugu fokua: kantak egin, prozesua dokumentatu, sare sozialetarako edukiak sortu...», dio Herrerok.
Geroari begira, zalantzak
Pandemiaren bigarren olatuan sartu-sartuta, egoerak atzera egin du berriro musikaren sektorearentzat. Hartutako neurri berriek zailtasunak areagotu dituzte berriro ere eguneroko jardunerako. «Gure kide bat Urnietan bizi da eta ezin da Astigarragara etorri. Ahal duguna egiten ari gara: berriro ere internet bidez jardun, hirukote gisa entseatu… Etxeratze-aginduak ere gure artean lan egiteko aukerak mugatu dizkigu. Ez da giro onena, baina hein batean bildu gaitezke behintzat», Beldarrainen hitzetan.
«Digitalki aurrera egin dezakezu sare sozialetan, baina jendea zuzenean gozatzen ez ikustea oso gogorra da»
Oro har, martxoan baina egoera hobea bizi dela azpimarratzen dute musikariek, «lana egiteko erraztasun gehiago baitaude eta gauzak egin daitezke. Egunerokoa hobea da; bizitza normalarekin parekatuta oso gaizki, baina martxoan baina hobeto gaude», Herreroren ustez. Hala ere, lurralde batetik bestera mugitu behar duten pertsonentzako zaila izaten ari da oraindik. Hori da Garmendiaren eta Kilimaken kasua. «Ni orain Nafarroan bizi naiz, eta mugan arazoak izan ditut. Gainera, entseatzeko arazoak izaten ari gara gure lokalean, ordutegi eta neurri berrien ondorioz. Pandemiako lehen egunetako egoerara itzuli gara: bakoitza bere etxean lanean, helburuak jarriz. Behintzat zuzenean aritzeko aukeraren bat atera zaigu, hobeto gaude zentzu horretan».
Musikaren munduaren geroan ikuspuntua jartzean, zaila da oso positiboa izatea. Herrero, esaterako, oso kritikoa da egoerarekin. «Dena pikutara joaten ari da. Kontzertu-areto gehienak gaizki daude, ixteko puntuan. Epe motzean behintzat ez dut argirik ikusten. Pandemiaren eragina modu gogorrenean jasotzen ari den sektoreetako bat da kultura: zuzeneko teknikariak, managerrak, kontratazio-agenteak, festibalak eta abar, ez dira ondo egongo egoera normalera itzuli arte. Arlo digitalean jarduten dutenek soilik ikusi dute egonkortasun moduko bat, hala nola musika-etxeek, streaming plataformetako langileek...».
Garmendiak ere ildo horri eusten dio, «artea beti itzalpean dagoen sektorea baita. Horrelako gauzak gertatzean beti okerren guk bukatzen dugu eta ez ditugu laguntzak edo erraztasunak jasotzen erakundeen aldetik. Arterik gabe bizitzak bere kolorea galtzen du eta gure ongizaterako eta zoriontasunerako beharrezkoa da. Musikarientzako marko legal finko baten beharra inoiz baina nabariagoa da». Izan ere, hortxe bertan ikusten dute gakoa musikariek.
No Rights talde astigartarra. Argazkilaria: @margazkilari.
«Erakundeek ez badute soluzio bat proposatzen eta ez badira benetan inplikatzen, ez gara errekuperatuko. Zuzenean edo zeharka, kontzertuak dira musika sektorearen diru-sarrera nagusiak, zalantzarik gabe», esan du Herrerok.
«Elkar hobeto ezagutzeko balio izan du»
Egoera zuri-beltza izan arren, ez da dena iluna. Beldarrainen hitzetan, «nere burua eta gure artean elkar hobeto ezagutzeko balio izan digu esperientziak. Musika egiteko balio dit egoera honetan bizi izandako sentsazio-bildumak ere. Horixe bera eramaten dut etxera egoera guzti honetatik: ezagutza». Garmendiak, are gehiago, esperantza handiarekin ikusten du geroa. «Orain blokeatuta egon arren, itxaropena dugu. Ilusio handia ematen digu proiektuak, asko gozatzen baitugu gure arteaz eta giro aparta dugu gure artean. Musika ogibide bihurtu nahi dugu eta asmo handiak ditugu geroari begira. Kanpora jotzera atera nahi dugu ere. Sare sozialak bizirik daude eta dena amaituko da momenturen batean. Urtebete barru edo bi urte barru izan behar bada ere, bueltatuko da dena».