Pottoka bidea Xareta haranari itzuli osoa ematen dion ibilbidea da. Guk ez dugu osoa egingo. Ainhoan hasi eta Zugarramurdin amaituko dugu. Ibilbideak bailarako lau herriak, bi Nafarroakoak (Urdazubi eta Zugarramurdi) eta bi Lapurdikoak (Sara eta Ainhoa), lotzen ditu. Bidea inguru horietako hiru kobazulo ospetsuetatik igarotzen da: Sorginen leizea Zugarramurdin, Ikaburu Urdazubin, eta historiaurreko Sarako kobazuloak. Ibilbidea balizatuta dago, pottoka urdin baten sinboloarekin, eta kontrabandisten bidea ere esaten zaio. Luzea da, baina beti bide onetatik eta zementatutako eta asfaltatutako pistetatik doanez, oso eroso egiten da.
Urdazubiko lezeak, Ikaburuko Lezeak izenarekin ere ezagutzen direnak, Urtxume errekaren higadura lanari esker sortutakoak dira. Bisita gidatu batek estalagmita eta estalaktitaz betetako mundu magiko batean murgiltzeko aukera eskaintzen du, antzinako pertsonaia, kondaira eta kontrabandozko istorioz betetako mundu batean alegia.
Zalantzarik gabe, Zugarramurdiko Lezea da herriko lekurik ezagunena eta bere historiako erdigune neuralgikoa. Hirigunetik 500 metro eskasera kokatzen da multzo karstiko ikusgarri baten barruan. Barrunbe nagusia Olabidea errekak (Infernuko erreka izenaz ere ezaguna) zulatu zuen. Errekak 120 metro luze eta sarreran 25 metro inguruko eta irteeran 12 metro inguruko zabalera dituen barrunbea zeharkatzen du, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera. Barrunbearen altuera, berriz, 10 metrotik 12ra bitartekoa da. Kondairak akelarreen ospakizunak kokatzen ditu bertan. Leizeen albo batean akelarrea dago, tradizioaren arabera, sorginen gaueko bilkurak egiten ziren larrea. Inkisizioak XVII. mendearen hasieran deabruaren adoraziotzat jo zituen erritu-jai horiek. Horregatik, sorginen bilkurek 'akelarre' izena hartzen dute. Gaur egun, udako solstizioaren inguruan, San Juan gauean, jai erraldoia egiten da argia eta sua gurtzeko. Abuztuan zikiro jatea egiten da bertan.
Inguru hauetakoa da Pedro Agerre Azpilkueta 'Axular' ere. 1556. urtean Urdazubiko Axular izeneko etxean jaio zen, eta hortik datorkio idazle goitizena eta historiara pasa den izena. 1643an idatzi zuen 'Gero' liburua, euskaraz idatzi den literatura testurik onena askoren esanetan. Eragin handia izan zuen ondorengo euskal idazleen artean. Haren luma trebeak ordurarte ezezaguna zen dotorezia erantsi zion euskarari. «Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan».
Axular euskararen (lingua navarrorumen) prosalaririk onena bezala hartzen da. Hizkuntza guztiek idazle modelo bat dute bere literaturako: Ingelesek Shakespeare, italiarrek Dante, espainiarrek Cervantes. Euskarak Axular du. Axularren lana Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroara hedatu zen nahiz eta lapurtarrez idatzita egon. 1644ko apirilaren 8an, 88 urte zituela, Saran zendu zen Axular.
Aita Barandiaran ataundar etnologo ospetsua Saran bizitakoa da (1936-1953 bitartean) Espainiako Gerra Zibiletik babesteko asmoz. 1936an Sarako lezeak publikora aurkeztu zituen. Sara herriarekin loturiko bitxikeria, gutxik ezagutzen dutena, 1978an herritarrek eginiko erreferendum da. Erreferendum horretan Larruna igo behar zuen errepide bat egiteari ezetza eman zioten. Horrek, ziurrenik, Larrungo tren ttipiaren biziraupena ziurtatu du.
Ibilbidearen deskribapena
Sara herritik irten eta hego aldera egingo dugu. Soro eta baserrien artetik Etxalarretik datorren errepidera iritsiko gara. Errepidea zeharkatu eta bideak emeki gora egiten du. Soro eta baserrien artean errekatxo batek sortzen duen bailaratxo batera hurbilduko gara. Bailarari jarraituz D4 errepidera iritsiko gara. Hori zeharkatu eta igoera labur baten ondoren, Ainhoa herrira iritsiko gara. Ibilbidearen hasieratik 12 kilometro inguru dira.
Igoera eta jaitsiera laburrak eginez soroen artetik (nahiz eta basoren bat zeharkatu) Urdazubira hurbildu behar da. Bi herrien arteko distantzia 7 kilometrokoa da. Azken zatia Zugarramurdira hurbiltzea da. Tarte hori ere nahiko laua da eta nahiz eta ibilbidearen amaieran egin, nahiko eroso egiten da.
Herri guztietan indarrak berritzeko aukera ematen duten ostatuak daude.
POTTOKA BIDEA
DATU INTERESGARRIAK:
Kokalekua: Lapurdi eta Nafarroa
Eguna: Ekainak 7, igandea
Ordua eta lekua: Goizeko 07:30etan, Atsegindegin
Prezioa: Bazkideentzat 15 euro, bazkide ez direnentzat 20 euro
Luzera: 24 kilometro
Denbora: 6 ordu
Desnibela: 500 metro gorantz eta 400 metro beherantz.
Zailtasuna: Ibilbide luzea, baina bide erosoetatik.
Beharrezko materiala: Ohiko mendiko material arrunta.
Oharra: Bazkaria autobusean utziko da.