Larunbat honetako ibilbidea, bisita daitekeen Arrikrutz kobaren aparkalekutik hasiko dugu. Arrikrutz koba berezia da bere espeleo-formazioengatik eta bertako aurkikuntza paleontologikoengatik. Errinozeronte iletsua, leize hiena eta orein erraldoien aztarnez gain, aipagarriak dira aurkitu diren leize hartzen (Ursus spelaeus) hezurdura ugariak eta Iberiar penintsula mailan bakarra den leize-lehoiaren (Panthera leo spelaea) hezurdura osoa.
Ibilbidean Degurixatik pasatuko gara. Degurixa, Gipuzkoako egitura karstikoaren adibide nabarmenetako bat da. Duela 100 milioi urte inguru itsas organismoek (rudistak, koralak) itsaso mehar eta beroetan metatu ondoren kareharriak sortu zituzten. Kareharri hori euri-uretan disolbatuta dagoen CO2-ak disolbatu egiten du eta prozesu horretan buztinak sortzen dira. Urteen poderioz arrailak (diaklasak), kobak, leizeak eta ibar txikiak sortzen dira. Degurixa polje bat da. Eta zer da polje bat? Sakonune karstiko itxia da, hondo laua duena eta kareharrizko hegal aldapatsuz inguratuta dagoena. Hondo laua deskaltzifikazio-materialak (buztinak) eta arrastatutako sedimentuak metatzearen ondorio da.
Eremu karstikoetan, euri- urak ez ditu azaleko ibaiak eratzen. Iragazi eta barrutik mugitzen da, lurpean zirkulatuz, eta horrek barrunbe ugari sortzea eragiten du. Espeleologoek eremu polita dute esplorazioak egiteko.
Ibilbidearen amaiera aldera Aitzulo izeneko 'begitik' igaroko gara. Formazio natural hori, harkaitzean landutako begi-nini erraldoi baten antzekoa, Orkatzategi mendia zeharkatzen duen tunela da. Leiho natural horrek, aldi berean ikaragarria eta misteriotsua, Oñatiko Haranaren panoramika ikusgarria eskaintzen du, naturaren eta argazkigintzaren zaleentzat helmuga kuttuna bihurtuz.
Ibilbide osoan, han-hemenka, monumentu megalitiko ugari aurkituko ditugu, hala nola: Urtapotoluetako tumulua, Aitzaingo trikuharria eta Aitzaingo tumulua.
Ibilbidearen deskribapena
Ibilbidea Arrikrutzeko aparkalekutik abiatzen da, autobusa ezin baita Araotzeraino igo. Errepidetik herriraino igoko gara. Herrian sartu baino metro batzuk lehenago hasten den pista hartuko dugu. Pistatik igoko gara, GR121aren arrastoei jarraituz, Andartoren ekialdeko magalean dagoen Andartoko hesatea izeneko lepora iritsi arte.
Puntu horretan pista utzi eta Andartora igoko gara. Desnibela ez da handia eta berehala, ingurune karstiko batetik barrena, gailurrean gara. Arnas apur bat hartu ondoren, berriro atzera egin behar da eta aurreko lepora jaitsi. Eskuinera eginez Degurixa jaitsiko gara bertako belar-lautada eder horretaz gozatzera. Arduzko iturrian ura hartu ondoren, zertxobait atzera egin eta Degurixa ezkerrean geratzen den Kontrastako lepora igo behar da pista batetik. Igoera oso laburra da, 50 metroko desnibelera ez baita iristen.
Pistari jarraituz 2 km inguru egin ondoren Santakrutzeko lepora iritsiko gara. Bertatik Araotzera jaisteko aukera dago, baina guk aurrera egingo dugu. Gandorrari jarraituz Orkatzategira igoko gara. Bertatik Aizkorri aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Hego-ekialdera eginez jaisten hasiko gara. Jaitsieran Aitzgaingo tumuluaren aurretik igaroko gara eta zertxobait aurrerago Aitzulora iritsiko gara. Bertatik ere bistak ikusgarriak dira. Pistatik herrira jaitsiko gara eta bertatik Arrikrutzeko aparkalekura.
