Cruz de Motricora, Mendiriz Mendiren 80 urteak ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi elkartea 2026ko apirilaren 19a

Bistak ikusgarriak dira Cruz de Motricotik. Argazkia: Linofasiko.com

Irteera berezia egingo du Mendiriz Mendik datorren larunbatean, Errioxan, Villalba de Riojatik Harora.

Izen bereko eskualdearen eta Errioxa Garaiko eskualdearen hiriburua da Haro, eta bertan bukatuko dugu apirilaren 25eko irteera berezia, Mendiriz Mendiren 80. urteurrena ospatzeko. Ebro ibaiaren meandro baten eta Tiron ibaiadarraren bokaletik oso gertu dago Haro. Errioxan, Burgos eta Arabako lurren arteko mugan, kokatzen da. Herri zeltiarrek fundatu zuten, eta gero, erromatarren okupazioan, Castrum Bilibium izeneko kastroa izan zen. Hala ere, Haro herriko sorreraren data tradizionala X. mendean kokatzen da, Gaztelako Alfontso VI. erregeak Bizkaiko nobleziari dohaintzan eman zionean. Historia luzeko herria da, eta hirigune historikoak, bertan dauden eraikin zaharrekin, merezi du bertara gerturatzea eta bisitatxo bat egitea. La Herradura deitzen zaio alde zaharrari, abere-ferra baten antzeko forma duten kaleak marrazten baititu. Bertako pintxoak ere oso ezagunak dira. Alde zaharra Multzo Historiko Artistiko izendatu zuten 1975ean.

Haroko Geltoki Auzoan ehun urtetik gorako upeltegien kontzentraziorik handiena dago, eta tren-geltokiari esker sortu zen. XIX. mendean, Frantziako mahastiek filoxeraren izurritea jasan zuten, eta Haro, bere kokapen geografikoagatik eta komunikazio onengatik, frantsesek zerbitzatu ezin zuten ardo guztia ekoizteko eskualde ezin hobea bihurtu zen. Horrela sortu zen upeltegien ekosistema berezi hori Haroko tren-geltokiaren inguruan, gaur egun hiriko erakargarri turistiko nagusietako bat dena, batez ere Errioxako ardoaz gozatzera doazenentzat.

Gaur egun, Haro nazioartean ezaguna da bere ardoengatik, baina baditu beste hainbat gauza erakargarri: kultura, gastronomia eta natura. Ebroko uren eta Errioxako mahastien ondotik igarotzen den paisaiaren aniztasunak inguruneaz gozatzeko aukera ematen du.

Iparraldean, Obarenes mendiak daude. Mendikate hori, altuera handietara iritsi gabe, benetako talaia naturala da Ebroko haranaren gainean. Bere gailurrek, Errioxa Garaiko mahastien eta herrien gaineko panoramika ikusgarriak oparitzen dituzte. Bere hegalak, urtaroekin kolorez aldatzen diren haritzez, artez eta pagadiez estalita daude, edertasun handiko paisaiak sortuz. Mendi horietan, gainera, antzinako gaztelu eta ermiten aztarnak ugariak dira, mendeetako historia gogorarazten dutenak.

Hegoaldera, Ebro ibaia Errioxan sartzen da pasabide natural ikusgarri batetik, ibaiak milaka urtez landu dituen horma harritsuz osatutako haitzartetik. Toloño mendilerrotik edo San Felices begiratokitik, eskualde osoko ikuspegi ikonikoenetako batez goza daiteke. Inguru honetan mendi-ibilaldiak eta zikloturismoa ugaritzen ari dira, hala nola Ebroko Bide Naturala (GR-99) edo Ardoaren Bideak, herriak, mahastiak eta txoko naturalak lotzen dituztenak. Tiron ibaiaren ibilguaren inguruan gaur egun bide berde bihurtutako antzinako merkataritza-bideak zabaltzen dira, hala nola Oja-Tirongo Bide Berdea. Ibilbide ezin hobea da oinez edo bizikletaz, nekazaritzako herentziaren eta ardoaren kulturaren arteko harmoniaz sortutako paisaia ezagutzeko.

Ibilbidea burutu ondoren San Asension dagoen Bodegas Lecea upategira hurbilduko gara bazkaltzera eta elkartearen 80. urteurrena ospatzera.

Ibilbidearen deskribapena

Inguruko mendizaleentzako igo­era klasikoenetako bat da Cruz de Motrico mendia.

Ibilbidea Villalba de Rioja herrian hasiko dugu. Eliza alboan jaiotzen den pista hartu eta ekialdera egin behar da. Zertxobait aurrerago pistak norabidez aldatzen du eta mendebaldera eginez ur-putzu batera hurbilduko gaitu. Esperamalo errekari jarraituz Rabe gailurra inguratuko dugu. Igoera zati hau oso lasaia eta erosoa da. Bidegurutzeei jaramonik egin gabe, bide nagusiari jarraitu behar zaio, Las Carcavas izeneko eremura iritsi arte. Hortik, gailurrean uzten gaituen azken igoerari ekin behar zaio. Cruz de Motrico gailurretik Haroko lautada aldera dauden bistak ikusgarriak dira.

Jaitsiera beste bide batetik egingo da. Carcavas eremura jai­tsi eta eskuinera egiten duen pistari jarraitu behar zaio. Pista horrek Balcón de la Rioja begiratokira hurbilduko gaitu. Bertatik Haro aldera dagoen paisaia zoragarria da. Atseden pixka bat hartu ondoren, herrira jaistea soilik geratzen da itzuliari amaiera emateko.

CRUZ DE MOTRICO
Villalba de Rioja - Haro

DATU INTERESGARRIAK:

Kokalekua: Errioxa

Eguna: Apirilak 25, larunbata

Luzera: 13 kilometro

Denbora: 4 ordu

Desnibela: 500 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea.

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!