Kantauri itsasoa Aizkorri-Aratzko Natur Parkearekin lotzen duen GR-121 bideari jarraituz, oraingo honetan Gesalibar eta Leintz Gatzaga arteko etapa burutuko dugu. Etapa luzea da, baina edertasun handiko paisaiak ditu eta Leintz Gatzagako herri politean amaitzen da.
Santa Ageda, gaur egun Aita Meni Ospitale psikiatrikoa dena, aintzinean oso famatua izan zen bainuetxe bezala. Bertara joaten zen deskantsatzera Isabel II erreginaren Cánovas del Castillo ministroa. Bertan zegoela, atseden-egun batzuk igarotzen, 1897ko abuztuaren 8an hil zuten. Erasotzailea Michele Angiolillo anarkista italiarra izan zen. IX. mendearen amaieran Bartzelonan anarkistek eraso armatu ugari egin zituzten. Horietako batean, Corpus Christi eguneko prozesioa igarotzen ari zenean, lehergailu bat jarri zuten eta eztandaren ondorioz hamabi pertsona hil eta beste berrogeita bi zauritu zituzten. Gobernuak bultzatuta, ondorengo poliziaren errepresioa oso gogorra izan zen. Jende pila bat, 400 pertsona inguru, atxilotu eta gogor torturatu zituzten. Ondoren egin zitzaien prozesuan, Montjuiceko prozesu bezala ezagutzen den horretan, 28 heriotza zigor eta bizitza osorako 59 kondena ezarri ziren. Pertsona batzuk errugabeak jo izan arren, Afrikara deportatuak izan ziren. Salatutako torturengatik eta Montjuiceko prozesuan gertatutakoagatik, Angiolillo Cánovas hiltzera bultzatu omen zuten.
Angiolillo Espainiara iritsi, eta Cánovas Arrasateko bainuetxean oporretan zegoela jakin zuen. Madrildik Zumarragaraino trenez joan zen eta zalgurdiz Santa Agedaraino, Il Popolo egunkariarentzat lan egiten zuen Emilio Rinaldi kazetaria zela esanez. 1897ko abuztuaren 8an, eguerdian, errebolber batez, hiru tiro eman zizkion egunkari batzuk irakurtzen ari zen Cánovasi. Angiolillo berehala atxilotua izan zen; eta, gerra-kontseilu azkar baten ondoren, exekutatu egin zuten.
Dorletako santutegia, Leintz Gatzagan, herri gaineko muino txiki batean kokatuta dago. Santutegia eraikita dago ur gazia isurtzen duen iturriaren inguruan garatutako bizimodua eta ekonomia babesteko erromatarrek eraiki zuten gazteluaren hondarren ondoan. Famatuak dira Dorletako gatz fabrika eta bere errota ere. Gatz-iturriaren ustiapena Burdin Aroan hasi zen. Gatzaren industriak eta horren inguruko jarduerek hiribilduaren sorrera bultzatu zuten 1331. urtean, Gaztelako Alfontso XI erregeak aginduta, ur gaziko iturburutik gertu. XVII. mendean Errege Bidea eraiki zen, Leintz Gatzagatik barrena Gipuzkoako kostaldea barnealdearekin lotzen zuena. Horrela, Leintz Gatzaga Europa eta Gaztela lotzen zituen ibilbidearen parte bihurtu zen. Horrek oparotasun handia ematen zion herriari. Gaurko hirigune historikoak garai hartako zaporea mantentzen du.
Iturri gazitik datorkio izena herriari ere, eta armarrian bi dorla (gatza lortzeko burdinazko galdarak) daude, gatzagetako langileek, egurrezko suaren bidez kontuz berotu ondoren, gatza ateratzeko erabiltzen zituztenen antzekoak. Gatzaren produkzioan iturriaren inguruan eraikitako zortzi etxe aritzen ziren; etxe horietako bakoitzak burdinazko dorla edo galdara bakarra erabil zezakeen gatza ateratzeko. Zeregin hori uztailetik abendura bitartean egiten zen eta gainerako hilabeteak inguruetako baso marduletan egurra biltzen igarotzen zituzten. Gatza ateratzeko bakarkako sistema hori sistema industrial bihurtu zen 'Productos Leniz' enpresarekin. Produkzio industrial horrek kostu handia zuen itsasoko gatzagekin alderatuta, eta hori izan zen bere gainbeheraren arrazoia.
Ibilbidearen deskribapena
Bidea gora eginez hasten da. Ia atsedenik gabe, lehen zati honetan ibilbidearen desnibel handiena, 500 metro inguru, burutzen da. Murugain mendia inguratuz Untzilla auzora iritsiko gara. Bideak gora egiten jarraitzen du, Asentsio, Daborralde eta San Adrian gailurrak inguratuz, Durakogainean dagoen iturrira iritsi arte. Urak kolore gorrixka du iturriak burdina duen metal-ura baitu. Ur ferruginosoek, burdinean aberatsak diren urek, propietate antianemiko eta berreratzaile indartsuak dituzte, globulu gorrien eta hemoglobinaren ekoizpena estimulatzen baitute.
Hemendik aurrera, tarte batean, bideak behera egiten du. Gandor bati jarraituz, pista batetik, Marin auzora jaitsiko gara. Hemendik, igoera labur baten ondoren, ia altuera irabazi edo galdu gabe, Leintz Gatzagaren herri gaineko baserrietara hurbilduko gara. Etxebarri baserrira iristerakoan, behera egin behar da, herri aldera. Dorletako Andra Mari elizaren albotik pasa ondoren, berehala gara ibilbidearen amaiera den Leintz Gatzagako hiri erdigunean.
GR-121: Gesalibar-Leintz Gatzaga
DATU INTERESGARRIAK:
Kokalekua: Gipuzkoa
Eguna: Martxoak 8, igandea (urteko egutegian hilaren 29rako zegoen aurreikusita)
Luzera: 19 kilometro
Denbora: 7-8 ordu
Desnibela: 830 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.