Etxe inguruko paraje zoragarrietan barrena, Usokori bira emanez

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi elkartea 2026ko urtarrilaren 10a

Pagosardeko atsedenlekura iritsiko gara, Urdaburu tontorra inguratu ondoren.

Urteko aurreneko irteera egingo du Mendiriz Mendik datorren asteburuan, urtarrilaren 18an. Sarritan ahaztu egiten zaigu gure inguruan ere badauzkagula paraje zoragarriak, eta horietako bat ezagutzeko aukera izango dugu: Usoko errekaren bailara inguratzen duten gailurretan zehar ibiliko gara, ikuspegi bikainekin.

Mendian ibiltzen garenok sarritan urrutira joaten gara, Pirinioetara, Alpeetara edo urrutirago, bertan dauden mendi eta eremu zoragarriak ezagutzera. Sarritan ahaztu egiten dugu, gure inguruan ere, etxetik gertu, baditugula paraje zoragarriak. Hernani Ezagutuz ekimenaren helburua hori da, etxe alboan ditugun zoko polit horiek ezagutaraztea. 

Hernanik, askok horrela uste ez badute ere, sekulako paraje eta natura eremuak ditu. Eta ez da urrutira joan behar horiek ezagutzeko. Nahikoa da herriko kaxkotik irtetea. Beste batzuetan, ibilbidearen hasierara hurbiltzeko, kotxea hartu beharko da, baina eremu horiek ezagutzeko nahikoak izaten dira goiz bateko edo arratsalde bateko tarteak. Gure inguruko eremu horiek duten beste ezaugarri aberasgarria, gure historiarekin zerikusia duten hainbat leku gordetzen dituztela da.

Oraingo honetan Usoko errekaren bailara inguratzen duten gailurretatik zehar ibiliko gara, urtarrilaren 18an egingo dugun irteeran. Ibilbideak Ereñotzu eta Usoko errekako bailararen ikuspegi bikainak ematen ditu. Igorin, Urdaburu eta Aginagamendi bezalako mendi inguruetatik igaro eta bertako bistez gozatzeko aukera ez ezik, pagadi zaharrak, estazio megalitikoak eta Txirrita bertsolaria zenaren jaiolekua ezagutzeko aukera emango digu.

Latsen, garai bateko ola zaharraren arrastoak aurkitzen dira. Alkohola (erretzekoa eta masaiatzekoa), ozpina, alkitrana eta egur ikatza egiten ziren bertan. Toki hori Txirrita bertso­lari hernaniar famatuaren jaioleku ere izan zen. 

Bertsolaritzaren historiako figurarik handienetakoa da Txirrita. Kanturako beti zegoen prest. Eskolagabea izan arren, irakurtzen bazekien eta oso jantzia zen, erromatarren historian, foruen galerako pertsonaietan eta abar. 

Goizuetan 1936ko maiatzaren  31n saioa zuen. Hamaiketakoa egin ondoren gaizki sentitzen hasi zen, eta ondoezik eraman zuten Gazteluenera. Bertan hiru egun eman zituen buruko atakeak jota hil zen arte. 1936ko ekainaren 3an hil zen. Xabier Lete kantari oiartzuarrari zor zaio hein handi batean bere obraren zabalpena eta ezagutza. Txirritaren ekarpen abertzalea izugarria izan zen. Horren lekuko nazionalak Hernanin sartu zirenean bere bila ibili ziren. Bizirik egon izan bazen, hor hilko zuten.

Natura aldetik, ibilbidean aurkituko ditugun hiru pagadi aipatu behar dira. Lehena Azerilepokoa, bigarrena Pagosardekoa eta hirugarrena Izenederkoa. Pagadi horiek hainbat fauna eta flora espezierentzako azkeneko bizilekuak dira. Bertako pago asko, pago ugari mugarratuak dira, gure arbasoek ikatza lortzeko egindako mozketek eragindako forma bereziekin. Pagadi hauetako zuhaitzek udaran ematen duten itzala benetan zoragarria da. Itzal horren gerizpean eguna pasatzeko toki aproposa da Pagosardeko atsedenlekua. 

Ibilbidean gure arbasoekin eta gure iraganarekin lotzen gaituzten egitura arkeologikoak ezagutu daitezke. Horietako bat trikuharriak dira eta bestea artamugarriak. Ibilbidean Igorin-Akola estazio megalitikoa zeharkatzen da. Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurretan zehar zabaltzen den estazio megalitiko honek Hernaniko lurretan zazpi trikuharri ditu. Horietatik Sagastietako Lepoa I izeneko trikuharria da ederrena eta hoberen kontserbaturik dagoena. Artamugarriak, saroe edo saroi bezala ere ezagunak, Urumeako bailaran hain ohikoak ziren saroeen erdia adierazten zuten harriak ziren. Bere funtzioa oraindik ere zalantzazkoa den arren, basogintza-guneen baitan esparru 'libreak' zirela uste da. Ibilbide honetatik gertu bi aurkitu ditzakegu: Akolako eta Alkatxuraingo artamugarriak.

 

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

Latsetik irten eta Goizuetara doan errepidea jarraituko dugu 100 bat metroz, Abillats baserriraino iritsi arte. Bertan, errepidea utzi eta, baserria inguratzen duen pista harturik, aldapa gora egin behar da. Txabolategi baserriaren albotik igaro eta zertxobait aurrerago bidegurutze batekin topo egingo dugu. Hemendik aurrera bideak gogoz egiten du gora. Sigi-saga eginez, beti malda gehien duen pistari jarraituz, Azerilepoko leporaino igo behar da. Ibilbideko tarterik gogorrena igaro dugu. Hemendik aurrera gora-behera txikiekin ibilbidea eramangarriagoa da.

Garai bateko olaren arrastoak topatuko ditugu Latsen, irteera puntuan.
 

Bideari jarraituz Urdaburu gailurra bere azpitik inguratuko dugu eta Pagosardeko atsedenlekura iritsiko gara, eta bertatik, pistari jarraituz, Malbazarko lepora iritsiko gara berehala. Malbazarko hezegunetik, ezkerrera egin eta, bide argirik gabe, pagaditik barrena Bentatxuriko baserrira jaitsiko gara. Bertan, asfaltatutako bidea zeharkatu eta aurrean jaiotzen den pistari jarraitu behar zaio. Pista horrek 20 minutuko tarte batean Igoringo lepora eramango gaitu. Gora jarraituko dugu bidezidor ez oso argi batetik. Harri zati handiz osaturiko igoera motz baina trakets baten ondoren, mendi gainetatik jarraitzen du bideak. Pixkanaka beheraka eginez, hurrengo lepora, Akolako lepora, iritsiko gara. Berriro gora egin eta Akolatxarako gaina pasa ondoren Saratxateko lepora jaitsiko gara. Bertan jaiotzen den pistari jarraituz, Alkatxurain baserri albotik igaro ondoren, Ereñotzura jaitsiko gara.

 

USOKORI BIRA

DATU INTERESGARRIAK:

Kokalekua: Gipuzkoa

Eguna: Urtarrilak 18, igandea

Luzera: 12 kilometro

Denbora: 4 ordu

Desnibela: 800 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!