Gartxoten bidetik Otsagabiaraino, Abodiko mendilerroan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi elkartea 2025ko urr. 4a, 00:00

Abodi mendilerroaren irudia.

Bi eguneko irteera antolatu du Mendiriz Mendik urrirako. Hilaren 18an abiatuko dira Atsegindegitik, eta bi etapa osatuko dituzte asteburu horretan. Ibilaldi luzeena igandekoa izango da: 19 kilometro osatuko dituzte, Otsagabiara iritsi arte.

Otsagabia eta Abodiko lur eremutan murgilduko gara irteera honetan, izena ematen dion 1.533 metroko gailurra barne. Ingurune hori mitologiaz eta elezaharrez betetako lekua da. Inguruneak horretarako ematen du. Basoak eta natura eremuak zabalak dira, aberatsak, miresgarriak. Gaua iristen denean fantastikotzat, imaginariotzat eta irrealtzat hartzen dugun mundua gailentzen da.

Ibilbidearen hasiera “Gartxoten bidea” deitzen dioten bidetik egingo da eta gure helmuga Otsagabia izango da. Inork benetakoa den ez dakien historia Gartxot eta Mikelot, aita eta seme, ditu pertsonaiatzat. Elezaharrak dioenez, Gartxot Itzalzu herriko koblakaria zen. Kanturako gaitasun berezia omen zuen, baina bere Mikelot semeak ere gehiago. Orreagako batailari buruz trobak abestea gustatzen omen zitzaion, Karlomagno enperadore handiak, 778. urtean, baskoien eskuetan ezagutzen zitzaion bere lehen porrota.

Abodin artzaina zen Gartxot eta Orreagako monjeek erromesen gidari modura erabiltzen zuten. Monjeak Mikeloten ahots miragarriarekin liluratuta, hizkuntza kultuko monje kantari bihurtzea pentsatu zuten, aitaren oinarrizko konposizioetatik urruntzeko. Horretarako biak monastegian hartu zituzten. Arazoa biek euskaraz Orreagako borrokari buruzko bertso batzuk abestu zituztenean hasi zen, ez baitziren monje frantsesen gustukoak izan. Gartxot monastegitik kanporatu zuten, baina bere semea indarrean bertan geldiaraziz, ez baitzuten bere kanturako gaitasuna desaprobetxatu nahi.

Gartxot matxinatu egin zen, Mikelot askatu eta Izaltzuko mendietara ihes egin zuen berarekin. Hala ere egun batzuk beranduago Justizia bere bila joan zen. Aguazil nagusiaren gizonek setiatu zutenean eta semea kendu ziotenean Gartxotek lurretik lokatz zati bat hartu eta bere semearen ahora bota omen zion, monjeek bere ahotsaz goza ezin zezaten, eta gaztea itota hil zen. Bere krimen izugarriagatik “Itzaltzuko koblakaria”ri heriotz zigorra egokitu zitzaion, sutan hiltzera kondenatu zuten. Hala ere, azkenean, kondena hamar urtez berak aukeratutako lekuan eraikiko zen gelaska batean guztiz isolatuta egotera murriztu zitzaion. Klima gogorrekoa izanda ere, Gartxotek Abodi, bere artzain eremua, aukeratu zuen. Bertan, ezagutzen zuen haitzulo bat aukeratu zuen zigorra betetzeko gelaska modura. Han, usoek eramaten zizkioten gari aleez elikatzen omen zen. Diotenaren arabera, 1110eko negu hura historian egondako latzenetakoa izan zen. Apirilean, askatu behar zutenean, jada neguko hilabeterik hotzenak igarota, agintariak presoaren egoera zein zen ikustera igo zirenean hilda aurkitu zuten. Gartxot gosez, egarriz eta penaz hil zen.

Batzuk diote oraindik Gartxotek okupatu zuen gelaskaren arrastoak ikus daitezkeela Abodin. Benito Lertxundik Gartxoten istorioari buruz abesti eder bat du. Hona hemen abesti horren lehen bertsoak:

 

Ehunka uso Elkorretako 
inguruetan
Itzaltzuko bardoaren bila 
etsipenetan.
Gari ttanta bana dute 
mokoetan
ezarri ahal izateko
Gartxoten ezpainetan

 

Ibilbidearen 
deskribapena

Urriak 18

Larunbatean ibilbide zirkular labur bat egingo da Osateko haranetik barrena. Ibilbidearen hasiera Otsagabiako kanpinean hasten da. Hormigoizko pista bati jarraitu behar zaio. Ur-biltegi batera iristerakoan pista bidexka batean bihurtzen da. Bidezidorrak, pago, izei, ezpel eta pinu artean basoa zeharkatzen du. Jatorrizko ibilbidea kanpinean amaitzen da, baina mozketa-lanen ondorioz zati bat ia desagertua dagoenez, ezkerretara joko dugu Ezkarozerantz. Axarixiloa kobazulora hurbilduko gara bidean. Azken zatian, kanpinerako itzulia, NA-140 errepidetik osatuko dugu.

 

Urriak 19

Autobusak Itzaltzura hurbilduko gaitu eta errepidean 400 metro inguru egin ostean, Gartxoten bidetik ekingo diogu Abodiko mendilerroari. Haritzak, gorostiak, ezpelak eta pagoak nagusi dituen basotik gora igoko gara gutxinaka Krutxea izeneko begiratoki iritsi arte. Leku bikaina da, inguruko Pirinioak bere osotasunean miresteko aukera ematen baitu.

Bertatik gora jarraitu behar da Petranberroa errekastora eta Ripalda ur-jauzira iristeko. Zeharkatu beharreko hurrengo trokan Salera ur-jauzia topatuko dugu. Bi mailatan behera urak egiten duen salto ederra da. Bertatik berehala helduko gara Elkorretako edo Gartxoten haitzulora.

Gartxoten haitzuloaren goialdera igo behar da. Bertan Gartxoten bidea utzi eta iparralderantz egingo dugu, Abodiren gailurra (1.533 m) jomuga izanik. Tontorretik, beti mendebalderantz, mendilerroari jarraituko diogu Murentxiloa (1.456 m) eta Dukea (1.448) gailurrak igaroz Arrizabalako pasagunera iritsi arte. Bertan megalito ugari dago inguruan.

Hemendik aurrera bideak behera egiten du. Hegoalderantz jaitsiko gara GR-11bideari jarraituz. Botin bordara iristean bidexkatik pistara pasa behar da. Bideari jarraituz, Xubri bordara iritsiko gara. Zertxobait aurrerago, informazio-postera iristean, GR-11 bidea utzi eta Otsagabia Hiriberri lotzen zituen antzinako bide zaharra hartuko dugu. Jaitsieran zeharkatuko dugun pagadia ederra eta ikusgarria da. Herrira goialdetik iritsiko gara, elizaren ingurutik.

 

DATU INTERESGARRIAK:

Eguna: Urriak 18, larunbata

Luzera: 7 km

Denbora: 2 ordu

Desnibela: 300m inguru 
gorantz eta beherantz.

 

Eguna: Urriak 19, igandea

Luzera: 19 km

Denbora: 6 ordu

Desnibela: 850m inguru 
gorantz eta 950m beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea.

Beharrezko materiala: 
Mendiko material arrunta.

 

Irteera, larunbatean,
arratsaldeko 14:00tan izango da, Atsegindegitik

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!