Etxolaberriko bailaran barrena ibilbidea, meategiak ezagutzera

Etxolaberriko zubi zaharra, Gipuzkoan geratzen den zubi erromatar bakarraren aztarna izan daitekeela uste da.

Ugaldetxotik abiatuta, Etxolaberrira egingo du hurrengo irteera Mendiriz Mendik, apirilaren 13an. Meatze-jardueraren hondarrak aurkitu daitezke bertan, eta horretarako erabilitako azpiegituren aztarnak ere kontserbatzen dira.

Gipuzkoak meatze-ustiapenen tradizio handia du. Bere geologia berezi eta askotarikoak hainbat metal-zainen eraketa bultzatu du, eta horiek historian zehar ustiatu dira. Geologia- eta meatze-barietate hori Hernanin ere aurki dezakegu. Hernaniko lurretan, aldi geologiko guzti­etako harriak aurki daitezke, eta litologia mota desberdinak, hala nola arbelak, kuartzoak, kareharriak, hareharriak, tuparriak, argilitak eta abar. Aberastasun geologiko horren isla da meatzaritza, eta Hernanin burdina, beruna, zinka, lignitoa eta zilarra (galena argentinarra) erauzten zuten meatzeak egon dira.

Meategi baten sarrera, Etxolaberriko meatze eremuan.
 

Etxolaberri ibarraren arroa txikia da. Zaburu-Azketa-Leuneta kordalaren oinean sortzen da, 820 metroko kota maximoarekin, eta 7 kilometro eskasetan ia 800 metroko desnibela gainditzen da. Beraz, ubide estu eta malkartsua da. Bertako materiala era paleozoikokoa da. Material horiek bi prozesu tektonikoen presioak eta bultzadak jasan dituzte eta, beraz, oso tolestuta daude, faila ugarirekin. Bertako mineralen sorrera haustura horiekin lotuta dago eta jatorri hidrotermala dute, urak zeramatzan disolbatutako mineralak hausturetan hauspeatzerakoan eta horiek betetzerakoan sortu baitziren mineral-zainak.

Burdinaren metalurgia Kristo aurreko IV. mendetik dago jasota Gipuzkoan. Ekoizpena erromatarren garaian gehiago ugaritu zen, eta hortik aurrera hazkunde eta beherakadekin XX. mendearen hasiera arte mantendu da. Etxolaberri horren adibide da. Bertan meatze-jarduera horren hondarrak aurki daitezke, eta azpiegituren aztarnak kontserbatzen dira; izan ere, leku horretara iristeko ezintasunari esker, ez dira aldatu ondorengo giza jarduerengatik. Meatze-galeriak, karga-siloak, kanalak, presen hondarrak, eraikin batzuen fatxadak eta lur-berdinketak aurki ditzakegu ondare-balio handiko espazio txiki batean, XIX. mendeko meatze-jarduera baten adibide gisa. Hala ere, kontserbazio lan sakonik ez denez egin, ingurumen-baldintzengatik eta landaredi oparoagatik azpiegitura guzti horiek hondatzen ari dira.

Inguruko mendietako ikuspegi polita izango dugu ibilbidean zehar.
 

Bertan aurkitzen da Etxolaberriko zubia. Interes kultural handiko gunea da, inguruko bi meategi zaharrenekin, Gipuzkoan geratzen den zubi erromatar bakarraren aztarna izan daitekeela uste da. Zubia erdi-puntuko arkuan egindako eraikina da. Oso hondatuta da­go, eta zati bat falta zaio, baita ezkerreko estribuaren zati bat eta pasalekuko bide-zorua ere.

Inguru hauetan elkarren oso hurbil dauden 14 meategi daude inbentariatuta. Galeriak aztertzean hainbat erauzketa-teknika hautematen dira, eta horrek adierazten du galeriak behin baino gehiagotan aprobetxatu direla. Galeria batzuetan, teknika zaharrak hautematen dira, erromatarren garaikoak. Gehienak garapen horizontaleko eta trazatu irregularreko galeriak dira, batez beste 2 metro garai eta 1,50 metro zabal dutenak. Egoera txarrean daude eta ez da gomendatzen gehiegi sartzea.
 

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

Ugaldetxon Goizueta aldera zubia zeharkatu eta eskuineko asfaltatutako pista hartu. Olazar baserrira eramango gaitu. Zazpiehun metro aurrerago bidea bitan banatzen da. Ezkerreko adarra hartu eta erreka zeharkatu ondoren, Urmendi baserrira hurbilduko gara. Errekari jarraituz bailaratik gora egiten da. Bideak modu argi batean hego aldera egiten duenean, Arantzizabal mendiaren magalari jarraituz, ia 200 metroko desnibela igo behar da. Pista batera iritsiko gara. Pistari jarraitu behar zaio Merru gailurraren azpian jarri arte. Hemen erreka aldera jaitsi behar da. Jaitsiera malkartsua da, eta kontuz jaitsi behar da euriagatik irristakorra badago. Zertxobait gora eginez meategiak daude.

Inguruak bisitatu ondoren, erreka pasa eta zertxobait gora eginez Adarratik datorren pistara igo behar gara. Hortik Ugaldetxora itzultzea soilik geratzen da.

Irteera goizekoa da. Distantzia eta desnibelak ez dira oso handiak eta eguerdirako etxean egongo gara. Ibilbidearen zati ba­tzuetan bidea sasiz jantzia da­goenez, galtza luzeak eta basto­iak eramatea gomendatzen da.



ETXOLABERRI

DATU INTERESGARRIAK:

Eguna: Apirilak 13, igandea

Luzera: 12 km

Denbora: 5 ordu

Desnibela: 550 m inguru gorantz eta beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Zati batean jaitsiera malkartsua. Galtza luzeak eta bastoiak eramatea
gomendatzen da.

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!