Mutriku eta Eibar elkartuko dituzte martxoko ibilaldian

Arnoateko harraskatik igaroko dira Mendiriz Mendiko kideak.

Mendiriz Mendiko kideek martxoaren 23an egingo dute ibilaldia. GR 121 ibilbidean barrena, Mutrikun hasi eta Eibarren bukatuko dute. 22 kilometro egingo dituzte oinez, 7-8 ordu inguruan. Bidean zehar txoko ederrak ezagutzeko aukera izango da. 

GR 121, Gipuzkoako Itzulia bezala ere ezagutzen den ibilbidea da. Ibilbide handi honetako 300 kilometro baino gehiagok Gipuzkoako probintziaren perimetroan barrena eramaten gaituzte. Batzuetan, alboko probintzietako (Araba, Bizkaia, Nafarroa) lurraldeetara igarotzen da, orografiaren zeharreko ibilbidea jarraitzen baitu, hainbat eta hainbat igoera eta jaitsierarekin.

Kontrastez betetako ibilbidea da. Zati handi batean itsaso hurbiletik doa, baina ibilbidearen hiru laurdenak probintziako mendietatik doaz, gora eta behera eginez. Kantauriko kostalde basatia ezagutzeko aukera ematen du, bere labar eta hondartza luzeekin, baita barnealdeko mendi eta haran berdeak ere, tartean gure probintziako mendi garaienak. Paisaia ikusgarri horietan, ermitak, santutegiak, monumentu megalitikoak, meategi zaharrak eta Gipuzkoako historia ulertzen laguntzen duten iraganeko beste aztarnak aurkitu ahal dira. Beraz Euskal Herriko txoko txiki honetako eremuak sakon esploratzeko aukera eskaintzen du.

Ibilbide osoa 10 eta 20 kilometro arteko ia 20 etapatan bana daiteke. ibilbidea bi noranzkoetan egin daiteke. Mendiriz Mendik ez ditu etapa guztiak egingo, politenak iruditzen zaizkigunak soilik. Aurten egingo ditugun bi etapak Mutrikutik Arantzazura, Kantauri itsasoa Aizkorri-Arazko Natur Parkearekin lotzen duen “Bizkar ibilbidea” izenarekin ezagutzen den ibilbidearen zati dira. Izen hori bidearen ezaugarriak ematen dio, mugari jarraituz bizkarrez bizkar baitoa bidea.

Lehen etapa honetan Arno menditik igarotzen da bidea eta gure probintziako industria gune garrantzitsuenetarikoa izan den Eibar herrian amaitzen da. Bidean Kalbarioko Santo Kristo baselizaren albotik igaroko gara. Baseliza hori itxaropen-faroa goitizenarekin ere ezagutzen da. Mutrikuko herria eta portua ongi bistaratzen diren gailur baten gainean kokatuta dago, eta iraganean itsas zabalean zeuden arrantzaleentzako erreferentzia zen. Baselizako argiak itsasoan urrutitik ikusten ziren gauez, eta arrantzaleei orientatzeko balio zieten, faroko argiak balira bezala. Horregatik guztiagatik, Mutrikuko biztanleek Kalbarioko Santo Kristorenganako debozio handia garatu dute. Horren ondorioz, Kalbarioko Santo Kristoren Kofradia eratu zen, arrantzale eta inguruko baserrietako biztanleek osatua. Kofradia hori ermitaren argiztapena mantentzeaz eta zegozkion jaiak antolatzeaz arduratzen zen. Gaur egun, festa horiek Mutrikuko herriko jaiak bihurtu dira. Ermita XVIII. mendearen hasieran eraiki zuten. XX. mendearen hasieran tenplua handitu eta nabe bat gehitu zitzaion eta, urte batzuk beranduago, arkupea eraiki. Gaur egun, inguruko begiratoki paregabea da, bertatik itsasoaren ikuspegi zoragarria baitago.

Ibilbidearen deskribapena

 Mutrikutik irten eta Urkamendieta mendia aldera igotzen hasi behar da. Gailurrera iritsi baino lehen bideak hego aldera biratzen du eta Kalbariogain lepora eramaten gaitu. Lepora iritsi baino bostehun metro lehenago Kalbarioko baseliza albotik igaroko gara.

Errepidea gurutzatu eta berriro igotzen hasi behar da. Arnopeko frontoiaren albotik igaroko gara eta zertxobait aurrerago basoan sartuko gara. Arno mendi aldera igotzen hasi behar da. Ibilbidea ez da gailurretik pasatzen, baina Arno mendiak bere magaletan duen artadi zoragarri guztia zeharkatzen da.

Gailurretik metro gutxira dagoen lepora iristerakoan bideak behera egiten du. Baso gerizpean jarraituz Amegiko gurutzearen albotik igaroko gara. Gurutze hori mugarri handi batean zizelaz landuta dago. Erribasoko gailurra bere ezkerreko albotik inguratu ondoren Arnoatera iritsiko gara. Bertan iturria eta Arnoateko harraska dago. Oso ongi kontserbatuta dago eta bertan ikus daiteke nolako baliabideak erabiltzen zituzten garai batean inguru hauetako baserrietakoak arropa garbitzeko.

Eguliz eta Urkarregi gailurrak inguratuz, lehena bere eskuinetik eta bigarrena bere ezkerretik, Urkarregi eta Otxortia gailurren artean dagoen lepora iritsiko gara. Bideak behera egiten du. Pistetatik barrena bideak San Miguel mendatera jaitsiko gaitu. Bide erdia egina dugu.

Errepidea gurutzatu ondoren bideak berriro gora egiten du eta tarte labur batean 200 metroko desnibela igotzen da. Kanpanzulo izeneko parajera iristerakoan ura hartzeko aukera izango dugu, bertan iturria baitago. Emeki gora jarraituz, Kalamua gailurra inguratuz, Kalamuakolepora iritsiko gara. Metro batzuk aurrerago Kalamua aterpea dago. Hemendik aurrera bideak behera egiten du Eibarrera iritsi arte. Akondiako baselizara arte jaitsiera leuna da eta desnibel gutxi jaisten da. Akondian atseden tokia dago eta azken jaitsierari aurre egiteko toki aproposa da geldialditxo bat egiteko.

Bideari jarraituz, zertxobait aurrerago, Santa Kurutz baseliza dago. Santa Kurutz baselizan iturria dago eta piknik-mahaiak eserita jan ahal izateko. Hortik aurrera bideak gogor egiten du behera eta tarte labur batean 400 metroko desnibela jaisten da Eibarren amaituz.

 

GR-121 – MUTRIKU - EIBAR

DATU INTERESGARRIAK:

Luzera: 22 km

Denbora: 7-8 ordu

Desnibela: 1050 m inguru gorantz eta 950 inguru
beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea. Forma fisiko onean egon behar da.

BEHARREZKO MATERIALA: Mendiko material arrunta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!