Artikutza dugu inguru hauetako baso zabal eta ederrena. Pagadiak, hariztiak eta beste hainbat espezie aurki daitezke bertan, baso hostotsuak eratuz. Badira konifera batzuk eta zuhaitzik gabeko oihan-eremuak ere. Horietan guztietan, hainbat fauna-espezie bizi dira. Artikutza Nafarroako lurretan kokatuta dago, Goizuetako lurretan hain zuzen. Hala ere, finkaren jabea Donostiako Udala da.
Hala ez dirudien arren, Artikutzaren historia Donostiako turismoarekin lotuta dago. XX. mendearen hasieran, Belle Époque aldian, Donostiako biztanleria asko haunditu zen, eta are gehiago udaran, Espainiako erregetzak udako hiri gisa aukeratu zuelako.
Jende guzti horrek ura behar zuen, baina hiriaren inguruko putzu eta iturburuak ez ziren nahikoak biztanlego guztia hornitzeko eta, hori konpontzeko, Artikutzako finka erosi zuten 1919. urtean, bertako ura aprobetxatzeko. Uren kalitate ona ziurtatzeko, aziendari eta jendeari sarrera mugatu zitzaion. Gainera, bertako meazuloak eta mea ateratzeko erabiltzen zen trena itxi egin ziren. Horrela, pixkanaka-pixkanaka basoa bere berezko egoerara itzultzen hasi zen, eta gaur egun, inguru hauetako paraje basati haundiena dugu.
Meategietako trenbidearen trazatu zaharrak, olak, errotak eta beste hainbat egitura kontserbatu dira, baita Artikutzako herrixka zaharreko eraikinak ere. Eraikin ederrak dira, Artikutzako iragan industrial aberatsaren erakusgarri. Erdi Aroan, konparaziora, Orreagako agustindarrak hemengo lurren jabeak zirenean, ehunka lagun aritzen ziren lanean hemengo basoetan, zuhaitzak mozten, ikatza egiten, eta meategietako burdina eta kobrea ateratzen. Egurra, batez ere, txondorretan erabiltzen zen, basoan bertan pizten baitziren egur-ikatza egiteko. Egur-ikatza, gero, burdingintzan erabiltzen zen. Bestalde, beste itxura eta neurri jakin bateko enbor batzuk itsasontziak egiteko erabiltzen ziren. Dena den, hura guztia amaitu egin zen, zurezko itsasontziak egiteko ontziolen gainbehera gertatu zenean, eta baita egur-ikatzak behera jo ondoren ere. Egur-ikatza egiteko eta ekoizpen iraunkorra mantentzeko ez ziren zuhaitzak mozten, adarrak baizik. Horrelako zuhaitzei, zuhaitz lepatuak deritze. Zuhaitz horietako adarrak halako maiztasun jakin batekin mozten ziren, zuhaitza luzaroan bizirik mantentzeko. Teknika hori oso zaharra da. Munduko hainbat lekutan orain dela 15.000 urte egiten zen. Horri esker, egurra aprobetxatzeaz gain, azienda bazkan ibil zitekeen lasai ederrean zuhaitzen artean, sasiak eta lurra garbituz. Oraindik ikus daitezkeen lepatutako pagoen itxura oso deigarria da. Egiazko eskultura bizidunak dirudite, forma eta itxura adierazgarriak erakusten dituzte eta.
Artikutza baso hutsezko eta urezko paraje txiki eta lasaigarria, gizakien esku-hartzerik gabe mantendu da. Baso autoktonoek, 100 urte baino gehiagoz ia esku hartu gabe eboluzionatu eta heldu direnek, eta sare hidrikoaren kontserbazio-egoera bikainak, hobekien kontserbatutako eta Europako gunerik berezienetako bat bihurtzen dute. Esan daiteke naturaren paradisu edo altxor txiki bat dela.
Irteera honekin, Artikutza ezagutzen ez duenak, toki eder hori ezagutzeko aukera izango du. Ezagutzen duenak, aldiz, berriro bisita bat egiteko aukera izango du, basoa zerbait bizia den heinean egunero aldatzen baita. Kasu honetan udazkeneko jantzi horiarekin ezagutzeko aukera izango dugu.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Autobusak Eskasen utziko gaitu, Artikutzako finkaren sarreran. Metro batzuk errepidetik egin ondoren ezkerrean jaiotzen den bidezidorra jarraitu behar da. Zertxobait jaitsi ondoren, eskuinera egin behar da. Ia altuera galdu gabe, bidezidorrak hiru erreka zeharkatzen ditu eta bat-batean biratu eta norabidez aldatzen du. Toki hori begiratoki ederra da, Erroiarriko bailaren ikuspegi eder bat eskaintzen diguna. Artikutzaren parera iristerakoan, poste adierazle batzuk dituen bidegurutze batera iritsiko gara. Hor aldapa behera egin behar da, eta 250 metroko desnibela eginez Artikutza herrira jaitsiko gaitu bideak.
Herria zeharkatu eta Añarbeko errekari jarraitu behar zaio beheranzko norabidean, ezkerretik hurbilduko zaigun Alama errekarekin topo egin arte. Toki horretan erreka zeharkatu eta, baso barrutik, Altueta mendia igotzen hasiko gara. Ez gara gailurreraino igoko. Ia 300 metroko desnibela igo ondoren, gailurra baino 100 metro beherago dagoen lepo batera iritsiko gara. Bertatik, altuera galdu gabe, Altueta gailurra inguratuko dugu eta Altuetako lepora hurbilduko gara. Bertan cromlech bat dago.
Lehenik ekialdera eginez eta ondoren hego-ekialdera, gandorrari jarraituz, pista batetik behera egingo dugu. Pista horrek Goizueta herria baino bi kilometro lehenago dagoen Alduntzineko Jauregira jaitsiko gaitu. Bertan amaituko dugu ibilbidea.
ESKAS - ARTIKUTZA - GOIZUETA
Noiz: Abenduaren 15ean
Kokapena: Nafarroan
Luzera: 14 kilometro
Denbora: 5 ordu
Desnibela: 500 m inguru gorantz eta 1000 inguru beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
Izenematea: Elkartearen egoitzan (Iturregi plaza), ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara.