Aralarko Parke Naturalaren ezaugarri bereizgarria bere paisaien berezitasuna da. Horrez gain ondare historikoa ere oso aberatsa du. Ugariak dira lurralde honetako antzinako biztanleek trikuharri, menhir edota tumulu gisa utzitako ondarea.
Lizarrustiko mendatea, betidanik Nafarroa eta Gipuzkoa arteko sarbide eta aterabide modura erabili da. Gaur egun nahitaezko pasabidea da Aralar mendilerroa zeharkatzen duten ibilbide askotarako. 2022an bertan hasi genuen GR20a, mendilerro osoari bira ematen dion ibilbidea. Hiru urte hauetan, basoak, zelaiak, haitzak eta herriak zeharkatu ditugu lehen mandazainen eta artzainen bideak zirenak erabiliz. Batzuetan eguraldi onarekin, beste batzuetan ez hainbeste. Etapa honekin emango diogu amaiera GR20ari. Hainbat etapatan mendiaz eta lagunarteaz gozatzeko aukera izan dugu.
Azken etapa honekin urtero egiten dugun bazkide eguna ere ospatuko dugu. Bazkide eguna senidetze eguna da. Elkarteko bazkideak elkartu eta mendian buelta bat emateaz gain, mahai baten inguruan biltzeko eguna da, gure anekdotak eta abenturatxoak kontatzeko.
Ibilbidea Ataun herritik abiatzen da eta Lareoko urtegitik igaro ondoren, ibilbidearen azken zatia Lizarrustiko zintzur malkartsutik (Akarreta zintzurretik) igarotzen da. Mendiari ebakitako eta inolako zailtasunik ez duen bide zabal batetik zeharkatzen da zati malkartsu hori. Bailararen ondotik igarotzen den ibaiak ere protagonismoa du ibilbidean zehar, xarma handiko txoko politez gozatzeko aukera emanez.
GR20 ibilbidearen zati handi batean bezala, azken etapa honetan ere basoen lasaitasuna izango dugu bidelagun. Pagoek, alertzeek eta elorriek, besteak beste, kolore polita ematen diote azken etapa honi.
Lareoko urtegia Ataungo herriak hornitzen dituen ur-masa artifiziala da. 200 mila metro kuadro inguruko azalera du eta 2,4 hektometro kubo ur jasotzeko gaitasuna du. Presak 67 metroko altuera eta 364 metroko luzera ditu, batez besteko sakonera 10 metrokoa izanik. Itsas mailatik 740 metrora egonik toki hezea eta lasai da, udarako egun beroetarako, egun lasaia pasatzeko toki egokia. 1989ko ekainean inauguratu zuen Imanol Murua Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Bere arroko ura jasotzen du eta Agauntza ibaira isurtzen du.
Ataun Gipuzkoako probintziako herririk zaharrenetako bat da. XIII. mendeko Jimenez de Rada artzapezpiku nafarraren idazkietan jada agertzen da jasota bere izena. Mende guzti horietan jarduera ekonomiko, sozial eta politikoa izan du. XV. mendean, Goierriko beste zazpi herriekin, Villafrancarekin bat egiteko pribilegioa erregeari idatziz egin zioten eskakizunean agertzen da Ataun. Urte batzuk geroago erregeak baiezko baieztapena eman zien. Koroaren ordezkariak orduan Ataunen zenbatu zuen auzotasuna 1.675 biztanle ingurukoa izan zen, gaur dituenaren parekoak (2023ko zentsoan 1615 biztanle agertzen dira). 1850ean egindako populazio erroldan, Ataungo herriak 2.919 biztanle zituela agertzen da, gaur egun dituenak baino ia bikoitza. Bertan egon den jarduera ekonomikoaren adierazle modura aipa XX. mendearen hasieran oraindik bost errota zituztela bere jurisdikzioaren barruan. Bata Aia auzoan, bestea San Gregorion, bi San Martinen, eta beste bat txikiagoa Arrateta inguruan.
Ataun hiru herrigune nagusitan banatzen da, hala nola Erbarrena (San Martin), San Gregorio eta Ataun Aia. Herriguneen izenak San Gregorio Handia, San Martin de Tours eta Santa Isabel gurtzen dituzten parrokietatik jasotzen dituzte.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Ataungo San Martinetik abiatuko gara. Agauntzako errekaren haranari jarraituz Astigarragako aisialdi gunera hurbilduko gara. Errepidera itzuli eta metro batzuk aurrerago bide bat hartu behar da ezkerretara. Bide horrek Urkillagara igotzen duen errepidera eramaten gaitu. Errepidetik metro batzuk egin eta gero, eskuinera egin behar da, eskailera batzuk igo eta Agamunda eta Mallaburu mendiek sortzen duten gandorrari, ur-isurien mugari, jarraituz gora egin behar da. Altuera hartzen joango gara, hasieran baso barrutik, gero soroetatik. Arteta eta Mendiurkullu baserrien alboetatik igaro ondoren Agamunda eta Mallaburu gailurren azpitik pasatuko gara. Tarte txiki batean behera eginez Urkillagako mendatera iritsiko gara.
Bertan etapa burutzeko bi aukera daude. Lehena Aia auzora jaitsi eta Agauntza haranari jarraitzea da. Bigarrena Lareo urtegitik pasatzea da. Guk bigarrena egingo dugu.
Akarretako Zintzurra da ibilbide honetako pasabide ederrenetako bat.
Horretarako errepidea gurutzatu eta zementuzko pista batetik metro batzuk egin ondoren, ezkerretara jaiotzen den bidezidorra hartu behar da. Hasieran baso barrutik egiten da gora, baina berehala basoa argitzen joaten da eta 150 metroko desnibela egitean soroetara irteten da. Belazeetatik gora eginez, Leizadi gailurraren azpitik igaro ondoren, Agaotz (972 m) gailurrera igoko gara.
Atsedenaldi txiki bat hartu ondoren, berriro ekingo diogu bideari. Hemendik aurrera dena beherako noranzkoan da. Jaisten hasi eta berehala basoan, pagadi batean, sartuko gara. Bideak Lareo urtegira jaitsiko gaitu. Urtegia bere eskuin aldetik inguratu ondoren Akarreta zintzurrean sartuko gara. Bideak ez du zailtasunik, pista zabal bat baita. Pistari jarraituz, ia horizontalean, Lizarrustiko aterpera, ibilbidearen amaierara, iritsiko gara.
GR-20ko AZKEN ETAPA
Noiz: Azaroaren 17an
Kokapena: Gipuzkoan
Luzera: 14 kilometro
Denbora: 5 ordu
Desnibela: 850 metro inguru gorantz eta 450 metro inguru beherantz
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
Izenematea: Elkartearen egoitzan (Iturregi plaza), astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara.