Saratik Kondendiagako lepora, eta ibilbidea amaitzeko Berara

Kontrabandisten lasterketako argazkia.

Mendiriz Mendik beste irteera bat antolatu du biharko, Lapurdi eta Nafarroa aldera. Biharko irteeran, zenbait txoko ezagutzeko aukera izango dute; esaterako kontrabandistek merkantziak garraiatzeko erabiltzen zituzten bideak. 

Beste behin, Mendiriz Mendi taldearekin, kontrabandistek merkantziak eta pertsonak mugaren alde batetik bestera pasatzeko erabiltzen zituzten bide horietako bat ezagutzeko aukera izango da.  Aurtengo ibilbideak Maria Josefa Sansberro Etxeberri (Maddi) mugalari Oiartzuarrak erabiltzen zuena jarraituko du. 

Sarako herriak muga luzea du hegoaldearekin. Herria luzez bizi eta garatu izan da kontrabandori esker. Herrikoek “gaueko lana” deitzen zioten. Orotariko merkantziak pasatzen zituzten alde batetik bestera: alkohola, tabakoa, janaria, eta iheslariak ere. Trebezia handia zuten isil-isilean ibiltzeko aduanakoek, guardiek, karabineroek entzun ez zitzaten... eta II. mundu gerraren garaian, naziek ere.

Urtero Saran, abuztuko azken igandean, kontrabandisten lasterketa antolatzen dute. Lehenek 40 minututan egiten dute 9 km-ko itzulia, bizkarrean 8 kg-ko zama daramatela. Guk ez dugu korrika egingo. Oinez, lasai-lasai, ibiliko gara bizkarrean horrelako zamarik hartu gabe. Bidearen zati handi bat basoaren gerizpean egiten da hariztiak eta pagadiak zeharkatuz. Garai honetan basa-lore ugari aurkitzeko aukera izango dugu eta bidea ez denez oso erabilia animalia basatiak, pottokak eta hegazti harrapariak ikusteko parada izango da.

Maria Josefa Sansberro (Maddi) lehengusuarekin.

 

 

Bide hau Maddi bezalako mugalariek erabil zezaketelako aukeratu da. Baztertua eta gutxi erabilia izan zelako. Eta hala izaten jarraitzen du.  Bigarren Mundu gerraren garaian mugalariak eta iheslariak Larrun ingurutik ez ziren ibiliko Naziek bertan zutelako. Lizuniaga lepo inguruko bideak ere ez zituzten erabiliko bertan Jendarmeria, Karabanieroak eta Guardia Zibilak egoten zirelako.

 

Maria Josefa Sansberro (Maddi)

Maria Josefari Maddi deitzen zioten bere familian, bere arreba Juana Josefarengandik (Joxepatik) bereizteko. Oiartzungo Ugaldetxo auzoko Berrondo baserrian jaio zen, bost anai-arrebetan bigarrena.

II. mundu gerraren garaian Maria Josefa Sansberrok ostatu txiki bat gobernatzen zuen Sara eta  Azkaine herrien artean dagoen San Ignazio lepoan. Atrakzio turistiko bezala 1924an inauguratu zenetik, kremailera-tren txiki bat gora eta behera ibili da San Ignazio lepotik Larrun tontorreraino (905m). 

Alemanak 1940ko ekainean iritsi ziren Sarara. Okupazio-indarrak Maddiren hotelean ostatu hartuta zeuden, baina horrek ez zion eragotzi kontrabando-jarduerekin jarraitzeko. Maria Josefa 1941ean alargundu zen eta 1942ko ekainean erresistentzia sarean parte hartzen hasi zen. Bere jardueren artean iheslari aliatuei eta juduei ihes egiten laguntzea zegoen, bidea erakutsiz. Horrez gain, Frantziako Erresistentziarekin lankidetzan dokumentu sekretuak ezkutatzen laguntzen zuen eta Piriniotan zehar, alde batetik bestera, eramaten zituen. 

Hori guztia etsaiaren sudurraren aurrean egin zuen. iheslariek Maddiren hotelean  pasatzen zuten gaua eta mendian gora eta behera eginez muga zeharkatzen laguntzen zien. Arratsaldeko 19:00ak aldera irteten ziren Saratik eta hurrengo goizeko 07:00ak aldera iristen ziren Oiartzunera. Denbora luzez zortea lagun izan zuen, baina azkenean, 1944ko ekainean atxilotu egin zuten eta Marie-Jeanne Echeverria lehengusinarekin eta beste pertsona batzuekin batera, Hendaiako Villa Pardora eraman zuten, nazien tortura-lekura. Handik Bordeleko Fort du H-era eraman zituzten eta abuztuan Toulousetik Alemaniako Dachau kontzentrazio-esparrura, Tren Mamua deiturikoan. 20 egun behar izan zituzten bidaia egiteko eta hara iristean 93869 zenbakia tatuatu zioten. Bidalitako 750 presoetatik 536 bakarrik iritsi ziren Dachauera. Maria Josefa eta Marie-Jeanne Ravensbrückeko emakumeen eremura eraman zituzten, eta handik Neuengammer-era, eta azkenik Oranienburg-Sachsenhausen kontzentrazio-esparrura. Han hil zen 1944ko azaroaren 13an.

Maria Josefa Sansberro, “Maddi”, pertsona bikaina eta kontraesanez beterikoa izan zen. Muga fisiko zein moral ugari gainditu zituen emakumea izan zen. Kontrabandista eta mugalaria, katoliko sutsua, baina dibortziatua eta bi aldiz ezkondua, seme-alabarik gabeko emakumea, baina haur bat adoptatu zuen ama eta nazien zerbitzaria eta, aldi berean, erresistentziaren agentea. “Maddi” bere garaiko konbentzioetara egokitu ez zen emakume bat izan zen, marra gorri guztiak zeharkatu zituena, inork espero ez lukeena egin zuen emakume bikaina.

Bere oroimenean, eta antzeko ekintzak aurrera eraman zituzten pertsonen oroimenean,  Mendiriz-Mendi elkarteak mendi ibilaldi hau antolatzen du. Pertsonaia horretan gehiago sakondu nahi duenarentzat Edurne Portela idazleak idatzitako “Maddi y las fronteras” eleberria irakurtzea aholkatzen dugu. Bertan Maddiren fikziozko istorioa kontatzen da.

 

IBILBIDEAREN  DESKRIBAPENA

Lehen zatian Kondendiaga lepora igo behar da. Horretarako, lehenik Sara herriko Haranburua auzo aldera egin behar da. Larrun mendiaren ekialdeko magala, bere oinarritik, pixkanaka-pixkanaka inguratzen joango gara altuera hartzen goazen bitartean. Igoera hori nahiko eroso egiten da sei kilometrotan 300 metroko desnibela egiten baita. 

Lepotik, altuera galdu gabe, gertu dagoen Loitzarreta lepora hurbilduko gara. Hemendik, ia altuera irabazi edo galdu gabe, Mugerriko lepora hurbildu behar da.

Bidezidor bati jarraituz Martineneko bordetara jaitsiko gara eta hor pista batetik metro batzuk egin ondoren, eskuinean jaiotzen den bidezidor bat hartu behar da. Bide horrek ibilbidearen amaiera den Bera herrian utziko gaitu.

 

SARA – KONDENDIAGA - BERA

DATU INTERESGARRIAK:

Non: Lapurdi eta Nafarroan.

Luzeera: 14 km

Denbora: 5 ordu

Desnibela: 400 m inguru gorantz eta beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. 

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!