GR-20 ibilbidearekin jarraituz, guztiz Gipuzkoako lurretan barrena doan etapari ekingo diogu honetan. Ibilbidea luzea da.
Aralar bezalako sistema karstiko batean, ura bere barrunbeetatik mugitzen da eta batzuetan bertan pilatu ere. Hala ere, tarteka lur-azpitik atera eta erreka ederrak sortzen ditu. Uraren indarra erakusten duten adibide horietako batzuk dira Zaldibiako Arkaka putzua eta bere ingurutik gertu dagoen Osinberdeko ur-jauzia.
Ausa Gaztelu mendia Aralar mendigunearen Gipuzkoako zatikoa da. Gailurrera igotzeko aukera ez da izango, ibilbidea luzea baita, baina jakin gailurrean, mendiari izena ematen dion XIII. mendeko Erdi Aroko gotorleku baten aztarnak daudela. Haren hondar gutxi batzuk besterik ez dira geratzen eta 19 metroko diametroa duen forma zirkularra duen harrizko esparru bat da. Nafarroako erresumaren mugako gotorleku gisa erabili zen, eta Goierri eta Irurtzun lotzen zituen Enirioko galtzadaren bidea babesteko funtzioa zuen. J.M.Barandiaranek egindako indusketek garai hartako elementuak aurkitu zituzten; hala nola, iltzeak, gezi-puntak eta burdinazko puntzoiren bat.
Ataunek probintzia osoko herririk luzeena izatearen ospea du. Badirudi erromatarren garaitik Ataungo harana erabili izan dela Oria haranaren eta egungo Nafarroaren arteko komunikazio-bide gisa. Hori dela eta, herriaren izenaren jatorria ate (atea edo pasabidea) hitzarekin lotuta dagoela diote.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Amezketako Ergoien auzotik irten eta kanposantu albotik igaro ondoren Lizeaga izeneko baserrira hurbilduko gara asfaltatutako pista bati jarraituz. Bertan asfaltatutako pista utzi eta mendiko bidezidor bat hartuko dugu. Basoan sartu eta, Zazpi Iturriko haitzak azpitik inguratu ondoren, Larraitzera hurbilduko gara. Bertatik Txindokiko bide arrunta jarraitu behar da. Pistak ezkerrera bihurgune nabari bat egiten duenean, gure eskuinean, beste pista bat jaiotzen da. Horri jarraitu behar zaio. Ausa Gaztelura doan bidea da. Bide horri jarraituz Ausa Gaztelu azpian dagoen Errekonta lepora igo behar da. Lepora iritsi baino metro batzuk beherago izen berdineko iturria dago. Bertan ura hartzeko aukera dago.
Lepotik, bideak emeki behera egiten du. Hasieran mendebaldeko norabidea jarraitzen du iturri batera iritsi arte. Bertan norabidez aldatu eta ipar aldera egin behar da, Floreaga baserritik gertu dagoen lepora iritsi arte. Bertan pista bati jarraituz, berriro mendebaldera egingo dugu eta Zaldibia eta Arkaka lotzen dituen errepidera jaitsiko gara.
Zaldibia aldera errepidetik metro batzuk egin ondoren, errekaren beste aldera pasa eta pista bati jarraituz igotzen hasiko gara Amundarain lepora igo arte. Bertan beste iturri bat dago. Bertatik Ataungo San Martin auzora jaistea soilik geratzen zaigu. Hego mendebalera eginez, hasieran bidezidorretik, gero asfaltatutako pistatik, ibilbidearen amaiera den Ataungo San Martin auzora jaitsiko gara.
AMEZKETA-ATAUN DATU INTERESGARRIAK Noiz: Martxoaren 17an Kokapena: Gipuzkoan Luzeera: 25 km Denbora: 7-8 ordu Desnibela: 900 metro inguru gorantz eta beherantz Zailtasuna: Ibilbide luzea. Fisikoki ondo prestatuta egon behar da. Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta. Janaria motxilan eraman behar da, mendian |