Udazkeneko egunsentiak ederrak dira Piriniotan. Argiak beste distira bat izaten du, are gehiago goizeko orduetan, eguzkia ekialdetik altxatzen denean, eta atmosfera garbi-garbi dagoenean. Horrelako egunetan politagoa eta ederragoa da paisaia goialdetik gozatzea, gailurretatik, orduan ez baikaitu munduaren pisuak zapaltzen.
Horiez guztiez gozatzeko aukera izango dugu urriaren 7an eta 8an. Belaguako aterpera joango gara larunbatean, aurrena autobusean Izabaraino, eta ondoren oinez. Eta bertatik, Ukerdi tontorrera igoko gara igandean. Ukerdi, Hiru Erregeen Mahaia gailurraren ezkerrean dagoen tontor bakartia da. Aurrekoak itzalita, jende gutxi igotzen da bertara, baina merezi du, goitik bistak izugarriak direlako. Nafarroan dagoen bi milako eskasetako bat da. Bere ingurua leizez beterik dago. Erraza da espeleologoek markatutako eta esploratutako leize ezberdinak ikustea. Horietako bat, gailurrean bertan. Ibilbidetik gertu, munduko haitzulorik sakonenetako baten ahoa aurkitzen da, Ilaminako Ateak (BU-56 leizea), gertu dagoen San Martin leizea baino sakonagoa, 14.500 metroko garapenarekin eta -1.408 metroko desnibelarekin.
Osatuko dugun ibilbidea landaretza eta itxura ezberdineko eremuetatik igarotzen da. Horien artean, Larreria leporaino igotzen den pagadi hostotsua dago. Ingurua oso ederra da, eta perretxiko garaian, asko izango dira bidean aurkituko ditugunak. Bide horretan, Antxomarro haitzuloa aurkituko dugu. Ez da oso haitzulo luzea (15 bat metroko garapena du) baina barruan iturria dago. Linterna eramaten badugu, bertara sartu ahal izango gara, eta barruko urarekin hornitu. Garrantzitsua da hori jakitea, normalean, ingurune karstiko batean ez baita iturririk izaten.
Igoeraren zati handi bat Ukerdiko haranaren barrutik egiten da. Haran hau oso polita da, eta belardiek, baso magikoek, pinu beltzek, eremu karstikoak eta abarrek natura eremu basati bat osatzen dute. Arrunta izaten da sarrioak lauhazka ikustea Ukerdiko hegal harritsuetan, grabitatearen lege guztiei etengabe aurre eginez. Negua iritsi baino lehen, azken belar izpiak aprobetxatzen dituzte beraien erreserbak handitzeko, eta nahiko ohikoa izaten da sarrioak bidean ikustea.
Ukerdiko Erreserba Integrala
Erreserba Larrako mendigunearen barruan kokatuta dago, Izabako lur eremuan. Izena eremu barruko Ukerdi gailurragatik hartzen du. Lurralde babestua da, eta 300 hektarea inguruko azalera du. Erreserba honen helburua da hobekien kontserbatutako Larrako eremuaren lagin adierazgarri bat ahalik eta ondoen gordetzea. Topografia oso gorabeheratsua du, kareharri oso karstifikatu baten gainean baitago. Dolina eta goragune ugariz osatuta dago. Bertan, leize, lapiaza eta haran itxi ugari tartekatzen dira, azaleko ur-korronterik gabe.
Sakonune batzuk izeidi-pagadiz estalita daude; beste batzuk, berriz, azaleko larrez beteta. Basoa, oso argia, pinu beltzez osatua dago, eta erreserbaren zati handi bat azalera biluzia eskaintzen duen harkaitzak estaltzen du. Paisaia berezi honetan, pinu beltzen eskeletoak nabarmentzen dira, tximistaz edo beste kausa natural batzuez hilik, urte luzez zutik egoten direnak, harkaitzen arrailduretan ainguratuta. Ingurunea animalia-espezie adierazgarrien bizilekua da.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Belaguako mendatera igotzen hasi baino lehen, errepideko bihurgune handiaren alboan aparkaleku bat dago, eta bertan hasten da ibilbidea. Belaguako Txoko izeneko bidetik abiatuko gara. Pista zabalari esker, bidearen lehen zatia oso erosoa da. Intza izeneko bordara iristean, bidea utzi eta ibaiaren ibilguan sartuko gara. Aurreraxeago, ubidetik irtenda, Larreria Zemeto bezala markatutako bidea hartuko dugu. Lapazarra mendiaren hegoaldeko isurialdearen gainetik doan bidezidorra da. Antxomarro kobazuloaren albotik igaroko gara. Pagadian zehar jarraituko dugu, Larreria lepora iritsi arte.
Larrako paisaia kaotikoan sartuko gara, eta ekialdera egingo dugu. Inguru hauetan dago Ilaminako Ateak leizea. Hasieran ubide belartsu batetik, gero zuhaitzik gabeko eremu karstiko batetik. Hau da igoera osoaren zatirik deserosoena. Ukerdiko saroiaren erdialdera iristean, Insole edo Anayeko gailurrerantz doan bidea utzi, eta eskuinera, hegoaldera, desbideratuko gara, Foya del Portillo de Larra izeneko parajera iristeko. Han, ezkerrerantz igotzen jarraituko dugu, ekialdera, Ukerdiko lepora doan haranean gora. Lepoan ezkerrera biratu, eta, gandorrari jarraituz, Ukerdiko punta zorrotzera iritsiko gara.
Itzulera GR11tik egingo dugu, eta Zurizara jaitsiko gara. Zertxobait luzeagoa da, baina merezi du, ibilera erosoagoa duelako. Belardiak dira nagusi, eta eremu harritsuak urriagoak dira.
UKERDI (2.252 metro) DATU INTERESGARRIAK Kokapena: Nafarroa Eguna: Urriak 7an eta 8an Luzera: 14 kilometro Desnibela: 800 metro inguru gorantz, eta 500 metro inguru beherantz Denbora: 6 ordu Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta Oharra: Ura gainean eraman behar da, ibilbide osoan ez baitago urik |