GR-20ko hirugarren etapa, Iribastik Amezketara, Malloak aurrez aurre ditugula

Malloak aurrez aurre ditugula egingo dugu ibilbidearen zati handi bat.

23 kilometroko ibilbidea osatuko dugu irailaren 24an, Aralarko Itzuliaren hirugarren etapa egiteko. Bidean ezagutuko ditugu Malloak mendilerroaren zerra-hortz ikusgarria, Beteluko urak edota Apeztegi-zaharra jauregia.

GR-20 zeharkaldiari jarraipena emango diogu hilabete honetako irteeran, eta oraingoan, Aralarko Itzuliaren hirugarren etapa osatuko dugu, irailaren 24an. Iribasen hasi eta Amezketan bukatuta, 23 kilometroko ibilbidea izango da. 

Iribastik Azkarateraino, Ma­llo­ak mendilerroaren iparralde­ko aldea izango dugu uneoro au­rrean. Hogei tontor baino ge­hi­ago dira, eta zerra-hortza baten moduko profila du, ikusgarria. Gailurrik altuena Irumugarrieta da. Malloak gailurren az­pitik, Araxes ibaia igarotzen da. Ibai hori oraindik ere nabarmentzen da be­re natura basatiagatik eta ingurune naturalagatik. Bitxikeria gisa, esan 1850ean oraindik izokinak harrapatzen zirela bertan.

Betelurainoko azken jaitsieran, adarbakar mitologikoa aipatu behar da. Kondairak dioenez, artadi horretan adarbakar bat bizi omen zen: «Antso erregea tristuraz gaixorik zegoelarik, erreinuko medikuek erremediorik aurkitzen ez zutenez, ermitau bati galdetu zioten, eta hark ziurtatu zuen gaitz hura adarbakar baten adarrean edanez sendatzen zela. Halaber, Beteluko artadian bat bizi zela adierazi zuen, baina oso arriskutsua zela ehizatzen saiatzea, arima garbiko pertsonen eta inoiz maitasun-atsekaberik izan ez zuten dontzeilen aurrean bakarrik amore ematen baitzuen. Don Antsoren alabetako batek, Giomarrek, bere maitearen galera eta heriotzagatik oraindik sufritzen ari zen arren, basora joatea erabaki zuen adarbakarraren bila, eta honek, hura ikustean, bere adar bakarrarekin adarkatu zuen, erregearen baleztariak, sastraka artean jarrita, geziekin adarbakarra hiltzen zuten bitartean. Erregeak edabea adarrean edan eta sendatu egin zen, baina Giomarren heriotzak eragindako oinazeak bihotza hautsi zion...».

Beteluko urak ezagunak dira. Hauek dira iturri ezagunenak: 'Dama Iturri' (22 ºC), 'Iturrisantu' (25 ºC) eta 'Urberoa' (20 ºC). 'Dama Iturri'ko urak, ur akrototermalak edo oligometalikoak dira (mineralizazio osoa litroko gatz gramo bat baino gehiago ez duten ur mineralak). Garai batean giltzurruneko gaixotasunetarako eta obesitatearen aurka egiteko hartzen ziren. 'Iturrisantu'ko urak, ur sufurosodikoak dira. Ur sulfurosodikoak ur sulfuratuak dira, eta, gainera, sodikoak. Ur sulfuratua hidrogeno sulfuroa (H2S) disoluzioan duena da, 1 mg/l-tik gorako kontzentrazioetan. Hidrogeno sulfuroak arrautza ustelen usaina ematen dio urari. Ur sodikoek kaltzio eta magnesio gutxi dute, baina silize asko. Tenperatura al­tuagoa izaten dute, bikarbonatatuak dira eta mineralizazio baxua dute. Beraien jatorria lur sakonean izaten da. Betelukoak, lainoztatzeetan eta inhalazioetan, laringeko eta bronkioetako afekzioetarako hartzen ziren.

Apeztegi-zaharra, XIII. mendeko jauregia, topatuko dugu Betelutik irtetean.
 

Betelutik irtetean, Apeztegi-zaharra jauregi edo dorretxe­a­ren albotik igaroko gara. Benetan jauregi eder eta ikusgarria da. Merezi du tartetxo bat hartzea eta ongi aztertzea. XIII. men­dekoa da, eta hiru solairu ditu. Lehenengoan, sarrera modura, erdi-puntuko arku bat du. Goiko bi solairuek fatxada luzituta dute, eta egurrezko egitura agerian daukate.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

Iribastik mendebalderantz irten, eta pista bati jarraituz, soroen artean, Baraibarrera hurbilduko gara. Herria zeharkatu eta, pista batetik, oraingoan ere soroen artean, Albiasura hurbilduko gara. Lehen zati honetan bideak igoera eta jaitsiera txikiak ditu, baina ez du desnibel handirik.

Albiasutik bideak garbi egiten du behera. Araxes ibaiaren bailaran sartu eta, baso artean, Allotua baserrira hurbilduko gara. Tarte honetan ia 300 metroko desnibela jaisten da. Basotik irtetean, hasieran pista asfaltatu bati jarraituz eta ondoren pista arrunt batetik, San Donato baselizara igoko gara. Bertatik Beteluraino, dena baso arteko jaitsiera da.

Betelutik irten eta, mendebalderantz eginez, Inzalde mendiaren gandorrera igo behar gara. Gandorrari jarraituz Uztegira iritsiko gara, eta igoera tarte txiki bat egin ondoren, Azkaratera. Betelutik Azkaraterako bidean, baso tarte laburrak eta soro tarteak tartekatzen dira.

Zoragarriak dira ikuspegiak, ibilbide osoan zehar.
 

Azkaratetik irten eta ibilbi­de­ko igoera gogorrena dugu aurrean. 300 metroko desnibela igo behar da tarte txiki batean, eta Balerdi eta Urdilleko Haitzak gailurren artean dagoen lepora igo. Lepo horretan dago Urdilleko trikuharria.

Lepotik, tarte luze batean al­­tuera galdu edo irabazi gabe, Otas­karreko lepora hurbildu be­har da. Bertatik antzematen da Amezketa herria, ibilbidearen amaiera dena. Ia 500 metroko desnibela duen jaitsiera dugu aurrean. Behera eginez, Done Marti baseliza albotik igaro ondoren, berehala gara Amezketan.

 

GR-20 ZEHARKALDIAREN 3. etapa: IRIBAS-AMEZKETA

DATU INTERESGARRIAK

Kokapena: Nafarroa eta Gipuzkoa

Eguna: Irailak 24

Luzera: 23 kilometro

Desnibela: 1.300 metro inguru gorantz, eta 1.000 metro inguru beherantz

Denbora: 7-8 ordu

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa; ibilbide luzea

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!